Gogorak Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa haunditzeko lanak egingo ditu 2025ean

0
PRUEBA
  • Aste honetan, herriko hilerrian desobiratze-lanen hirugarren kanpaina egiten ari da
  • Aurreikuspena beste 30 pertsonaren gorpuzkiak aurkitzea da
  • Aurreko bi kanpainetan, 2014an eta 2022an, 71 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira, eta horietatik 11 identifikatu eta familiei entregatu

Alberto Alonso, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, eta Iker Santocildes, Urduñako alkatea, herriko hilerrian egiten ari diren desobiratze-lanen hirugarren kanpainako lanetan izan dira gaur goizean.

Kanpaina joan den astelehenean hasi zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak, abenduaren 2an, eta orain arte 12 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Aurreikuspenen arabera, hogeita hamar bat pertsonarenak egon daitezke oraindik lurpean. Kopuru hori behin-behinekoa da, oraindik, indusketa- eta deshobiratze-lanak amaitu arte; litekeena da igandera arte luzatzea lanok.

Kanpaina berri honetan berreskuratutako gorpuzkiak jasotzeko, Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak iragarri du Gogora Institutuak Urduñako kolunbarioa zabaltzeari ekingo diola 2025ean. Duintasunaren Kolunbarioan, bai Urduñakoan bai Elgoibarkoan, identifikatu gabeko berreskuratutako gorpuzkiak eta identifikatutako gorpuzkiak hobiratzen dira, familiak hala erabakitzen duen kasuetan. Handitzeko lanek 60.000 euroko aurrekontua dute.

Alberto Alonsok azaldu duenez, une honetan lehentasuna da lurpetik ateratako hezur-hondar berriak identifikatzea eta identifikatu gabe dauden 60 gorpuzkiak identifikatzen jarraitzea. Horretarako, lehenengo kontzentrazio-esparrua izan zena (1937-1939) eta gero Urduñako Espetxe Zentrala bihurtu zen horretan (1939-1941) hil ziren presoen senideei dei egin die berriro.

Gogora Institutuak Urduñan, 1937 eta 1941 artean, hil ziren 225 pertsonaren zerrenda[1] du, izen-abizenak eta jatorria adierazita. Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatzeko ahaleginean, pertsona horien ondorengoekin harremanetan jartzea da helburua, horrela haien DNA laginak gorpuzkien laginekin alderatu ahal izateko. Senideak aurkitzeko, Gogora Institutuak biktimen jatorrizko zonaldeetako erakundeen, ikerketa-taldeen eta elkarteen laguntza du.  Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak senideak aurkitzea zailtzen du, eta identifikazio genetikoa ere zailtzen du. Izan ere, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun-mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea.

Hirugarren desobiratze-kanpaina

Hirugarren kanpaina hau espetxeko biktimen hilobien gainean eraikitako nitxoak kendu eta gero hasi da. Alberto Alonsok herriko senitartekoen ulermena eta elkartasuna eskertu ditu. Izan ere, ulertu dute nitxo horiek eraitsi behar direla, oraindik hobitik atera gabe dauden gorpuak ateratzeko. Era berean, Urduñako Udalak kaltetutako familiekin harremanetan jartzeko eta proiektua azaltzeko egindako lana azpimarratu ditu. Familia horiei senideen gorpuzkiak hilerriko beste eremu batera eramateko aukera eman zaie. Gogora Institutuak 48.149,85 euroko zuzeneko dirulaguntza eman dio Urduñako Udalari eraiste-lanak finantzatzeko.

Aurreko kanpainetako emaitzak

Aurreko bi kanpainetan, 2014an eta 2022an, 71 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira, eta horietako 11 identifikatu eta haien familiei eman ahal izan zaizkie.

Jarduera hori, Urduñako Udalarekin lankidetzan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Gerra Zibiletik Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programan oinarritzen da. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren (DNA laginak erkatuz identifikazio genetikoa egiteaz arduratzen da) bitartez egiten du hori.

Kontzentrazio-esparrua eta espetxea

1937 eta 1941 artean, Urduñan, Aita Jesuiten ikastetxean, gerrako presoen kontzentrazio-esparru bat ezarri zen; eta, ondoren, 1939ko urrian, espetxe zentral bat, non gutxienez 225 pertsona hil ziren; horietako 24 kontzentrazio-esparruan. Gatibuetako batzuk behartutako langile gisa erabili zituzten inguru horretan hainbat eraikuntza-lan egiteko.

Urduñako kontzentrazio-esparrua 1937ko uztailean hasi zen martxan, matxinatutako bandoak eremu sare bat martxan jarri zuenean preso hartutako gudulari errepublikarrak modu masiboan kontzentratzeko eta Errepublikaren aldeko inplikazio mailaren arabera sailkatzeko. Arbitrariotasuna eta bizi-baldintza kaskarrak ziren izendatzaile komunak: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.

Eremu horietako gehienak 1939an itxi ziren; batzuk izan ezik, hala nola Urduñakoa (1939-1941), espetxe bihurtu baitziren. Gerra amaituta, Urduña frankismoaren espetxe-politikaren engranajearen parte bihurtu zen, gerra galdu zutenentzat bereziki diseinatua. Presoen profila aldatu egin zen, Euskaditik urrun zeuden lekuetatik zetozen. Horrela, jakina da Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniakoak zirela.

Dokumentazio historikoaren arabera, Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik erdia baino gehiago (127) Extremadurakoak ziren (125 Badajozekoak eta 2 Caceresekoak), eta horietako 87 Castuerako espetxetik eraman zituzten.

Hildako Extremadurako preso horiei gehitu behar zaizkio Gaztela-Mantxako 41 (Ciudad Realeko 34, Toledoko 4 eta Albaceteko 3), Malagako espetxetik 22, Tarragonako 7 eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak ziren.

 

Azalpen bideoa ‘Urduñako kontzentrazio-esparruko eta espetxeko biktimen senideak bilatzea 1936-1941’ (2023)

https://youtu.be/EWD4oq8WpMY?si=4CoUXBznwbH-bBy3

[1] Prentsa-ohar honekin batera bidaliko dugu zerrenda.