EKFBk Maider Unda, Eskubaloiko Emakumezkoen Euskal Selekzioa, Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa eta Basque Team saritu ditu ‘Euskal Selekzioa’ Sarietan

0

Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) ‘Euskal Selekzioa’ sarien banaketa ekitaldiaren bigarren edizioa egin du gaur arratsaldean Donostiako Aquariumean. Bertan, Maider Undaren kirol ibilbidea ekarri dute gogora, hark jaso baitu Ibilbidea saria; bai eta eskubaloiko emakumezkoen Euskal Selekzioaren lorpenak ere, Garaipenak saria jaso baitu; Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak izandako hedapena ere aipatu dute, Proiekzioa saria jaso baitu federazio horrek; eta Bereziki saria jaso duen Basque Team Fundazioaren eguneroko lana ere nabarmendu dute. Gainera, galan, Euskal Selekzioaren bi elastiko berriak aurkeztu dituzte, Hummelek diseinatutakoak, tonu berde eta zuridunak eta ikurrina gogora ekartzen duten zerrendadunak.

Ekitaldian 100 pertsona baino gehiago izan dira, eta Eneko Goia Donostiako alkatea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Angel Gurrutxaga EKFBko lehendakaria izan dira buru. Azken horrek nabarmendu duenez: “Garrantzitsua da mundu osoan gure koloreak eta gure nazioa irudikatu dituzten eta irudikatzen jarraitzen duten pertsonei omenaldia egitea”. “Gaur hemen elkartu gara zuen konpromisoa eskertzeko eta zuen kirol ibilbideak txalotzeko; horregatik, zorionak gaurko egunean saritutako pertsona eta erakunde guztiei”.

Aurten, Proiekzioa saria Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioarentzat izan da, kirol horiek nazioartean inoizko aitortza eta arrakasta maila handienetara eramatea lortu baitu federazio horrek. EKFBtik nabarmendu duten moduan: “Sari hau agian hain agerikoak ez diren kiroletan egiten den lanari egin nahi zaion omenaldia da. Izan ere, kirol horiek ere estatuan zein nazioartean ordezkatzen dute Euskal Herria, euren talentu, ahalegin eta dedikazioari esker”. Andoni Gutierrezek, motonautikako munduko txapeldunak, eta Aitzol Arakistainek, Espainiako txapeldunak, jaso dute saria, federazioaren izenean.

Garaipenak saria Euskal Selekzioko Eskubaloiko Emakumezkoen Selekzioak jaso du, talde lanaren eta kirol lorpenen aitorpen gisa. “Ahalegin eta konpromisoaren adibidea da, eta, batez ere, ahalegin kolektiboaren, dedikazioaren eta grinaren balioak bikain gorpuzten dituen taldea”, nabarmendu du EKFBk. Azken lau urteetan, Eskubaloiko Emakumezkoen Euskal Selekzio Seniorrak Euskadiko kirolaren eragile oso garrantzitsua dela erakutsi du; Brasil, Argentina, Finlandia, Luxenburgo, Txile, Lituania eta pareko goi mailako selekzio nazionalen aurka jokatu baitu. “Azken urteetan gure lurraldean antolatutako nazioarteko norgehiagoka horiek, taldearen lehiakortasuna neurtzeko ez ezik, Euskadin eskubaloiaren ezaugarri diren talentua, dedikazioa eta kirol maila proiektatzeko ere balio izan dute”, nabarmendu dute. Esther Arrojeria Arantzazistroke, Alba Menendez Martinez, Maitane Etxeberria Martinez eta Aitor Urbitarte kirol zuzendariak jaso dute Eneko Goia alkateak emandako saria.

Bereziki sari berezia Basque Team Fundazioari eman zaio, “Euskadin goi mailako kirolaren garapenean egiten duen lan garrantzitsuagatik, laguntza hori funtsezkoa baita euskal kirolarientzat nazioarteko lehiaketetan”, aurreko Parisko Olinpiar Jokoetan islatu zen bezala. Saria Olatz Legarza zuzendariari eman dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak.

Gehien espero zena, Ibilbidea saria, ibilbide profesional eta pertsonal bikaina aitortzen duena, Maider Undak jaso du, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan domina irabazi zuen borrokalariak. Iaz Jose Angel Iribar Euskal Selekzioko atezain ezagunak jaso zuen sari hori. Undak 9 urterekin hasi zuen borroka olinpikoko ibilbidea, Otxandion, artean gizonak nagusi ziren kirola zenean. Bere ibilbidean zehar, hamaikatxo lorpen izan ditu Maider Undak: 15 titulu nazional, brontze bat mundu mailan, hainbat domina Europako txapelketetan eta, batez ere, brontzezko domina bat, Londresko Olinpiar Jokoetan. Horixe izan da munta horretako lorpen bakarra euskal borrokaren historian. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eman dio saria, eta Maiderren iraunkortasuna eta gainditzeko espiritua nabarmendu ditu.

Euskal Selekzioaren elastiko berriak: nortasuna, berrikuntza eta harrotasuna

Galan gehien espero zen uneetako bat Euskal Selekzioaren bi elastiko berrien aurkezpen ofiziala izan da. Hummelekin lankidetzan diseinatutako elastikoak dira, hots, eskaintzen duen kalitateagatik eta kirolaren balioekin duen konpromisoagatik nazioartean ezaguna den etxearekin lankidetzan diseinatutakoak. Bata berde kolorekoa eta bestea zuria, ikurrina gogora ekartzen duten zerrendekin zeharkatuta. “Batasunaren, aniztasunaren eta integrazioaren ikur izatea nahi dugu. Horregatik, bere diseinuan EKFBk ordezkatzen dituen 48 euskal federazioen ezkutuak sartu ditugu, kirol bakoitzaren aberastasuna islatzen duten ilustrazioekin batera”, nabarmendu du Angel Gurrutxaga EKFBko lehendakariak.

Jantzi honekin batera doan leloak, ‘Euskal Selekzioa, geurea, guztiona!’, ezin hobeto laburbiltzen du gu guztiok daukagun kide izatearen sentimendu hori. “Selekzio hau ez da bere izenean lehiatzen direnena bakarrik, ezta kirol bakar batena ere; aitzitik, kolore hauengatik harrotasuna sentitzen duten pertsona guztiena da. Nor garen, gure balioak, gure nortasuna eta nazioarteko maila gorenean lehiatzeko daukagun gaitasuna munduari proiektatzeko modu bat ere bada”, azpimarratu du Gurrutxagak.

Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie, bereziki, kanpaina honen irudian parte hartu duten kirolariei: Nahia Laso (skatea), Lucas Eguibar (skateboarda), Ioseba Iraola (rallyeko gidaria), Beñat Garaiar (txirrindularitza), Andoni Gutierrez (motonautikako gidaria), Sakonetako Lehen Mailako Gimnasia Erritmikoko Taldea (Leioa), Atlético Revolution (futbol 7ko talde inklusibo bakarra Araban eta Euskadin, desgaitasuna duten eta ez duten jokalariekin osatutakoa) eta Gurpil Aulkiko Zuzenak Saskibaloi Kluba, Gasteizkoa. “Horietako askok kirol minoritarioak edo gutxiago aitortuak ordezkatzen dituzte, baina urtean ehunka ordu ematen dituzte entrenatzen eta grinaz lehiatzen, euren diziplina gorenera eramateko. Ahaleginaren eredu dira, eta Euskal Herrian dugun talentu handiaren isla; Europan eta munduan distira egiteko prest”, adierazi dute EKFBko kideek. Kazetari eta aurkezleek ere parte hartu dute kanpainan, hala nola Africa Baetak, Begoña Beristainek, Arnaitz Fernandezek eta Xabier Garcia Ramsdenek.