Euskalduna Bilbaok amaiera borobila eman zien bere 25. urteurreneko ospakizunei. Biltzar eta Musika Jauregiak etxeko jendeari keinu egin zion gala honen programan, Bilboko Orkestra Sinfonika, Bilboko Koral Elkartea, Hortzmuga antzerki konpainia, Izaro eta Asier Etxeandia bertan zirela. Ekitaldi hau, gainera, ez zen zilarrezko ezteien ospakizuna soilik izan, bakearen eta giza eskubideen aldeko oihua baizik, goitik behera betetako Auditorium baten aurrean ‘Bake Soinuak’ gozatzen.
Bizkaiko Ahaldun Nagusia Elixabete Etxanobe galaren irekieraz arduratu zen «Jauregi hau harro egotekoa da, hemen musikak, operak, antzerkiak edo hitzaldi batek sortzen dituzten sentsazio guztiak partekatzen ditugulako. Indibidualismoa alde batera uztea lortzen duen itsasgarria da kultura; talentua eta ahalegina baloratzea, garena eta gure nortasuna partekatzeko eta beste identitate batzuk ezagutzeko modurik onena. Eta hemen, Euskalduna Bilbaon gertatzen da hau guztia», adierazi zuen.
Inaugurazio hitzaldiaren ondoren, Asier Etxeandiak BOSekin batera abestu zituen bi obretako lehena interpretatu zuen; John Adamsen ‘Klinghofferren heriotza’ operaren hitzaurrea estreinatu zen Estatu mailan, Bilboko Koral Elkartearen ahotsean. Izaro gaueko beste protagonista bat izan zen, koru taldearekin batera agertokian eta ‘Imagine’ abesti ezagunaren bertsioa eginez. Horrez gain, bertaratutakoek Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ kantataz ere gozatu zuten. Horrekin guztiarekin batera, Hortzmugaren performance bat ere izan zen, sorpresaz beteriko ikuskizuna.
Gala hau 25 urteko kultura, biltzar, musika eta sorkuntza artistikoaren ospakizuna izan da. Mende laurden honetan egindako lanaren eta jauregi honen lehen harria ezarri baino lehenagotik ere lagundu duten pertsona guztien aintzatespena da. Baina etorkizunera begiratzea ere izan da, eta atzokoa bezalako uneak gizartearekin partekatzen jarraitzeko nahia.