Euskadiko, Nafarroako eta Errioxako Nekazaritzako kontseilariek ardoaren egoerari buruzko hausnarketa bateratua eskatu diote Nekazaritza Ministerioari

0

Amaia Barredo, Noemí Manzanos eta José María Aierdi Guardian, Arabako Errioxan, elkartu dira, eta ISVk jasotako neurrietan ezar daitezkeen hobekuntzak aztertu dituzte.

Euskadiko, Errioxako eta Nafarroako kontseilariek, Amaia Barredok, Noemí Manzanosek eta José María Aierdik, bilera egin dute gaur Arabako Guardia herrian, eta ardoaren egoerari buruzko Estatu osoko hausnarketa bateratua egiteko eskatu diote Nekazaritza Ministerioari, sektorearen egungo beharretara egokitzen diren neurriak ezartzeko.

Logroñoko La Grajera upategian joan den abuztuan egindako bileraren jarraipena izan den gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzatik Raúl Pérez Iratxetak eta Jorge Garbisuk ere parte hartu dute; Nafarroako Gobernuaren aldetik Rubén Goñik eta Ignacio Gilek; eta Errioxako Gobernuaren aldetik María Jesús Miñanak eta David Martín Civerak.

Gaur, astelehena, euren ikuspuntuak azaldu dituzte Estatuan eta Europar Batasunean planteatu daitezkeen mahastien berregituraketa hipotetikoen aurrean eta ISV-Mahastizaintza eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorialean jasotako laguntzak banatzeko irizpideen aurrean, eta, oraintsu, urriaren 14an, Mahastizaintza eta Ardogintza Politikako Goi Mailako Taldeak Bruselan egindako bileraz eta Europako Batzordeak egindako gomendioez hitz egin dute. 2027aren ondorengo etorkizuneko NPBa ere aipatu dute.

Hiru erkidegoak bat etorri dira mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko egiturazko neurriei buruzko hausnarketa Errioxa JDKren esparrutik haratago egiteko eta gainerako autonomia-erkidegoetara eta mahastiak dituzten eskualdeetara ere hedatzeko premian, gauza daitezkeen estrategiak ikuspegi globaletik jorratzeko.

Alde horretatik, Euskadik, Errioxak eta Nafarroak Lluis Planas Nekazaritzako ministroari helaraziko diote beharrezkoa dela ardoaren sektorearen berregituraketari buruzko eztabaida egitea. Horrek kalitatea areagotuko du, eta, aldi berean, FEAGAk finantzatutako hirugarren herrialdeetan sustapenerako laguntzak bideratzeko eta arintzeko aukera emango duten arau-aldaketak eskatu dituzte.

Era berean, Barredok, Aierdik eta Manzanosek azpimarratu dute beharrezkoa dela ekoizpena arautzeko eta kalitatearen alde egiteko estrategia bateratuak ezartzea eta, horrela, Errioxako JDK-ko ardoen lehiakortasuna areagotzea.

Grajerako aurreko bileran, Euskadiko, Nafarroako eta Errioxako lehen sektorearen arduradun nagusiek mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen egiturazko krisia aztertu zuten, batez ere hiru erkidegoek Errioxa JDKa partekatzen duten neurrian, eta 2027-20232 aldirako PEPACen irekiko den berrikuspenaz hitz egin zuten.