Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiaren buru izan da gaur Imanol Pradales lehendakaria. Bilbon kokatutako Euskalduna jauregian egin den ekitaldian ekintzailetzak eta bolondres lanak euskararen biziberritzean izan duen ekarpena aitortu nahi izan da. Ehuntze komunitate horretan oinarrituta, lehendakariak euskararen etorkizuneko bidea “elkarrekin” egitea aldarrikatu du: “zubiak behar ditu euskarak, komunitate sendo eta kohesionatu bat”.
Ekitaldian, lehendakariarekin batera, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxea ere izan da. Hauez gain, Jaurlaritzako sailburu guztiak, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietako mahaiburuak, Ana Otadui eta Irma Basterra, hurrenez hurren; Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Elisabete Etxanobe eta Eider Mendoza; Bilboko alkate Juan Mari Aburto, EUDELeko buru Esther Apraiz, Euskaltzaindiako buru Andrés Urrutia eta euskalgintzako eta euskal gizarteko ordezkariekin batera.
Etorkizuneko erronkak
“Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, nire aitortza eta eskerrik beroena helarazi nahi dizuet, banaka zein taldean, euskararen alde konprometitu zareten guztioi. Egunez egun, gure hizkuntza ehundu duzuenoi”, adierazi du Imanol Pradales lehendakariak. “Euskarak guztion mugimendua behar du, guztiona delako euskara, hemen bizi eta lan egiten dugun guztiona, baita etorriko diren guztiona ere. Guztiok behar gaitu: Euskaldunak, euskaldun izango direnak, eta baita ez direnak ere”, gehitu du.
Errealitatea zein den jakinda, Pradales lehendakariak euskararen arloan “jauzi kualitatiboa” eman behar dela aipatu du eta euskararen erabilera areagotzean jarri du azpimarra lehendakariak: erabilera asialdian, erabilera lan munduan, euskara eremu digitalera eraman eta euskararengandik urrun daudenak erakarri. Euskarak guztion mugimendua behar du, guztiona delako euskara.
Ezagutza sustatzearen erronkaren inguruan Ibone Bengoetxea lehendakariordeak esan duenez, “orain 15 urte, ez da horrenbesteko ikasle izan gure euskaltegietan”. 34.000 ikaslek baino gehiago daude gaur egun euskaltegietan eta doakotasunerako politikek fruituak ematen ari direla aipatu du, esaterako: aurreikuspena da ikasturte honetan A1 mailan ikasleen %30eko igoera izatea; aldi brean, C1 mailan, ikasle kopurua bikoiztu egin da, amaitu berri den ikasturtean.
Ekitaldiaren garapena
Aipatu den bezala, ekitaldiaren helburua lan boluntarioak euskararen biziberritzean izan duen garrantzia indarrean jartzea izan da. Norbanakoaren eta kolektiboaren lan boluntarioa, biak kontuan hartu dituen abiapuntu kreatibo batetik abiatu da. Euskararen alde lan egiten dutenek bezala, kaleidoskopioan ere halaxe gertatzen da, pieza bakoitzak ondokoak eragiten ditu. Ideia hau lelo batean laburbildu nahi izan da: “Bat, bi… ehun. Euskararen geroa ehunduz”. Era honetan, ehun hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastu da, zenbakia alde batetik eta euskararen geroa “ehuntzeko” ideia bestetik.
Eneko Sagardoy aktoreak gidatu du ekitaldia eta bideo eta abestien bidez, euskararen sustapenean norbanakoek egindako ekarpen txikitik gizataldeek duten eragina erakutsi da bai abesti zein bideoetan. 200 bat lagun batu dituen ekitaldia Ibone Bengoetxeak ireki du eta Imanol Pradales lehendakariak itxi du.
2024 Euskararen Nazioarteko Eguneko Manifestua
Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, EUDEL eta UEMA bat etorri dira aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguneko manifestuarekin. Manifestu honetan zera azpimarratzen da: “Euskararen ehuntze ariketa guztion ardura da. Erakunde publikoona eta gizarte eragileona. Ekina ezinbestekoa da. Euskarak mugimendua behar du, bere-berea duen bizia mantendu eta geroz eta biziagoa izateko; euskararen distirak aniztasunetik guztiok zipriztindu gaitzan. Euskara guztiona da. Hemen gauden eta etorriko diren guztiona. Irabaz dezagun elkarrekin euskararen bidea.”