Lehendakariak Durangoko Azokako irekiera ekitaldian: “Kultur sorkuntza eta ekoizpena bermatuko dituzten politika publikoak aurrera eramateko konpromisoa hartzen dut”

0

Imanol Pradales lehendakariak parte hartu du Durangoko Azokako 59. edizioko irekiera ekitaldian. “Hartzea ematea DA!” leloarenpean hasiera eman zaio “kulturaren plazari” San Agustin kulturgunean Gerediaga Elkarteko ordezkari, Durangoko Alkate, lehen lehendakariorde, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari eta kultura eragileekin batera. Ekitaldian abuztuan zendu zen azokako zuzendari izandakoari, Jon Irazabali, omenaldia egin zaio.

Pradales lehendakariak azaldu duenez, “kultura sortzeko, partekatzeko eta jasotzeko baldintzak goitik behera aldatu dira” eta horren aurrean “aldaketa horiek irakurtzen asmatu behar dugu”. Lehendakariaren hitzetan, “beharrezkoak ditugu euskarazko sortzaileak, eta beharrezkoak hartzaileak” eta zentzu honetan konpromisoa hartu du  “kultur sorkuntza eta ekoizpena bermatuko dituzten politika publikoak aurrera eramateko”. “Garbi dugu kulturak funtsezko papera betetzen duela balore indibidualak eta kolektiboak garatzeko, eta transmititzeko. Gure nortasun konpartitua elikatzeko, eta indartzeko”, gehitu du.

Aurtengo edizioari keinu eginez, “Hartzea ematea da”, lehendakariak Durango “topaleku, kultura plaza eta komunitate baten plaza” dela aipatu du. Horrela, herritarrei gonbidapena luzatu die Durangora hurbiltzeko eta “gozatzeko”.

Ekitaldiaren aurretik, Imanol Pradales lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, Azokako stand ezberdinak bisitatu dituzte Landakogunean.