Gaur goizean, Lehendakariak El Correok Bilbon antolatu duen «Expectativas Económicas» Foroan parte hartu du. Bertan, gaur egungo eta etorkizuneko desafio ekonomikoei erantzuteko ardura kolektiboaren alde mintzatu da Imanol Pradales. Lehendakariak azpimarratu duenez, orain hartzen ari garen erabakietan berebiziko garrantzia du erakundeen eta ekimen pribatu eta sozialen arteko lankidetzak; izan ere, orain hartzen diren akordioak etorkizunerako erabakigarriak izango baitira.
«Arrakasta lortzeko sekretu bakarra dago: denon lan bateratua. Herri bezala traineru bakarrean arraun egitea. Gure gaitasun politiko eta sozioekonomikoak aktibatu eta zabaldu behar ditugu, Europa osoko ekonomiaren eta industriaren etorkizunerako une garrantzitsu honetan. Ausartak eta zorrotzak izan behar dugu.” Horixe azaldu du Lehendakariak.
Ildo beretik, Imanol Pradalesek funtsezko hiru gai izan ditu mintzagai: kudeaketa publikoa, Europaren etorkizuna eta Euskadirentzako aukerak.
Kudeaketa publikoari dagokionez, Administrazio eraginkor eta arinaren alde egin du, eta zerbitzu publikoen kalitatearekin eta epe luzerako iraunkortasunarekin konprometituta dagoen Administrazioa defendatu du. Administrazioak gehiegi esku hartzea eta gastu publikoan «gehiagorako gehiago» bideratzearen politika baztertu ditu; zentzu horretan, fiskalitatean zuhur jokatu eta inbertsioak lehenetsi behar ditugula azaldu du. Era berean, lankidetza politiko eta sozialaren garrantzia azpimarratu du, parean dauzkagun erronkei heltzeko, besteak beste, osasunari, etxebizitzari eta migrazioari.
Europaren etorkizunari dagokionez, Imanol Pradalesek Europak bizi duen eraldaketa politiko eta ekonomikoaren prozesuaz hitz egin du, eta Euskadik prozesu horretan aktiboki parte hartu behar duela argudiatu du. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi du Europak estrategia industrial jakin bat hartu behar duela elikagaien, energiaren eta digitalaren segurtasuna bermatzeko, eta Euskadik eremu horretan duen zeregina nabarmendu du, izan ere, Euskadik gaitasun industriala du enplegu kualifikatua sortzeko eta inbertsioak erakartzeko.
Azkenik, Lehendakariak erronka globalen aurrean Euskadik dituen aukerak nabarmendu ditu, esate baterako, klima-aldaketari erantzuterakoan. Zentzu horretan, trantsizio energetikoa Euskadirentzako aukera estrategikoa dela argudiatu du, eta sektore ekonomiko guztiak barne hartzen dituen ahalegin kolektiboa egin behar dela azaldu du. Era berean, ekintzailetzak, berrikuntzak eta enpresa txiki eta ertainei laguntzak ematea Euskadiren eraldaketa ekonomikoaren funtsezko motoreak direla nabarmendu du.
Imanol Pradalesek azpimarratu duenez, politikak bidea erraztu behar du, hain justu ere, sorkuntza, berrikuntza eta ekintzailetza aurrerapenerako motore izatea ahalbidetuz. Era berean, Lehendakariak argi eta garbi utzi du Euskadiren erresilientzian eta sormenean sinesten duela, erronkak gainditu eta bihar-etziko belaunaldientzako etorkizun oparoa eraikitzeko.
Lehendakariak mezu baikor batekin amaitu du bere hitzaldia, zehazki, erantzukizunean, lankidetzan eta ongizate kolektiboarekiko konpromisoan oinarritutako etorkizun komuna eraikitzen laguntzeko deia luzatu du.
«Sofaren erosotasunetik jaiki behar dugu, gure etxeko bertako babesgunetik irten eta bidea azkartu, horrela, aurrean dugun trena ez galtzeko. Etorkizuneko tren horri esker, gure seme-alabek askatasunez eta segurtasunez garatu ahal izango dituzte beren bizi-proiektuak», adierazi du Imanol Pradales Lehendakariak.