Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburu Mikel Jauregik Gestamp bisitatu du Zornotzako Boroa Enpresa Parkean, Euskadiko automobilgintzaren sektorerako eta, zehazki, mugikortasun berrirako eta fabrikazio modu berrietarako enpresa estrategiko baten instalazioak bertatik bertara ezagutzeko. Gestampen aldetik, Plangintza Estrategikoko zuzendari korporatibo María José Armendarizek, Plangintza Estrategikoaren eta I+G Proiektuen zuzendari Katia de Luisek eta Plangintza Estrategikoaren eta Inbertsio Proiektuen zuzendari Federico Engelmanek hartu dute sailburua, eta harekin batera izan dira Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain eta Industria Sustapeneko sailburuorde Andoitz Korta.
Elkarrekin bisitatu dituzte Ibilgailu Elektrikoaren Bikaintasun Zentroaren eta Fabrikazio Aurreratuko Bikaintasun Zentroaren instalazioak. Bertan, automobilgintzarako goi-ingeniaritzako osagai metalikoak (karrozeria, txasisa eta mekanismoak) diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen nazioarteko liderra den Gestamp enpresaren proiektu nagusiak ezagutu ahal izan dituzte.
Gestampek, gaur egun, 24 herrialdetan du presentzia: 115 ekoizpen-planta (horietatik 5 eraikitzen ari dira), 13 I+G zentro eta 44.000 langile baino gehiago. Abadiñon du egoitza soziala, eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ditu ekoizpen-lantegiak. Horrez gain, mugikortasun berrira eta fabrikazio-modu berrietara bideratutako bi bikaintasun-zentro ditu, mugikortasun jasangarriago batera bideratuak.
Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, “Gestamp nazioarteko lider bihurtzen diren Euskadiko enpresa handietako bat da, eta bertan automobilgintzan espezializatutako ezagutza handia biltzen da, I+Gren aldeko apustu handiari esker. Automobilgintzaren euskal industria prest dago klima-aldaketaren aurkako borrokaren eta deskarbonizazioaren erronkari laguntzeko, eta mugikortasun jasangarri berriaren aldeko apustua funtsezkoa da alderdi horretan”.
“Enpresa honen arrakasta balio erantsi handia ematen duten produktu eta prozesu aurreratuak garatzen dituzten enpresa hornitzaileen presentziari ere zor zaio, baita euskal ekosistema industrialari ere; izan ere, ekosistema horretako enpresetan, gehienak ETEak, Gestamp da eragile”, gaineratu du sailburuak.
Automobilgintzaren sektorearen etorkizunerako bikaintasun-zentroak
Zentroa (Ibilgailu Elektrikoaren Bikaintasun Zentroa) ezagutu ahal izan dute. Zentro hori abangoardian dago ibilgailu elektrikoen arkitektura berrien garapenean, eta fabrikatzaileei mugikortasun berrirako trantsizioan laguntzen die, ibilgailu seguruagoekin, eraginkorragoekin eta jasangarriagoekin. Zentro honek ikerketa-prozesuen eta industria-aplikazioaren arteko zubi gisa jarduten du, etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako giltzarri diren ibilgailu elektrikoen fabrikazioan teknologia berriak integratzeko oinarriak ezarriz.
Era berean, 4.0 Fabrika Malguari buruzko Bikaintasun Zentroa (Fabrikazio Aurreratuko Bikaintasun Zentroa) bisitatu dute. Fabrikazio aurreratuko eredu malgu, adimendun eta konektatu berri baten inguruan ikertzen du, haren eraginkortasun operatiboa hobetzeko eta prozesu guztietan jasangarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko, 4.0 Industriaren joerekin bat eginez. Gestampek bere industria-prozesuetan ibilgailu elektrikoari eta mugikortasun berriari begira txertatzen duen kontzeptua ikertu, garatu eta baliozkotzea du helburu.