Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak iragarri duenez, “Eusko Jaurlaritzak Martuteneko espetxeko lurzoruak mobilizatu nahi ditu Donostian etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzeko”
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok nabarmendu egin ditu Martuteneko espetxe zaharreko lurzoruak mobilizatzeko eta etxebizitza babestuak eraikitzeko Donostiako Udalarekin lortutako aurrerapenak, Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketa batean. “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak badakigu gaur egun Martuteneko espetxea —datorren urtean Zubietara lekualdatuko da— dagoen lurzorua etxebizitzak eraikitzeko erabili behar dela”, Itxasok azaldu duenez. Ildo horretatik, arloaren arduradunak hau gehitu du: “Eusko Jaurlaritza Gobernu zentralarekin lanean ari da lursail hori doan lortzeko, udalekin erabiltzen dugun formula bera, gure baliabideak eraikitzeko erabili nahi ditugulako, ez lurzorua ordaintzeko». Lankidetza horrek islatzen du Eusko Jaurlaritzak Euskadin gero eta handiagoa den etxebizitza-eskaerari erantzuteko duen konpromisoa.
Bestalde, Itxaso sailburuak iragarri eta azpimarratu duenez, “datorren asteartean onartuko dugu Gobernu Kontseiluan Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea, eta, tresna estrategiko horri esker, soluzio estrukturalak bultzatu ahal izango ditugu —hala nola 2006ko Euskadiko Lurzoruaren Legea berrikustea— eta inplikatutako eragile guztien parte-hartzea sustatu ahal izango dugu, etxebizitzaren erronkari aurre egiteko”. Sailburuaren hitzetan, “urtarrilean egingo dugu lehen osoko bilkura, eta bertan izango dira hirugarren sektoreko ordezkariak, udalak, eraikuntza-enpresak, sustatzaileak, arkitektoak eta gainerako eragileak. Eraikuntza-prozesuak arintzeko gaur egungo legeez hitz egingo dugu”.
Eremu tenkatuak eta alokairu-merkatu librearen gaineko presioa
Iñaki Guridi kazetariarekin batera, Itxasok azaldu du Etxebidek (etxebizitza-eskatzaileen euskal erregistroak) askoz ere eskabide gehiago jaso dituela, merkatu librea ez delako gai alokairuaren prezioei eusteko eta eskariaren presioari erantzuteko. Testuinguru horretan, eremu tenkatuak deklaratzearen erabilgarritasuna defendatu du. Izan ere, neurri horrek bidea ematen du alokairuaren prezioak hiru urtez kontrolatzeko, familiek beren diru-sarreren % 30 baino gehiago alokairura bideratzen dituzten udalerrietan.
“Helburua da denbora irabaztea eta etxebizitza-eskaintza aktibatzea. Mekanismo hau abian da jadanik Errenterian, eremu tenkatu izendatutako lehen udalerrian, eta aurki Irunera, Lasarte-Oriara, Zumaiara eta Donostiara hedatuko dugu. Horri esker, Lurraldeko biztanleria-bolumen handi bat neurri horretan babespean biziko da 2025ean”, zehaztu du sailburuak.
Lurzorua mobilizatzea eta hirigintza-epeak arintzea
Eusko Jaurlaritzak estimatzen du Euskadin 75.000 etxebizitza eraikitzeko nahikoa lurzoru badagoela. Ildo horretatik, sailburuak adierazi du Hirigintza eta Etxebizitza Foroa funtsezkoa izango dela baliabide horiek inbentariatzeko eta mobilizatzeko, inplikatutako eragile guztiekin lankidetzan.
“Hirigintzaren epeetan jardun behar dugu, batzuetan itxaronaldiak bost urtera arte luzatzen baitira, lurzoru bat finalista izatea lortzen dugunetik giltzak entregatzeko unea iristen den arte. Foroak aukera emango digu egiturazko aldaketak ezartzeko, prozesu horiek arintzeko eta etxebizitzak eraikitzeko erritmoa indartzeko”, esan du.
Helburu horiek lortzeko, Visesa Eusko Jaurlaritzako etxebizitza-sustatzaile publikoari eskatu zaio urteko eraikuntza-erritmoa % 50 azkartzea, urtean alokairura 500 etxebizitza babestutik 750era pasatzeko, horrek gobernu-programaren helburuak betetzen lagunduko baitu.
Alokairuko parke publikoa eta Alokabideren kudeaketa
Itxasok nabarmendu duenez, Euskadik Estatuko alokairuko parke publiko handiena kudeatzen du, 17.000 etxebizitzarekin, eta horietatik % 3 baino ez daude hutsik gaur egun. “Arduragabekeria da datu hori zalantzan jartzea. Etxebizitza horiek funtsezko erreserba baten parte dira, premiazko zuzeneko adjudikazioetarako edo, prest jarri ondoren, adjudikaziodun berrientzako erabiltzen dugun erreserbarena, hain zuzen”, azaldu du.
Testuinguru horretan, Alokabide Eusko Jaurlaritzako alokairu-agentzia publikoak Euskadiko etxebizitza-politikaren erakusgarri gisa duen zeregina nabarmendu du.
Lankidetza Donostiarekin eta Martuteneko espetxearekin
Azkenik, Itxasok azpimarratu du garrantzitsua dela Donostiako Udalarekin lankidetzan aritzea, Eider Mendoza buru duela, Martuteneko espetxeko lurzoruak desblokeatzeko. “Lursail horiek funtsezkoak dira etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko eta lurraldean etxebizitza duina eta eskuragarria lortzeko gure estrategia indartzeko”, adierazi du.
Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren onarpena eta horri lotutako ekimenak mugarri izango dira Euskadiko etxebizitza-politika publikoan. Lankidetzan oinarritutako egiturazko soluzioen aldeko apustua egingo da egungo erronkei erantzuteko.