Jakien erabilgarritasun mugatua da liztor asiarraren aurkako borrokaren arazo nagusietako bat, eta hori konpontzeko gakoak aurkitu ditu FARMARTEM ikerketa-taldeak. Lan horretan ondorioztatu da biozida duten jaki proteikoek ez dutela eraginkortasuna galtzen, baldin eta hotzean eta CO2-arekin biltegiratzen badira. Hala, kontrol-metodo horren erabilera eraginkorra bermatu da, eta funtsezko tresna bat eskaini zaie enpresa ekoizleei eta erlezainei.
Vespa velutina nigrithorax espezie inbaditzailea, Asiako liztor izenez ezagutzen dena, 2010ean iritsi zen Euskal Herrira; orduz geroztik, kalteak eragiten ari da ingurumenean eta giza osasunean, bai eta galera ekonomiko handiak ere nekazaritzan eta erlezaintzan. Azken sektore hori da kalte gehien jasan duenetako bat, espezie hori intsektuen harraparia baita, ezti-erleena bereziki. Liztor asiarrek proteina behar dute habian dauden larbak elikatzeko, eta erleetatik hartzen dute proteina hori, proportzio handi batean, harrapakin errazak baitira berentzat.
Horregatik, interes berezia du liztor asiarrak kontrolatzeko tresnak garatzeak. Esate batera, “biozidadun jaki proteikoak erabiltzea metodo eraginkorra, ekonomikoa eta sinplea dela erakutsi dute. Liztorrek habiara eramaten dute larbek garatzeko behar duten proteina, eta proteina horrek txertatua duen biozidak larbak hiltzen ditu; ondorioz, habia ez da gehiago garatzen”, Rosa María Alonso FARMARTEM ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez.
Hala ere, “tranpa gisa erabiltzen diren substantzia proteikoek —jarraitzen du Alonsok— erabilera-denbora mugatua dute, beren osaera dela eta. Haien osagaien oxidazioak, entzima-jarduerak eta mikroorganismoek narriadura-konposatuak sortzen dituzte”. Haien eraginez, kolorea eta testura aldatzen da, eta usain desatseginak agertzen; ondorioz, liztorrek uko egiten diote jakiari. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) FARMARTEM ikerketa-taldeak ikerketa bat egin du, ikertzeko zer baldintza diren egokiak eraginkortasunik galdu gabe jaki horiek biltegiratzeko eta kontserbatzeko. Horretarako, taldeak jakien egonkortasuna aztertu du zenbait biltegiratze-baldintzatan: giro-tenperaturan, hozkailuan eta izozkailuan.
Hotzaren eta CO2-aren laguntzarekin
Ikerketaren emaitzen arabera, “hilabetez izoztuta kontserbatutako proteina-jakiek beren propietateei eusten diete, narriatu gabe”. Gainera, “hezetasuna murrizten duten agenteak erabiliz prestatutako jakiak CO2-z betetako poltsa termozigilatuetan sartuta (CO2-ak atmosfera babeslea eratzen du) eta hozkailuan kontserbatuta, gutxienez 14 egunez izan ziren eraginkorrak. CO2-a erabiltzeak moteldu egiten du narriaduraren seinale diren eta liztorretan arbuioa eragiten duten konposatuak agertzea. Horrek tranpen iraupena luzatzea bermatzen du”, Alonsok azaldu duenez.
Erlategietan saiakuntzak egin dira zenbait baldintzatan edukitako jakiekin, liztorrek haietako zein arbuiatzen zituzten jakiteko. Lortutako emaitzetan oinarrituta, “datuak tresna estatistiko eta kimiometrikoen bidez tratatu ditugu, egon daitezkeen arbuio-markatzaileak identifikatzeko, jakien kontserbazioa optimizatzeko eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko”, Rosa María Alonsok adierazi duenez.
UPV/EHUko FARMARTEM ikerketa-taldearen azterketak argi utzi du zein diren jaki horiek fabrikatzeko eta biltegiratzeko baldintzarik egokienak, eta horrek informazio garrantzitsua ematen die jakiak ekoizten dituzten enpresei, baita erlezainei ere, zeinek aurre egin behar baitiote liztor asiarra kontrolatzeko eta erlauntzak babesteko erronkari.
Informazio osagarria
Rosa M. Alonso Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Analitikoa Saileko irakasle katedraduna da. 1991z geroztik, FARMARTEM ikerketa-taldea zuzentzen du, zeinaren helburua baita zenbait arlotan aplikatutako metodologia analitiko berriak garatzea; besteak beste, arlo hauetan: farmazian eta metabolomikan, industrian, ingurumenean, arte-ondarearen kontserbazioan eta zaharberritzean eta dokumentuen datazioan. Alonsok Kimika Graduan eta Analisi Forentsea Masterrean irakasten du.