Entrega-ekitaldia abenduaren 9an egingo da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan
Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2024 saria eman dio Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWA), “nazioarteko zuzenbide humanitarioaren defentsaren aldeko borroka nekaezinagatik”. Sari honekin, epaimahaiak aitortu eta balioa eman nahi dio milioika iheslari palestinarren giza eskubideen babesean eta sustapenean izan duen funtsezko konpromisoari.
2003an sortu zen saria, giza eskubideen aldeko jarduketa nabarmenak publikoki aitortzeko asmoz, eta epaimahaiak, aurten, saria UNRWA agentziari ematea —UNRWA Euskadi Batzorde Autonomikoaren bidez— erabaki du. Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du erakunde hori izatea saritua, «milioika iheslari palestinar babesteko egiten duen ahaleginagatik, eta hezkuntza, osasun-arreta eta laguntza humanitarioa bezalako funtsezko zerbitzuak bermatzeko egiten duen lanagatik».
Hautagaitzan bertan jasotzen denez, «UNRWAk laguntza humanitarioa, segurtasun-itxaropena, oparotasuna eta duintasuna ematen die Palestinako 5,9 milioi iheslariri, estremismoa eguneroko bizitzaren zigilua den eskualde batean»; gainera, gaur egun «aurrekaririk gabeko» egoera bati aurre egiten ari zaio.
Epaimahaiaren iritziz, «eskolak, ospitaleak eta babeslekuak hornitzen egindako lanari esker, milioika iheslari palestinarrek euren duintasuna gorde dute, garapenerako aukerak izan dituzte eta oinarrizko eskubideak defendatu dituzte, batez ere hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea»; era berean, krisi eta hondamendietan larrialdiko laguntza emateko agentziaren gaitasuna «funtsezkoa izan da bizitzak salbatzeko eta gehien behar dutenen sufrimendua arintzeko». Gainera, «gogor lan egin du iheslari palestinarren eskubide zibilak eta giza duintasuna babesten, haien ongizatea sustatuz».
Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du agentziaren hautagaitzak sariaren deialdian eskatutako lau irizpideak bateratzen dituela: Giza Eskubideen esparruan denbora luzez inplikatuta egotea; Giza Eskubideen balioen garapenaren alde burututako jarduketak garrantzia izatea; jarduketa horrek euskal gizartean zein nazioartean eragina eta oihartzuna izatea; eta emakumeen eskubideen aldeko ibilbidean eragina izatea. Horregatik guztiagatik, eta «jasotako abalen zeharkakotasun handiagatik», René Cassin 2024 Saria UNWRAri ematea erabaki da.
Saria emateko ekitaldia abenduaren 9an egingo da, Bilboko Yimby Ercilla aretoan. Imanol Pradales lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua bertan izango da.
René Cassin
Sari honek René Cassini zor dio izena, 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen dena. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egin zuen lan nekaezinagatik. Sari hau jaso duten pertsona eta erakundeen artean daude, besteak beste, “Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo” elkartea, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez eta ICDP Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea, iaz egin zen azken edizioan saritua.
Epaimahaia bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonek osatzen dute. Honako hauek dira: Alfredo Retortillo Paniagua (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea), Silvia Escobar Moreno (Giza Eskubideetarako Misio Bereziko Espainiako enbaxadorea), Jon Mirena Landa (UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria), María Oianguren Idígoras (Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendaria), Juan José Álvarez Rubio (UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna), Miren Elgarresta (Emakunderen zuzendaria), Mikel Mancisidor (NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea), Manuela Mesa (CEIPAZ Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroko zuzendaria), Carlos Martín Beristain (Giza Eskubideetan aditua, René Cassin Saria, 2020ko edizioa) eta Jagoba Álvarez Ereño (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria).