Moriarti Produkzioak, 2025eko Urrezko Danborra

0

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak 2025eko Urrezko Danborra produkzio etxeari ematea erabaki du

Donostiako Udal Taldeek aho batez erabaki dute saria Moriarti zinema produkzio-etxe donostiarrari ematea, egindako ibilbide luze eta laudatuagatik, euskal zinema estatuko eta nazioarteko zinemaren erreferente gisa jarriz.

Bozeramaileen Batzordeak Donostiako herritarrek proposatutako 98 hautagaitzen artean eztabaidatu du, eta aho batez hartu du erabakia, saria zuzenean emanez. Urrezko Danborra datorren San Sebastian egunean banatuko da Udaletxeko Pleno Aretoan.

Moriarti Produkzioak

Moriarti Produkzioak 2001ean Donostian sortutako produkzio-etxe zinematografikoa da. Film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat ekoitzi ditu, eta nazioartean saritutako Handia, Loreak edo La trinchera infinita filmak, Cristobal Balenciaga telesail ospetsua edo Lucio dokumentala bezalako proiektu garrantzitsuak garatu ditu.

Bere ekoizpenetatik lortutako sarien artean honako hauek nabarmentzen dira: 12 Goya sari eta 31 izendapen; Espainia Oscar sarietan ordezkatzeko bi hautagaitza; Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria eta FIPRESCI saria ere; film onenaren Forque saria; EFA sari bat; Platino sari bat; eta film onenaren Sant Jordi saria.