Lehendakariak munduan edonolako indarkeria jasaten duten biktimen ondoan egotearen alde egin du gaur, “indarkeriaren eragilea edozein dela ere”. Imanol Pradalesek, Justiziako sailburu María Jesús San Josérekin batera, René Cassin saria emateko ekitaldian egin du deia. Aurten Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWAk) jaso du saria.
Bilboko Yimby Ercilla aretoan egindako ekitaldian Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala duela 76 urte sinatu bazen ere, “zoritxarrez oraindik ere beharrezkoa da demokraziaren, bakearen, askatasunaren, segurtasunaren eta justizia sozialaren printzipioak irmo defendatzea”.
Horri dagokionez, Ekialde Hurbila “adibide lazgarria” da lehendakariarentzat, baita estremismoa, fanatismoa eta erradikalizazioa “nagusitzen direnean” gertatzen denaren “ohartarazpen” bat ere. Pradalesek berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren gaitzespen irmoa, herritar zibil babesgabeek jasaten dituzten erasoengatik, “edonondik datozela ere”, eta, defendatu duenez, “Euskadik beti egon behar du biktimekin. Biktima guztiekin. Erasoen eragilea edozein dela ere, Israelgo gobernua nahiz Hamas”. “Ez dago sarraskiak eta hilketak legitimatuko dituen defentsarako edo haiek justifikatuko dituen prebentzio-estrategiarako eskubiderik. Ezta hilketarako, bahiketarako, torturako edo bahituak truke-moneta gisa erabiltzeko justifikaziorik ere”, adierazi du.
Nazio Batuen Erakundeak eta UNRWAk giza eskubideen alde egindako lana nabarmendu du lehendakariak. Are gehiago, esan duenez, “bidegabe deslegitimatu eta kriminalizatutako nazioarteko erakunde” batek egindako lana izan denean. “UNRWAk argia ematen du iluntasunean. Ekintzekin, milioika pertsonaren giza eskubideak eta duintasuna defendatzen ditu. Bizitzak salbatzen ditu eta dena galdu dutenekin dago. Eskerrik asko, zuen lanagatik”, esanez amaitu du lehendakariak.
Euskal gizarte konprometitu eta solidarioa
Bestalde, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak dei egin du “Euskadin inoiz gehiago ez ditzagun begiak estali giza eskubideen edozein urraketaren aurrean, ez gure lurraldetik kanpo, ez barruan, duela ez asko arte gertatu zaigunez”. Hori dela eta, giza eskubideen urraketen aurrean begiak ez ixteko eskatu dio euskal gizarteari.
Era berean, San Josék herri palestinarrak jasaten duen indarkeria salatu du, eta ohartarazi du beste herri batzuetako sufrimendua ez ikusiarena egitea “gorroto- eta sarraski-agerraldi gehiagoren hazi” bihur daitekeela. Ohartarazpen horrekin batera, UNRWAk egindako lan “bikaina” aintzatetsi du.
Testuinguru horretan, euskal gazteei zuzendutako kanpaina berri bat iragarri du, bihar, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez abian jarriko dena. Ekimen horrek helburu du belaunaldi berriei pluraltasunaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioak babestearen garrantzia helaraztea, “eskubideak ez dira heredatzen, egunero konkistatzen dira” gogorarazita.