2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko

0
PRUEBA

Euskadik bat egingo du ostegun honetan, abenduak 5, Nazio Batuen Erakundeak mundu osoan bultzatzen duen Lurzoruaren Munduko Egunaren ospakizunarekin, eta horretarako erabili gabe dauden zenbait kokaguneren berreskurapenean lan egiten ari da, jarduera ekonomikoko proiektu berriak bertan ezartzeko.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordetza, Sprilur –Eusko Jaurlaritzako Lurzoru Industriala Kudeatzeko Sozietate Publikoa– eta Ihobe –Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa– biltzen dituen lankidetza ahalbidetzen ari da zenbait lurzati merkatura itzultzeko lanen garapena, lurzati horiek berreskuratu eta gero, pertsonen eta ingurumenaren osasuna bermatuta.

Gaur egun, lankidetza hori ahalbidetzen ari da jarduerak gauzatzea Lutxana eta Burtzeña auzoetan (Barakaldo), Fundifes enpresaren antzinako instalazioetan (Durango) eta Sakoni-Plaiabarriko (Erandio) eremu industrial degradatuan.

Barakaldoko Lutxana eta Burtzeña auzoetako jarduerak 30 hektarea inguruko azalera hartzen du. Jarduera-eremuaren barruan, lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak eta instalazioak hartu dituzten 11 lurzati kokatzen dira; bertan, gainera, hondakinak erabili dira azaleraren betegarri moduan.

Antzinako eraikin industrial gehienak eraitsi ondoren, bi lurzati berreskuratzeko lanak erritmo onean doaz aurrera: zehazki, Iraganean Zentral Termikoak eta Astilleros Reunidos del Nervión enpresak okupatu zituzten lurzatiak. Horrekin batera, kutsadura gelditzeko saiakuntza pilotuak egiten ari dira bertako lurzati handienean, hots, Maser enpresak antzina okupatzen zuen lurzatian, berau saneamendu-proiektuan sartuta baitago.

Bigarren jarduera Durangoko Fundifes enpresaren antzinako instalazioetan garatzen ari da; bertan, hirurogei urtez baino gehiagoz, metalak galdatzeko eta galdatutako burdinazko piezak fabrikatzeko lanak egin dira. Kokagune horretako aurrien egoera ikertu, bertan geratzen ziren hondakinak kudeatu eta eraikinak garbitu eta eraitsi ondoren, azaleran 12.456 metro karratu dituen lurzati hori eraikinik gabe dago orain, eta bere berrerabilpenaren zain dago. Kokagunea ikertu ondoren, tramitazio-fasean dagoen berreskurapen-plan bat erredaktatu da.

Testuinguru horretan, eta lurzoru kutsatuak erremediatzeko teknologia berrien aplikazioa sustatzeko xedez, Ihobe eta Sprilur erakunde publikoek teknologia berritzailea erosteko prozesu publiko bat hasi zuten, GARBILAND erronka izenekoa. GARBILAND erronkaren helburua da lurzoru kutsatuak erremediatzeko teknika bat edo tekniken konbinazio bat bilatzea, hots, merkatura epe laburrera transferitu daitekeen teknika bat edo tekniken konbinazio bat. Proposatutako teknologia edo teknologiek irtenbide lehiakorra eta jasangarria eman behar diote oraingo kutsadurari, bai lurzoruaren eremu saturatuari eta bai saturatu gabeko eremuari, eta, ahal izanez gero, lurpeko urari ere bai. Lanak gauzatzeko adjudikazioa lortu duen enpresa AFESA Medio Ambiente izan da; berau ingurumen-ingeniaritzaren arloan erreferentziazkoa den euskal konpainia bat da, espezializazio maila handia duena eta ibilbide luzea egin duena lurzoruen deskontaminazioan, instalazio industrial handien eraispenean eta hondakinen kudeaketa aurreratuan.

Proposatutako teknologiak bioerremediazio-prozesu bat planteatzen du, biopila dinamikoak eta onddoen laborantzatik datorren substratua konbinatzen dituena bioerremediazio-prozesuekin bateragarriak diren substantzia oxidatzaileen aplikazioarekin. Bere abiapuntua da lurzatian eskala erdi-industrialean egindako proba pilotu bat, eta espero da horrek emaitza neurgarri eta errealak ematea lurzati osora eskalatu daitezkeen operatze-baldintzetan, eta, gainera, Euskadin dauden antzeko kasuetan ere aplikagarria izatea.

Hirugarren jarduerak 20 hektarea hartzen ditu Erandioko Sakoni-Plaiabarri eremuan; hektarea horietatik, 13 inbentariatuta daude, lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak jasan dituztelako. Eremu horretan, kutsagarri mota ugari detektatu dituzten 12 espediente daude irekita. Gaur egun, ingurumen-fokua Asua ibaiaren eskuineko ertzean kokatutako eremuaren ikerketa eta berreskurapenera dago zuzenduta; bertan, Sprilurrek eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) konpainiak zenbait jarduera dituzte planifikatuta euren jarduerak garatzeko.

Sprilurrek azpiegitura industrialen biziberritzea eta berroneratzea lehenesten ditu

Berrindustrializazioara eta enpresa- eta industria-ekosistemaren hobekuntzara zuzendutako politikak sostengatuz, Sprilur Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategian oinarritzen da, lurzoru kutsatuen eraldaketa eta berreskurapen jasangarriari heltzeko helburuarekin, bai lurzoru horien balioa nabarmentzeko eta bai erabilera berriak emateko, jarduera ekonomikora zuzendutako lurzoru berrien artifizializazioa saihesteko xedez.

Gaur egun, sozietate publiko horrek 23 biziberritze- eta/edo berroneratze-proiektu ditu abiatuta, gure lurraldeko jarduera industrial historikoagatik degradatutako lurzoruen erremediazioari heltzeko. Sprilurren deskontaminazio- eta erremediazio-lanaren xede diren proiektu horiek 2.841.383 metro karratuko azalera hartzen dute barne gaur egun. Beste alde batetik, azken bi urteetan, lurzoruaren kalitatearen beharrezko deklarazioa lortu duen lurzoru-azalera 698.569 metro karratura iristen da.

Aipatutako jarduerez gain, Sprilur beste proiektu batzuei heltzen ari zaie Bizkaian, hala nola antzinako Muebles Vizcaya enpresaren birgaitzeari, Gueñesko etorkizuneko Bioekonomia Polorako, eta baita Sestaon Osasun Poloaren eraikin berria eraikitzeari ere. Bi proiektu traktore horiek Ezkerraldeko Eskualde-plan Estrategikoetan –EPE- daude integratuta, eta lurzoru lehengoratuetan daude kokatuta, Lehentasunezko Jarduera Eremuak bizkortzeko ekimen gisa. Halaber, Santurtziko antzinako Etxe-Uli zabortegirako aurreikusitako berreskurapena 2025ean hasiko diren proiektuetako bat izango da, eta lan mardulak eskatuko ditu deskontaminazio eta jarduera hidraulikoen aldetik.

Gipuzkoan kokatutako erremediazio-proiektu nagusiei dagokienez, azpimarratzekoa da Legazpiko antzinako Sidenor enpresaren eremuaren berreskurapena (100.000 m²); proiektu garrantzitsu bat da, non ondare industrialaren ikurra diren eraikin batzuk errespetatuz eta lehengoratuz jardun baita, neurri jasangarriak aplikatuz, hondakinak beste kokagune batzuetarako berrerabiliz, ingurunea berrurbanizatuz eta haren balioesteari helduz. Zumarraga eta Urretxun -Sprilurrek kudeatzen dituen eremu handienetako batzuk-, Arcelor Mittalenen antzinako instalazioetan ia 100.000 metro karraturen erremediazioa eta berrurbanizazioa egiten ari da. Pasaian, berriz, Sprilur aurrera egiten ari da La Herrerako eraikinaren berreskurapen eta eraikuntzan; berau Pasaialdeko Eskualde-plan Estrategikoan ere dago sartuta, eta bertan aurreikusita dago Adinberri proiektuaren ekimenak hartzea.

Azkenik, Zumaian, Sprilurrek Xey enpresaren antzinako instalazioen erremediazio eta berrurbanizazioari ekin die. Azken lau urteetako zifren bolumen horrek iragartzen du beharrezkoa dela eragile publiko sektorialekin dagoen lankidetza bateratua indartzen jarraitzea, ingurumenaren arloko esku-hartzea ekonomiaren arlokoarekin erronka nagusien aurrean uztartzeko, alegia, enpresa-ehun lehiakorra, ekosistema jasangarria eta gizarte-kohesioa sortzea.  Hala, aipatzekoa da garapen industrial jasangarria bateragarria dela natura-ingurunearekin.

Lurzorua, Euskadin urria eta baliotsua den baliabide bat

“Lurzoruak zaindu. Neurtu, monitorizatu, kudeatu” lemapean, abenduaren 5ean -osteguna- Euskadik bat egiten du Lurzoruaren Munduko Egunaren ospakizunarekin. Gure lurzoruek kontsumitzen ditugun elikagaien % 95 ematen digute, ekosistemen orekaren funtsezko atala dira, eta berotegi-efektuko gasak finkatzen dituzte, bizitzarako ezinbestekoak diren beste funtzio batzuen artean.

Hala eta guztiz ere, haren babesa aski ez izateak badu bere prezioa: egindako kalkuluen arabera, lurzoruaren degradazioak 38.000 milioi euroko galera sortzen du urtean zerbitzu ekosistemikoetarako, Europar Batasunean soilik; gainera, higadurak 1.250 milioi euroko kostua sortzen die urtean europar nekazariei.

Euskadi Europako eskualde aurrendari gisa kokatu da alor horretan, lurzoruaren babesari buruzko ikuspegi integral bat lehenetsiz; izan ere, ikuspegi horrek Euskadikoaren moduko eskualde industrializatuetan kutsadurara soilik zuzendu den ikuspegi tradizionala gainditzen du.  Paradigma aldaketa horren gidaria 2022an onartutako Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia da. Izan ere, estrategia horrek ezartzen du norantz egin beharko luketen aurrera lurzoruaren kalitatean eragina izan dezaketen ekimena garatzen dituzten eragile guztiek. Helburua hauxe da: 2050ean, lurraldeko lurzoru guztiak modu jasangarrian kudeatu daitezela, haien degradazioa saihestuz eta –era horretan- haien osasuna eta epe luzerako funtzioak bermatuz, etorkizuneko belaunaldiek haien erabileraz gozatzen jarraitu ahal izan dezaten.

Horretarako, estrategiak lehentasunezko bost helburu definitzen ditu: lurzoruaren kontsumoaren murrizketa; beraren okupazioaren kudeaketa; inpaktu kaltegarrien aurreko babesa; degradatutako lurzoruak lehengoratzea, haien berezko funtzioak berreskuratzeko xedez, kokagunea kontuan hartuta; eta lurzorua babestea kudeaketa eta erabilera jasangarriaren bidez, horretarako espezifikoki prestatutako profesionalen eta sentsibilizatutako herritarren bitartez.