Vienako Udalean egin da aste honetan Bakardadearen aurkako Nazioarteko Foroaren bigarren edizioa. Foro hori funtsezkoa da gaur egungo gizarte erronka handienetakoa den bakardadearen aurka borrokatzeko. Austriako Bakardadearen aurkako Plataformak, Social City Viennak, Emakumearen Osasunaren Bulegoak eta Vienako Arreta Medikoko Helburu Estrategikoen Unitateak antolatuta, tokiko eta nazioarteko ekimenak konektatu ditu foro honek, bakardadeari heltzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta sektoreen arteko lankidetza sustatu zuen irtenbide jasangarriak garatze asmoz.
Ekitaldia Europako Interreg Europa KORALE (Politika publikoetatik bakardadea prebenitzeko eta horri heltzeko ezagutza) programaren parte izan zen. Ekimen aitzindaria da, Austria, Portugal, Irlanda, Belgika eta Danimarkako eskualdeak Gipuzkoarekin lotzen dituena eta, lankidetza eta ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta, gizarte-kohesioa sustatzea eta politika publikoen bidez bakardadea murriztea du jomuga. Foro horren lehen edizioa ekainean egin zen Donostian, Gipuzkoan. Bertan, Gipuzkoako lurraldea nabarmendu zen proiektu horren eragile eta traktore gisa, Hariak estrategia berritzaileari esker. Gipuzkoar estrategiaren izaera aitzindaria aitortu da Vienan, Europako gainontzeko herrialdeentzako “eredu inspiratzaile” gisa.
Hariak: bakardadeari aurre egiteko estrategia integral eta parte-hartzailea
Hariak estrategia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, Adinberri Fundazioaren gidaritzapean, eta lurraldeko erakunde eta entitate nagusien lankidetza du. Estrategiaren helburua da bermatzea lurraldeko pertsona guztiek nahikoa harreman, egitura, jarduera eta tresna dituztela bakardadeari modu autonomoan nola aurre egin aukeratzeko, gisa horretan gipuzkoar guztien ongizate integralean aurrera egiteko. Ikuspegi inklusibo eta parte-hartzaile horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute 2019az geroztik, eta administrazio publikoen, gizarte erakundeen, enpresen, ikerketa zentroen eta herritarren arteko lankidetzan oinarritzen da.
Hariak ekimenaren diseinua 2019an egindako lurralde diagnostiko batekin hasi zen, eta, kontsulta eta partaidetza prozesu baten ondoren, 2022an amaitu zen, lehenengo ekintza plana abian jarrita (2022-2026). Plan horrek hirigintza, osasuna, kultura eta herritarren parte-hartzea bezalako arloetako ekimenak biltzen ditu, lau ibilbide estrategikoren inguruan antolatuta:
· Hariak sarea sortzea eta zabaltzea; sare horrek bakardadeari lotutako lurraldeko erakunde eta elkarteak biltzen ditu, lankidetza eta esperientzia-trukea sustatuta.
· Ekimenen berrikuntza eta hedapena, lehendik dauden proiektuen hobekuntza eta ikuspegi berritzaile berrien garapena sustatuz.
· Bakardadeari buruzko elkarrizketa publikoa sustatzea, gizartea sentsibilizatzeko eta fenomeno horri lotutako estigma hausteko.
· Ezagutza eta ebaluazioa sortzea, bakardadearen fenomenoaren ulermen zientifikoan aurrera eginez, ikerketen eta ** hariak.adinberri.eus** web plataforman integratutako behatoki espezializatu baten bidez.
Hariak ekimenetik Vienan nabarmendu dituzten proiektu nagusiak
Nazioarteko Foroan, Hariak estrategiako ekimen zehatzak partekatu ditu Gipuzkoak, hala nola bakardade egoerak prebenitzeko eta laguntzeko unitatea. Unitate horrek lurralde eragileen parte-hartzea eta plataforma teknologiko bat konbinatzen ditu, bakardade egoeran dauden pertsonak identifikatu eta laguntzeko, telefono, email, txat eta sare sozialen bidez. Proiektu honen helburua da isolamendu kasuen detekzioa hobetzea eta bakardadearen prebentzioan lan egiten duten baliabideen eta eragileen arteko koordinazioa erraztea.
Beste proiektu nabarmen bat izan da telelaguntza-sistema prediktibo bat garatzea. Sistema hori isolamendu egoerei aurrea hartzeko eta erantzuteko diseinatu da, teknologia aurreratua eta pertsonak ardatz dituen ikuspegia erabiliz.
Bakardadean prebentzioko eta esku hartzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia ere aurkeztu du Hariak ekimenak. 800.000 euroko aurrekontua du, eta hainbat garapen etapatako ekimenak finantzatzera bideratuta dago: esplorazioa, esperimentazioa eta hedapena.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak nabarmendu du Vienan egindako Bakardadearen aurkako Nazioarteko Foroak agerian utzi duela Hariak Europako erreferentzia eredu bat dela bakardadearen erronkari ikuspegi integral, berritzaile eta kolaboratzaile batetik aurre egiteko: «Gipuzkoan, frogatu dugu sarean lan egiteak, esperientziak eta ezagutzak partekatuz, aukera ematen digula arazo horri eraginkortasun handiagoz heltzeko. Foru Aldundiak estrategia hau sustatzen du pertsonen ongizate integrala bermatzeko, gure lurraldean kohesio soziala indartuko duten gizarte harreman nabarmenak eta babes egiturak sustatuta”.
Horrela, foru diputatuak azaldu duenez, Hariak ekimenaren baitan, «nahi ez den bakardadea prebenitzeko eta arintzeko lan egiten dugu hainbat esparrutatik: belaunaldien arteko loturak indartuz, elkarrizketa irekia eta estigmarik gabea sustatuz, eta herritarren benetako beharrei erantzuten dieten proiektu berritzaileak bultzatuz». Amaitzeko adierazi duenez, konpromiso horrek «erakunde gisa dugun lehentasuna islatzen du: pertsonak zaintzea eta haien ongizate fisiko, emozional eta soziala bermatzea. Gipuzkoa aitzindaria da pertsonak erdigunean jartzen dituzten gizarte politiketan, horrela etorkizun humanoagoa eta guztiontzako konektatua eraikitzeko”.
Bestalde, ADINBERRIko zuzendari Rakel San Sebastianek Fundazioak bultzatutako eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eta prebenitzeko HARIAK estrategia eta proiektu zehatzak xehetu ditu Vienan: Kalelagun, UPV/EHUrekin lankidetzan, edo HARIAK Kantuz, lurraldeko Abesbatzen Federazioarekin batera. “KORALEren lidergoa edukitzea aparteko aukera da Gipuzkoarentzat, aukera ematen baitigu ikasteko, gogoeta egiteko eta jardunbide egokiak partekatzeko, politika publikoen ardatz izan behar duen errealitate hau arintzera bidean. Europako sare horretako kide izatea eta esperientzia positiboak ezagutzeko eta trukatzeko komunitate bat sortzea funtsezkoa da lurraldeko adinekoen ongizate integrala hobetzeko lanean jarraitzeko, defendatu duenez.
Ildo horretan, gogorarazi du ekainean Donostian egin zela Koraleren lehen study visit delakoa, Tabakaleran 300 pertsona baino gehiago bildu zituen ekitaldia. Orduz geroztik, ADINBERRIk aurrera egin du nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko bidean: Gipuzkoa osoan abian jarritako ekimenen mapaketa sortu du, behatoki bat garatu du, HARIAK estrategiaren barruan sustatutako ekimenak babestu ditu eta proiektu berriak bultzatu ditu, bakardadeari buruzko lehen deialdi monografikoaren bidez (800.000 euro).
Ikuspegi globala Vienako Foroan
Nazioarteko Foroak KORALEn parte hartzen duten Europako beste eskualde batzuen ekimenak ezagutzeko ere balio izan du. Programa horien artean, honako hauek nabarmendu dira: Danimarkako HUSRUM, espazio komunitarioak sortzea ardatz duena; Belgikako OverKophius, belaunaldien arteko bizikidetza sustatzen duena; eta Portugalgo A Avó Veio Trabalhar eta Pelo Direct ao Vento Cabelos proiektuak, sormena, komunitatea eta ongizatea uztartzen dituztenak Lisboan.