Aldundiak, udal batzuekin elkarlanean, bakardadearen prebentziorako eta kudeaketa komunitariorako planak egingo ditu

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak planak prestatuko ditu, nahi ez den bakardadearen prebentziorako eta kudeaketa komunitarioa babesteko. Plan horiek hitzarmenen bidez garatzen hasiko dira, hain zuzen ere, hirugarren sektore sozialeko bi erakunderekin (Agitzari eta SSI) hitzarmen bana egingo da, lurralde historikoko bost herritan plangintzari ekin ahal izateko.

Teresa Laespada diputatu nagusiordeak eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatuak bost plan horiek eta Bizkaisare estrategiaren barruko beste foru-ekimen batzuk aurkeztu ditu gaurko prentsaurrekoan.

Ildo horretan, Laespadak adierazi duenez, bost herritan lanean hasteaz gain, metodologia bat prestatzeko lanean ari dira, nahi ez den bakardadearen aurkako eta kudeaketa komunitarioaren aldeko udal eta eskualde mailako planetan aplikatzeko

Era berean, diputatuak aurreratu du dirulaguntzen dekretu bat, milioi bat euro ingurukoa, izapidetzen ari dela, 2025ean arlo horretako jarduerak garatzen dituzten erakundeen ekimenei laguntzeko.

Diputatuak azaldu du zer den berarentzat kudeaketa komunitarioa: gizarte kohesioari lotutako errealitatea, hau da, nola erlazionatzen garen eta Bizkaian zer bizimodu nahi dugun.

Laespadak gogorarazi du bere sailak legegintzaldi honetan eskumen zabalagoak dituela arlo horretan, eta Bizkaisare estrategia erabiltzen duela.

Diputatuaren esanetan, helburua da herritarrek ulertzea gaia ez dela bakarrik adinekoen bakardadea. Gaia bakardadea bera baino zerbait zabalagoa da. Bizkaisarek sareak josi eta komunitatea eta pertsonen arteko harremanak sendotu nahi ditu. Nahi ez den bakardadeari aurre egin ahal zaio komunitatetik , jakina, baita desberdintasun eta bazterkeria sozialak, familia- edo gizarte-laguntzarik ezak eta abarrek eragindako gizarte-porrotei ere. Ikuspegi komunitarioa integrala izateko sortu da.

Nahi ez den bakardadeari buruzko datuak Euskadin

Diputatuak azaldu duenez, Euskadi 2024 Nahi ez den Bakardadearen Barometroaren arabera (ONCE Fundazioak eta AXA Fundazioak egina), EAEko biztanleriaren % 14,5en ustez, nahi ez den bakardade-egoeran dago, eta % 12,1, berriz, bakardade kronikoan.

Aipatutako azterlanaren arabera, Euskadin nahi gabeko bakardade-egoeran daudenen profila hau da:

> Emakume gehiago, gizonak baino.

> Gazte gehiago, adinekoak baino.

> Gazteek zailtasun handiagoak dituzte bakardade-sentimendu hori komunikatzeko, eta zailtasun handiagoak sentimendu horretatik irteteko.

> Gehiago bitarteko digitalen bidez komunikatzen direnen artean.

> Gehiago hezkuntza-maila baxuagoa dutenen artean.

> Gehiago lanik ez duten pertsonen artean. Gehiago zailtasun ekonomikoak dituztenen artean

> Gehiago udalerri handietan eta bakarrik bizi direnen artean.

> Gehiago osasun txarra dutenen artean.

> Gehiago desgaitasunen bat dutenen artean.

Bizkaisare estrategiaren aurretiko urratsak

Diputatuak Bizkaisare estrategiaren barruan orain arte egin diren urratsak azpimarratu ditu, esaterako, Bilbon, uda baino lehen, «Bizkaia kohesionatu baterantz: begirada bat bakardadeari» kongresua egin zen, eta bertan, Matilde Fernández Soledad No Deseada (SoledadES) Estatuko Behatokiko presidenteak parte hartu zuen. Gainera, Bizkaisare Sarea dagoeneko abian da, eta, bertan, arlo horretan ezagutza tekniko eta praktiko handia duten erakundeekin lan egiten da.

Lehenengo bost toki-planak egiteko hitzarmenari dagokionez, azaldu du Agintzari eta Home Care Lab (Servicios Sociales Integrados – SSI) erakundeekin egindako hitzarmen bati esker garatuko direla.

Diputatuaren hitzetan, udal eta eskualde mailan tresnak sortu nahi ditugu bilatu gabeko bakardadearen aurka borrokatzeko eta komunitate-garapen hobearen alde. Hitzarmenaren bidez, kohesiorako eta bakardadearen prebentziorako planak garatu nahi dira hainbat udalerritan. Plan horiez gain, metodologia bat lantzeko asmoa dago, Bizkaisare herriz herri metodologiaren bidez etorkizunean udal eta eskualdeko planak egiteko gida izan dadin.

Bilatu gabeko bakardadearen aurkako ekimenetarako dirulaguntza

Laster dekretu bat onartuko da, zeinaren bidez milioi bat euro inguru bideratuko baita 2025ean ekintza komunitarioaren eta bilatu gabeko bakardadearen arloko ekimenak diruz laguntzeko.

Amaitzeko, diputatuak adierazi du dirulaguntza horiek gizarte-erakunde guztiek jaso ahal izango dituztela, toki eta eskualde mailan Bizkaiko gizarte-kohesio handiagoa lortzeko proiektuak aurkezten badituzte, zeharkako ekintza espezifikoak eta berritzaileekin.