Indautxuko Eskolako hogei ikaslek espazioan dagoen astronauta batekin hitz egiteko aukera izan dute. STEAM esparruko proiektu bati amaiera eman dion ekintza da, eta irrati-erakundeen eta espazio-agentzien nazioarteko partzuergo baten eskutik garatu da.
Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa Indautxuko Eskolan izan da gaur, lehen aldiz Euskadiko ikastetxe publiko batean garatu den ARISS proiektuko ekitaldi nagusia ikusteko. Hainbat hilabetetako lanaren ondoren, hogei ikaslek espazioan dagoen astronauta batekin hitz egiteko aukera izan dute. Komunikazioa behar bezala ezarri ahal izan da, eta astronauta batekin zuzenean hitz egin ahal izan dute 10 minututan, Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) gure ingurutik igarotzen zen bitartean. Komunikazioa streaming bidez eman da mundura.
Hezkuntzako sailburuak hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa nabarmendu du, eta, zehazki, ikastetxeko irakasleak zoriondu ditu STEAM bokazioak pizteko aukerak ikusteagatik eta neska-mutilentzat inoiz ahaztuko ez dituzten esperientzia positiboak sortzeagatik. Pedrosak ikasleak motibatzeko balio duten eta bizitza osoa positiboki markatuko dieten ekintza eta esperientzia guztiak baloratu ditu.
Bilboko ikastetxe publikoan garatutako ARISS Amateur Radio on the International Space Station proiektuak STEAM esparruaren eta esplorazio espazialaren inguruko interes handia sortu du ikasleengan eta, oro har, hezkuntza-komunitatean. Ekimenaren barruan, hainbat balio landu ahal izan dira, hala nola lankidetza, aniztasuna eta jakin-min zientifikoa gero eta teknologikoagoa eta globalizatuagoa izango den etorkizunaren aurrean.
ISS
ISS espazioan dagoen ontzi bat da. 28.000 Km/h-ko abiaduran mugitzen da eta 418 Km-ra dago. 71. espedizioa bederatzi astronautak osatzen dute guztira, eta aztertzen dituzten alderdien artean, gaixotasun eta terapia neurodegeneratiboak, botanika espaziala, espazioak eragindako fluido-aldaketak eta algetan oinarritutako bizi-euskarriko sistemak aipa daitezke.
Ikasleek Sunita Williams astronautarekin hitz egiteko aukera izan dute. Sunita indiarra da, baina AEBetako Ohio estatuan jaioa. 59 urte ditu eta espazioan eta jarduera militarrean izandako lorpenengatik da ezaguna.
NASAko astronauta izateko hautatua izan aurretik, AEBko itsas abiazioko pilotua izan zen.
1998an NASAko astronauta bihurtu zen eta espaziora bidaiatu zuen lehen emakume indiarra izan zen. Bere ibilbideak NASAko astronautarik nabarmenetakoa izatera eraman du.
Hainbat misio espazialetan parte hartu du:
– 2006an, espaziora egin zuen lehen hegaldia izan zen, eta ISSra hornidurak eraman zituen.
– 2012an ISSra itzuli zen eta 127 egun eman zituen bertan. Misio horretan «errekor» bat lortu zuen: ibilaldi espazial gehien egin zituen emakumea. Zehazki, 7 ibilaldi espazial.
ISSn iraupen luzeko misio espaziala zuzendu zuen bigarren emakumea izateagatik ere nabarmendu zen.
Williams emakume inspiratzailea da, bereziki zientzian, ingeniaritzan eta esplorazio espazialean lan egitea amesten duten emakumeentzat. Astronauta gisa egindako lanaz gain, oso aktiboa izan da zientzia-dibulgazioan, eta STEAM hezkuntza sustatu du, bereziki gazte-komunitateetan.
Amateur Radio on the International Space Station
ARISS (Amateur Radio on the International Space Station) programa irrati-erakunde eta espazio-agentzia amateurren nazioarteko partzuergo batek sortu du, eta partzuergo horrek berak kudeatzen du. Erakunde horien artean, honako hauek aipa daitezke: AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionala (NASA), Errusiako Rosaviakosmos, Kanadako Espazio Agentzia (CSA), Japoniako Espazio Agentzia (JAXA) eta Europako Espazio Agentzia (ESA).
Indautxuko Eskolak 2023ko irailetik 2024ko urtarrilera bitarte garatu zuen proiektu hori, eta, geroago, ekimenean parte hartzeko hautatu zuten. Adierazi beharra dago ekimen horretan zorrotza izaten dela parte-hartzaileen hautaketa.
Astronautarekin komunikatzeko ekitaldi nagusiaz gain, proiektuaren barruan hainbat STEAM jarduera antolatu dira, ziklo guztietako irakasleez osatutako batzorde batek koordinatuta.
Ekitaldiaren barruan, ikastetxeak azpimarratu du ekimena hezkuntza-komunitatean sortu zela, eta esker ona adierazi die ikastetxeak proiektuari ekiteko proposatu zuten Indautxuko Eskolako familiei, izan duten inplikazioagatik. Nolanahi ere, proiektua baliagarria izan da jarduera paralelo batzuk antolatzeko, hala nola zientziaren astea, museoetarako irteerak eta ikasleak zientziaren inguruko interesa agertzera bultzatu dituzten beste proposamen batzuk.