Konstituzioko eta Sortzez Garbiaren eguneko zubian mugikortasuna areagotuko dela aurreikusita, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak zuhurtzia areagotzeko eskatu die gidariei datozen jai-egunotan.
Gaurtik hasi eta igandera, abenduaren 8ra, arte, Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak. Arretaz gidatzea gomendatzen da batez ere Armiñongo lotunean, Araban (lehengo AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan), Iparralderako mugan AP-8an eta Kantabriako mugan A-8an.
Eguraldiak laguntzen badu, azken puntu horretan guztira 200.000 joan-etorri izan daitezke datozen 4 egunotan, kontuan hartuta 2023ko zubiko 6 egunetan (abenduaren 5etik 10era bitartean) 260.000 joan-etorri erregistratu zirela.
Iparralderako mugan, AP-8an, Biriatun, 150.000 joan-etorrira iristea espero da (iaz 165.000 izan ziren), eta Armiñongo lotunean 160.000 erregistratu daitezkeela kalkulatzen da (2023an 180.000 erregistratu ziren).
Istripu-tasa
Iaz, zubiko 6 egunetan (abenduaren 5etik 10era bitartean) Ertzaintzak 31 trafiko-istripu erregistratu zituen, eta 2 zauritu larri izan ziren.
Olabarrik gogoratu du 2024. urtean, urtea hasi zenetik, 33 pertsona hil direla. Hildako gehiago izan ez dadin, Trafikoko zuzendariak Euskadiko errepide-sarea erabiltzen duten guztiei arduratsuak izateko dei egin die.
Gomendioak
Bidaiari ekin aurretik, Eusko Jaurlaritzak gomendio hauek ematen ditu:
- Errepideen egoerari buruzko informazioa begiratzea honako baliabide hauen bidez: trafikoa.euskadi.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twitter kontua eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakia.
- Iragarpen meteorologikoa kontsultatzea euskalmet.euskadi.eus webgunean, eta eguraldi txarrarekin zuhurrago ibiltzea: abiadura moteltzea eta tarte handiagoa uztea aurrean doazen ibilgailuekin eta pneumatikoak eta haizetako garbigailuak egoera onean izatea, bereziki eguraldi euritsua bada.
- Alkoholik edo drogarik ez kontsumitzea, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere.
- Era guztietako arreta-galtzeak saihestea, eta, bereziki, ohikoenak: mugikorra edo nabigatzailea manipulatzea gidatzen den bitartean.
- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
- Komeni da atsedenaldiak egitea gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta arreta-galtzeak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
ERANTSITA: Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariaren adierazpenak. |