Hogeita hamar bat haurrek eta nerabek parte hartu dute Familien eta haurren erakunde arteko V. plana egiteko prozesu parte-hartzailean Melgosa sailburuarekin batera

0

Haurren eta Nerabeen Lege berriak eskubide sustantiboen titulartzat hartzen ditu adingabeak, eta gizartean modu autonomoan parte hartzeko gaitasuna ere aitortzen die

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak EAEko Familien eta haurren erakunde arteko V. plana egiteko prozesu parte-hartzailean parte hartu du gaur goizean. Topaketa telematikoa izan da, eta hiru lurralde historikoetako hainbat herritako haurrek eta nerabeek parte hartu dute, online topaketaren helburua euren iritziak jasotzea baitzen. Gaurko bileran Gorka Oraa Haur, Nerabe eta Familia zuzendariak eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea den Xabier Legarretak ere parte hartu dute.

Gaurko bileran parte hartu duten haurrak eta nerabe gehienak HaurEkin sareari lotutako udalerrietakoak izan dira. Zehazki, 9 eta 14 urte arteko ume eta nerabeak Leioa, Derio, Mundaka, Gasteiz, Zumarraga, Zarautz eta Mutrikukoak izan dira.

Topaketa EAEko Familiei eta Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Plana egiteko prozesuaren barruan egin da. Plana datorren urteko bigarren hiruhilekoan aurkeztea aurreikusten da, eta Administrazioaren plangintza-tresna bat da, Haurren eta Nerabeen Legea hedatzeko eta gauzatzeko.

Gaur goizeko topaketan adingabeek hainbat gai landu dituzte, besteak beste, osasuna, hezkuntza, kontziliazioa, zaintza eta erantzukidetasuna, pertsona zaurgarriak eta etxebizitza, ongizate digitala, kultura eta aisia, parte-hartzea eta espazioa eta ingurumena.

Otsailean onartutako legeak sustatzen duen paradigma berriak azpimarratzen du adingabeak protagonista izan behar direla euren eskubideak benetan baliatzea eta gauzatzea errazteko eta bermatzeko. Asmo horrekin bat etorriz, V. Plan hau gaur goizeko topaketan parte hartu duten adingabeen ikuspegia jaso ondoren idatziko da.