Amaia Barredo: “Orain NPBren lehenengo zatiaren ordainketa hasiko da, jasangarritasunerako errentarako laguntzen, birbanaketa-laguntzen eta esne-behietarako laguntzen kontzeptu gisa, 20,92 milioi eurorekin”

0
PRUEBA
  • Gainerakoa, beste 22 milioi euro, 2025eko lehenengo hilabeteetan ordainduko dira
  • Jasangarritasunerako Errentarako Oinarrizko Laguntza (ABRS) 14,7 milioi euro; birbanaketa-laguntzak 3,3 milioi euro: esne-behietarako laguntzak 2,8 milioi

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi du datozen egunotan hasiko dela NPBko zuzeneko hiru laguntzen lehenengo zatiaren ordainketa, Jasangarritasunerako Errentarako Oinarrizko Laguntzarena (ABRS) 14,7 milioi eurorekin, birbanaketa-laguntzena 3,3 milioi eurorekin eta esne-behietarako laguntzena 2,8 milioirekin; guztira 20,92 milioi euro dira. Gainerakoa, beste 22 milioi euro, 2025eko lehenengo hilabeteetan ordainduko dira.

Laguntzak hiru foru-aldundien bidez ordaintzen dira. Araban 11.752.535 euro ordaindu behar dira guztira, Gipuzkoan 5.071.054,04 eta Bizkaian 8.599.388.9 euro.

Jasangarritasunerako Errentarako Oinarrizko Laguntza (ABRS) nekazarientzako errentari laguntzeko (esku hartzeko) sistema berria da, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan, 2023-2027 aldirako”, zehaztu du Amaia Barredok.  “Ekoizpenarekin loturarik ez duen laguntza da, eta NPBren Plan Estrategikoaren 1. helburu espezifikoan kokatzen da: nekazaritza-errenta bideragarria eta nekazaritza-sektorearen erresilientzia bultzatzea Batasuneko lurralde osoan, epe luzerako elikagaien segurtasuna eta nekazaritza-aniztasuna hobetzeko, bai eta nekazaritza-ekoizpenaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko ere”.

Euskal Autonomia Erkidegoan onuradunak 6.064 nekazari eta abeltzain dira –1.356 Araban, 2.575 Gipuzkoan eta 2.133 Bizkaian–, eta horiek guztira 14.737,569,87 euro jasoko dituzte.

2023-2027 NPB (PAC) nekazaritza-sektore lehiakorra eta dibertsifikatua sustatzera bideratuta dago, elikagai osasungarri eta seguruen ekoizpena bermatuko duena, ingurumenaren babesa indartzera, biodibertsitatea eta klimaren aldeko ekintza barne, eta landa-eremuetako sare sozioekonomikoa indartzera.

Birbanaketa-laguntza oinarrizko laguntzaren ordainketa osagarria da, ustiategi bakoitzeko lehenengo hektareei ematen zaiena. Laguntza hori eskuratzeko, nekazariek errentarako oinarrizko laguntza-eskubideak izan behar dituzte”, zehaztu du Barredok. Jaso beharreko zenbatekoak ez du zerikusirik eskubideen kopuruarekin edo horien balioarekin; izan ere, ustiategian diruz lagundu daitezkeen lehenengo hektareen arabera jasotzen da, eta dagozkion zenbateko unitarioen eta azalera-tartearen arabera.

Euskadin banatuko diren birbanaketa-laguntzetako 3.332.189,18 euroak 1.355 arabarrentzat, 2.574 gipuzkoarrentzat eta 2.130 bizkaitarrentzat izango dira.  Guztiak batuta 6.064 eskatzaile dira.

Sailburuak azaldu duenez, “esne-behien ustiategiei lotutako abeltzaintzarako laguntzak ustiategien bideragarritasun ekonomikoa bermatzen du, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren bidez, eta, horrela, murriztu egiten da ekoizpen-jarduera bat uzteko arriskua, ingurumenaren ikuspegitik ere zeregin garrantzitsua baitu. 2024ko kanpainarako, aurrerakinaren ordainketa irits daiteke ordainketa osoaren % 70era”.

Esne-behietarako NPBk gaitutako 2.853.318,94 euroak 232 abeltzainen artean banatuko dira:  Arabako 39, 766.436,97 euro; Gipuzkoako 107, 1.152.836,83 euro eta Bizkaiko 86, 933.945,14 euro.