Euskadiko gazteen 2024ko egoeraren diagnostikoak alde nabarmenak erakusten ditu gizonen eta emakumeen artean

0
PRUEBA

Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoak desberdintasun handiak erakusten ditu emakumeen eta gizonen artean. Emakumeek prestakuntza hobea dute, baina tasa handiagoak dituzte behin-behinekotasunean eta enplegu partzialean, bai eta soldata okerragoak ere. Gainera, emakume gazteen % 60 baino gehiago sentitu dira egoeraren batean emakume izateagatik diskriminatuta. Eta lau emakume gaztetik ia batek (% 23,8) sexu-jazarpena jaso du sare sozialetan.  Horixe adierazten du Gazteriaren Euskal Behatokiak egindako “2024ko Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa” txostenak.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren txostenaren helburua da Euskadin bizi diren gazteen errealitatearen alderdi desberdinak hobeto ezagutzea. Txosten hori hamar ataletan antolatuta dago: testuinguru demografikoa, hezkuntza, lana eta egoera ekonomikoa, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, aisia, kultura eta kirola, euskara, balioak eta jarrerak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta gazteek euren egoeraz egiten duten balorazioa.

Testuinguru demografikoa

Dokumentuan jasotakoaren arabera, 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen indizea % 14,6 da. EBko batez bestekoaren azpitik jarraitzen badu ere, indize horrek hobera egin du 2017an hondoa jo zuenetik, eta 2011ko balioen antzekoetan dago. EAEn 319.744 gazte zenbatu dira.

Atal honetan, nabarmentzekoa da Euskadin bizi diren gazte atzerritarrak gazte guztien % 15,4 direla, hau da, erregistratutako ehunekorik handiena da. Alde horretatik, garrantzitsua da azpimarratzea migrazio-saldoa positiboa dela (joaten direnak baino gazte gehiago etortzen dira). 2022an, irten zirenak baino 9.685 gazte gehiago etorri ziren beste autonomia-erkidego batzuetatik edo atzerritik,  Horrela, 2019ko datua gainditzen da, orain arte serieko altuena zena.

Azterlanak ondorioztatzen duenez, immigrazioak gazteen hazkundea ahalbidetzen du, eta ez bakarrik atzerritik Euskadira iristen diren gazteen kopuruagatik, baizik eta baita atzerriko nazionalitatea duten emakumeen ugalkortasun handiagoagatik ere.

Hezkuntza

Hezkuntza goiz uzten dutenen tasa txikia da Euskadin, EBko batez bestekoa baino txikiagoa. Euskadiko eskola-uztearen tasa % 6,7koa da 2023an. Tasa horrek bilakaera oso positiboa izan du 2010arekin alderatuta, orduan % 13,1ekoa baitzen. Tasa hori gainera, Estatuko tasaren ia erdia da (% 13,7).

Gainera, 30 eta 34 urte arteko hiru pertsonatik ia bik goi-mailako titulua dute. 30 urtetik 34 urtera bitarteko hamar gaztetik seik baino gehiagok (% 64,8) unibertsitate-ikasketetako edo goi-mailako heziketa-zikloetako titulazioa dute.   Espainian ehuneko hori % 50 ingurukoa da (% 50,6), eta EBn oraindik ere baxuagoa da (% 43,9). Euskadiko ehunekoa autonomia-erkidego guztietako altuena da.

Azpimarratzekoa da, era berean, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasketak egin ondorengo laneratze-tasek 2023an izan zutela baliorik altuena 2010etik.

Emakumeek gizonek baino presentzia handiagoa duten unibertsitatean, baina zientzian eta teknologian graduatutakoen % 33,1 baino ez dira. Euskadiko unibertsitateetan, bai publikoetan bai pribatuetan, emakume gehiago daude gizonak baino.

Enplegua eta egoera ekonomikoa

16 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen enplegu-tasak gora gin du, eta 2012tik izan den handiena da. 2023an, 16 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen % 43k zuten enplegua. Bestalde, langabezia-tasak (% 12,6) behera egiten jarraitzen du, eta 2008ra arte egin behar da atzera tasa txikiagoa aurkitzeko, hau da, finantza-krisiaren aurretik.

Behin-behinekotasunaren tasak ere nabarmen egin du behera, baina soldatapeko gazteen % 46ri eragiten die oraindik. 2021ean, ehunekoa % 65,5ekoa zen.

Euskadin, emakume gazteen behin-behinekotasunaren tasa gizon gazteena baino handiagoa da, eta lanaldi partzialaren tasa ere askoz ere handiagoa da emakumeen artean. Generoen arteko desberdintasunak, beraz, adin goiztiarretatik hautematen dira. Enplegu jarraitua duten emakume landunen % 42,9k lanaldi partzialean lan egiten dute, eta lanaldi partzialean lan egiten duten gizonak % 24 dira (emakumeak bi aldiz gehiago dira, beraz).

Bestalde, Euskadiko 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen % 43,9 prest egongo litzateke atzerrira joateko lan interesgarri bat eskainiko baliote; % 9k bakarrik uste du, nahi izan gabe, atzerrira lan egitera joatera behartuta egongo dela.

Orokorrean, behera egin du pobrezia-egoeran dauden gazteen ehunekoak, finantza-krisiaren aurreko mailetara arte, baina hemen ere genero-ezaugarri bat ikusten da: emakume gazteek gizonek baino pobrezia-ehuneko handiagoak dituzte. Gainera, lan-mundura berandu iristeak eta enpleguen egoera ezegonkorrak, bai eta soldata baxuek ere, gazteen bitarteko ekonomikoak mugatuak izatea eragiten dute.

Emantzipazioa eta etxebizitza

Euskadiko gazteak, batez beste, 29 urterekin emantzipatzen dira, baina lehenago ere emantzipatu nahiko lukete. Berez, emakumeak, batez beste, gizonak baino urtebete lehenago emantzipatzen dira (28,5 urte emakumeak eta 29,9 urte gizonak).

Horretarako arrazoien artean, gazteek adierazten dute arrazoiak asko direla: ikasketak amaitzean nahigabe atzeratzea edo masterrak edo enplegagarritasuna hobetzeko beste ikastaro eta espezializazio batzuk egitean luzatzea; lana aurkitzeko zailtasunak; enpleguaren kalitate eskasa (ezegonkorra eta/edo soldata eskasa emantzipatzea planteatzeko); aurrezkirik ez izatea; gazteen aukeretara egokitutako ezaugarri eta prezio egokiak dituzten etxebizitzen eskaintza urria; higiezinen agentziek alokatzeko eta banketxeek hipoteka-mailegua emateko jartzen dituzten zailtasunak; laguntza publikoak lortzeko arazoak, etab.

Ondorioz, gazteek merkatuko batez bestekoa baino etxebizitza txikiagoetara eta zaharragoetara jotzen dute, eta gutxi dira bakarrik emantzipatzen diren gazteak.

Etxebizitza bat jabetzan edo alokairuan eskuratzeko zailtasun horrek eragina du gurasoen etxea uztean eta bizitza autonomoa hastean atzeratzean.

Osasuna

Askotan, gazteei buruz hitz egitean, osasunari ez zaio garrantzirik ematen; izan ere, ulertzen da osasun ona berezkoa dutela. Hala ere, funtsezko alderdia da bizitzan, eta, hain zuzen ere, gazteek garrantzi handia ematen diote osasunari, bai fisikoari bai mentalari. Gazte gehienek euren osasuna ona dela uste badute ere, osasunaren autobalorazio negatiboak gora egin du, batez ere gazteenen artean, 15 urtetik 19 urtera bitartekoen artean.

Suizidioa da gazteen lehenengo heriotza-kausa. 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen kasuak Euskadin 2022an suizidioak eragindako heriotza guztien % 8 dira.

Oro har, gazteen droga-kontsumoak behera egin du, baina Interneten erabilera problematikoa nabarmena da. Tabakoaren, alkoholaren eta kalamuaren kontsumoarekin lotutako osasunerako arrisku-jokabideek behera egin dute, eta gora egin du jarduera fisikoak. Osasuntsu egotea eta itxura fisiko osasungarria izatea gero eta garrantzitsuagoa da gazteentzat.

15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen % 16,3k sarearen erabilera problematikoa egiten du, eta ehuneko hori handiagoa da emakumeen eta gazteagoen artean.  Gainera, sare sozialetako jazarpenak hamar gaztetik hiruri eragiten die, eta, bereziki, emakumeei.

Aisia, kultura eta kirola

Lau gaztetik hiruk (% 76,8) jarduera artistikoak egiten dituzte, besteak beste, argazkigintza, bideogintza edo beste ikus-entzunezko produktu batzuk, musika-tresna bat jo, abesbatza edo musika-talde batean abestu, margotu edo beste arte plastiko batzuk, idatzi, dantza egin, antzerkia, bertsolaritza edo beste arte-modalitate batzuk.

Gainera, gora egin du kultura-ekitaldietara joaten direnen kopuruak ere, hamarretik zazpi zinemara joaten dira (% 67,8), erdia baino gehiago kontzertuetara (% 53,2) eta kirol-ikuskizunetara (% 52,9), % 44,3 museoetara eta % 23,8 antzerkira. Eta hirutik bik (% 66,5), gainera, azken hilabetean entretenitzeko irakurri dutela adierazten dute, batez ere eleberriak.

Nabarmentzekoa da, halaber, kirol-jarduera orokortu egin dela (hiru gaztetik bik kirola egiten dute astean behin gutxienez).

Euskara

15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar gaztetik zortzik ondo hitz egiten dute euskaraz. Euskaraz ondo hitz egiten duten gazteen ehuneko horrek nabarmen egin du gora azken hogei urteetan, 30 puntu inguru Araban eta Bizkaian eta hogei puntu Gipuzkoan.

Nabarmendu behar da euskararen ezagutzak gora egiten duela adinean behera egin ahala, hau da, 15 urtetik 19 urtera bitarteko gazteen % 84,9k diote euskaraz ondo hitz egiten dutela, eta  20 urtetik 24 urtera bitartekoen % 79,3k eta 25 urtetik 29 urtera bitartekoan % 76,7k.

Gazteen artean gora egin du euskararen erabilerak lagunartean ere. 2001 eta 2021 artean irabazi metatua ehuneko 10 puntutik gorakoa izan da; % 24,8tik % 37,8ra igaro dira lagunartean batez ere euskara edo euskara eta gaztelania maila berean erabiltzen duten 16 urtetik 24 urtera bitarteko euskaldunak.

Balioak eta jarrerak

18 urtetik 29 urtera bitarteko hiru gaztetik ia bik (% 63,9) esaten dute politikan interes gutxi edo batere interesik ez dutela, nahiz eta gehienek ematen duten botoa. 2023an, gazteen % 57k adierazi zuten noizbait erabili zuela botoa emateko eskubidea; eta % 38k, berriz, adin nagusitasunera iritsi zenetik egindako hauteskunde guztietan erabili zutela.

% 44,7k elkarteren batean parte hartzen du eta % 13,8k boluntariotza-lanak egiten ditu. Azken atal hori gorantz doa argi eta garbi. 2008an ehunekoa erdia baino gutxiago zen; % 6,4koa; eta ordutik gora egin du etengabe.

Lau gaztetik batek (% 26,3) uste dute atzerritar gehiegi dagoela Euskadin. Gazte gehienek uste dute, gehiegi izan gabe ere, atzerritar asko dagoela autonomia-erkidegoan (% 56,6).

Orokorrean, 15 urtetik 19 urtera bitarteko gizonen artean ultraeskuineko posizioak areagotzeko arriskua dago; abortua, eutanasia, LGTBI kolektiboaren eskubideak eta immigrazioa gutxien babesten dituztenak dira.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna

Bere burua feministatzat duten gazteen ehunekoak behera egin du 2022tik 2020ra. Jaitsierarik handiena 15 urtetik 19 urtera bitarteko gizonen taldean izan da. Hala ere, prestakuntza eta esperientzia bera izanda, gizonek enplegu bat lortzeko aukera gehiago dituztela uste duten emakumeen ehunekoak gora egin du azken urteetan.

Emakume eta gizon gazteen arteko soldata-arrakala 199 eurokoa da, eta emakume gazteen % 60 baino gehiago sentitu da egoeraren batean diskriminatuta emakume izateagatik. Gainera, hamar emakumetik zazpik beldurra sentitzen dute euren herrian edo auzoan gauez bakarrik dabiltzanean.  Eta lau emakume gaztetik ia batek (% 23,8) sexu-jazarpena jaso du sare sozialetan.

Bestalde, Euskadiko emakume gazteen aurkako indarkeriaren tasa orokorra 9,8koa da 15 urtetik 29 urtera bitarteko 1.000 emakumeko. Tasa horrek adierazten du zenbat emakumek jarri duten salaketa bat (edo bat baino gehiago) genero-indarkeriagatik beren adin-talde bereko 1.000 emakumeko. Historiako gailurrik altuena da.

Egoera pertsonalaren balorazioa

Gazteen erdiak baino gehiagok, % 51,8k, uste dute adin berean gurasoak baino egoera hobean daudela.

Gazteek positiboki baloratzen dute euren egoera pertsonala euren bizitzako hainbat esparrutan, 6,0 eta 8,3 arteko puntuazioekin. Balorazioak ez dira hain positiboak gazteen egoera orokorrean ebaluatzen dutenean.