Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak aurrera egin du etorkizuneko osasun-sistemaren balio eta printzipioen definizioan, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako laugarren lan-saioan aurkeztutako bertsio eboluzionatu eta aurreratuarekin. Dokumentu horrek Mahaiko kideek azken hilabetean egindako hausnarketak eta ekarpenak biltzen ditu. Oinarri horren gainean finkatuko dira osasun-sistema proaktiboago, prebentiboago, integratuago eta komunitarioago baterako bidean aurrera egiteko estrategiak eta ekintzak.
Alberto Martínez Osasuneko sailburua izan da Imanol Pradales lehendakariak bultzatutako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiaren laugarren bileraren buru. Bilera horretan, Euskadiko eragile sozial, politiko eta sanitarioen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa eskertu du, baita Euskadiko osasun-sistema hobetzeko herri-akordio bat eraikitzearen alde egindako apustua ere. Martinezek ziurtatu duenez, alde guztien arteko konpromiso horri esker, onartu zen joan den urriaren 30ean Euskal Osasun Zerbitzuaren diagnostiko partekatua. Diagnostiko hori mugarri garrantzitsua da lan-prozesu horretan, eta hurrengo faseak egiteko oinarria ere bai.
Eragile guztiek gaur, Mahaian, landu duten proposamen irekian, Euskadiko Osasun Sistema Publikorako Ikuspegia jaso da. Eragile guztiek diagnostiko fasean onartutako edukien adostasunetik eraikitako ikuspegi hori oso lagungarria da Euskadirentzat epe ertain-luzean lortu nahi dugun Osasun Sistema Publikoa bistaratzeko. Gainera, dokumentuak Osasun Sistema Publiko baterako funtsezko eta utziezinezko balioak jasotzen ditu, baita, gure iritziz, Euskadiko Osasun Sistema Publikora modu bereizgarrian ekar litezkeen printzipioak ere. Printzipio horiek Euskadiri begira daude.
Testu hori eztabaidatu da gaur, eta elkarrizketa aberasgarria izan da, hurrengo egunetan eragileek beren organoetan zehatzago aztertu eta kontrastatuko dute, egoki baderitzote. Horrela, dokumentuan sakontzea adostu dute, Mahaiak ikuspegi, balio eta printzipio zehatz, partekatu eta sendoen erreferentzia izateko helburuarekin, etorkizuneko estrategiak eta ekintzak definitzea erraztuko dutenak.
Osasun-sistema publikoaren funtsezko balioak
Unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea izango dira Euskadiko osasun-sistemaren funtsezko oinarriak.
Unibertsaltasunaren printzipioak berekin dakar gizabanako guztiek dutela osasun-zerbitzuak jasotzeko eskubidea, inolako diskriminaziorik gabe. Estaldurak integrala izan behar du, eta pertsona bakoitzak —bere egoera ekonomikoa, geografikoa, soziala edo aniztasuna edozein izanik ere— arreta egokia jaso ahal izango duela bermatu behar du.
Elkartasunak euskal gizarteko kideen artean partekatutako erantzukizunari heltzen dio, osasun-sistema finantzatzeko eta osasun-arretaren eskuragarritasun unibertsala bermatzeko. Horrek esan nahi du baliabide gehiago dutenek ekarpen handiagoa egiten dutela eta, hala, baliabide gutxien dutenek osasun-arreta jasotzeko aukera izatea bermatzen laguntzen dutela.
Hirugarren, ekitatearen bidez, osasunaren arloan dauden desberdintasunak zuzendu nahi dira, eta talderik zaurgarrienek baliabideak eta zerbitzuak lehentasunez eskuratu ahal izatea ziurtatu nahi da. Ekitateak osasun-sistema publikoa eredu guztiz etiko bihurtzen du, giza premiak erdigunean jartzen baititu eta eskuragarritasun justua eta gizarte kohesionatuagoa eta osasungarriagoa sustatzen baititu.
Osasun-sistema publikoaren printzipioak
Hori oinarri hartuta, proposamenak Euskadiko osasun-asistentzia publikoa zehaztuko duten printzipioak biltzen ditu, haien izaeraren araberako zenbait arlotan sailkatuta.
Lehenik eta behin, Euskadiko sistemari izaera bereizgarria ematen dioten eta eredu prediktibo, prebentibo eta aurreratzaile bihurtzen duten printzipioak jasotzen ditu —ongizatera bideratzen den sistema da, gaixotasunekiko erreakzio hutsetik haratago—. Era berean, parte-hartzailea da, pertsonen eta herrien erantzunkidetasuna bilatzen baitu, zaintzan eragile aktibo diren aldetik; humanizatua da, errespetua eta duintasuna baitira harremanen oinarri; eta kolaboratiboa da, arreta segurua, ekitatiboa eta bikaina eragiten duten ahaleginen batura den heinean.
Printzipio horiei asistentzia-ereduari buruzko printzipioak gehitu behar zaizkie. Kalitatea, arretaren arloan egin beharreko aldaketak eta berrikuntzak eta garatu beharreko ikerketak gidatuko dituen funtsezko zutabe gisa; ebidentzia zientifikoa, Euskadiko osasun-estrategiak erabakitzeko, diseinatzeko eta gauzatzeko oinarri gisa; integrazioa, pertsonei etengabeko arreta integrala eta gizatiarragoa eskaintzen dien bide gisa, non asistentzia soziala, komunitarioa, lehen mailakoa eta ospitalekoa ez diren bereizita egongo; eta herritar guztientzako irisgarritasuna eta espezializazioa, kontzeptu horiek bateragarriak baitira, eta horiek uztartzea onuragarria baita biztanleriaren osasunerako.
Hirugarrenik, jasangarritasuna da printzipio gidari eta helburu nagusia, eta bide horretan aurrera egin behar da herritarren benetako premietan oinarritzen den eta osasunean ahalik eta emaitzarik onenak lortzera bideratzen den plangintza estrategikoaren bidez. Horretarako, profesionalak sistemaren bihotza direla aitortzen da, eta haien rolak eta funtzioak optimizatzea funtsezkoa da sistemaren efizientzia maximizatze aldera.
Eta, azkenik, osasun-sistema eraginkortasunez eraldatzea ahalbidetuko duten aldaketak inplementatzearekin lotutako printzipioak aipatzen ditu, aurrerapenak zorroztasunez ebaluatuz, baita kultura eta lidergo eraldatzailea ere, osasun-sistema berritzaile eta jasangarri baten bermatzaile gisa.
Hurrengo urratsak
2025eko urtarrilean, garatu beharreko ESTRATEGIAK jorratuko dira, azkenean zehaztuko diren printzipioetan oinarrituta. Horretarako, metodologikoki, 6 gogoeta-esparru bereiztea erabaki da: herritarren osasuna eta eskaria; kalitatea eta segurtasuna; profesionalak; informazioa; osasun-sektorea, balio- eta hazkunde-eragile gisa; eta osasun-azpiegituren modernizazioa. Orain arte, estrategien fasea eragileek egindako ekarpenekin elikatu da, eta, gaurko bileran, edukia berrikusi da eta ekintzen eta estrategien inguruko lan-prozesuaren balorazioa egin da.
Euskadiko Osasun Ituna 2025eko udaberrian martxan egotea zenbatesten da. Itun horren mahaian osasunaren arloko adituek parte hartzen dute: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, optikarien eta optometristen elkargo ofizialetako ordezkariek, gizarte-langileek, fisioterapeutek, biologoek, albaitariek eta pazienteen elkarteek. Medikuen Sindikatuak, SATSEk eta SAEk ere parte hartzen dute. Foroan alderdi politikoak (EAJ-PNV, PSE, EH Bildu, PP eta Sumar), sindikatuak (LAB, CCOO eta UGT), unibertsitateak (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea) eta Confebask ere biltzen dira.