Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Joint Commission International (JCI) erakundearen ziurtagiria lortu du, zeinak honako hauek ebaluatzen baititu: kalitate asistentziala, pazienteen segurtasunean oinarritzen diren edukiak, eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa. Horiek horrela, tamaina eta ezaugarri horiek dituzten ospitaleetatik Estatuko lehen ospitale publiko orokorra izan da hizpide dugun ziurtagiri entzutetsua lortzen. Lorpenak erakusten du ospitaleak nazioarteko irizpide zorrotzak betetzen dituela; halaber, pazienteei ematen dien arreta hobetzeko duen etengabeko konpromisoaren erakusgarri da, eta horri esker osasun-arretaren abangoardian kokatu da osasun-zentroa.
Alberto Martínez Osasuneko sailburuak langile guztiak zoriondu ditu, baita Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Zuzendaritza eta Gerentzia ere, eguneroko ahaleginagatik eta lanagatik, eta gizarte osoari eman nahi izan dio mugarri horren berri, «aintzatespena gizarte osoarena izan dadin». Martinezek nabarmendu duenez, Gurutzeta da Estatu osoko lehen ospitale publikoa nazioarteko akreditazioa lortzen, «Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak egunero egiten duen lana aintzatesten du».
Pazienteen segurtasuna eta kalitate asistentzialaren hobekuntza ziurtatzen dituen munduko erakunderik garrantzitsuena da JCI, eta erakunde horretako auditore adituen lantalde batek ebaluatu du ia 1.400 kalitate-estandar betetzen direla. Zerbitzuak eta asistentzia kudeatzeaz gain, besteak beste honako hauek aztertzen dira: pazienteak behar bezala identifikatzea; komunikazio eraginkorra izatea haiekin; arrisku handiko medikazioaren segurtasuna; osasun-arretari lotutako infekzioen arriskua murriztea; eta erorketek eragindako lesioak izateko arriskua murriztea. Horiek guztiak nazioarteko helburuak dira pazienteen segurtasunari dagokionez.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak kalitate asistentziala eta pazienteen segurtasuna etengabe hobetzeko asmoz urtetan egindako lanaren adierazgarri da aipatutako ziurtagiriaren lorpena, eta, hain zuzen ere, lan horri esker egin die aurre Joint Commission Internationalen estandar zorrotzei.
Aipatutako kalitatezko mugarria lortzeko ezinbestekoa izan da talde-lana, eta horretan parte hartu dute erakundeko profesional guztiek, zeinek esfortzu izugarria egin baitute pazienteen segurtasuna eta haienganako arreta hobetzeko estrategiak garatu eta ezartzeko.
Horrez gain, Joint Commission Internationalek ziurtatutako Osakidetzako beste zentro bat dago 2016tik: Debagoieneko ESIko Debagoieneko Ospitalea.
Ziurtagiri berri horri esker Osakidetza Estatuaren buruan dago pazienteenganako arretari lotutako segurtasun-neurriei dagokienez eta nabarmentzen ditu euskal osasun-sistema publikoaren kalitate eta segurtasun altuak.