NIK Patrika Digitala, zure txartel eta zerbitzuak APP bakar batean

0
  • Erreminta digital honek erabiltzaileei aukera ematen die administrazio edo zerbitzu publikoko txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzako txartela, Gaztetxartela), jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edota Lanbide edo metaposta bezalako webguneetan sartzeko
  • Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko lankidetzari esker, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta udalerri horietako bizilagunek udal-txartelak ere digitalizatu ditzakete, hala nola liburutegiko edo kiroldegiko txartelak

NIK Patrika Digitala Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak garatutako zerbitzu digitala da eta helburu du pertsonen egunerokotasuna erraztea eta Administrazioaren eraldaketa digitala sustatzea. Izan ere, tresna digital honek administrazio edo zerbitzu publiko desberdinetako txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzaren txartela, Gaztetxartela…), bai eta abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo Lanbide edo metaposta bezalako webguneetara sartzeko aukera ematen du, APP bakar bat erabilita.

Halaber, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta, beraz, NIK Patrika Digitalaren parte diren herrietako bizilagunek udal txartelak ere sar ditzakete APP horretan, hala nola, kiroldegiko txartela edo liburutegiko txartela. NIk Patrika Digitala zerbitzua eskaintzen duten udalak honako hauek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla.

Informazio-kanpaina

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak zerbitzuari buruzko informazio-kanpaina garatu du, bi helbururekin: batetik, APPa herritarren artean ezagutaraztea eta pertsona gehiagok zerbitzua erabil dezaten lortzea. Eta, bestetik, udalerri gehiagotara zabaltzea NIK Patrika Digitala aplikazioa.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatua du Eudelekin, Nik Patrika Digitala tresna udalen eskura jartzeko. Orain, Euskadiko Udalen Elkartearen bidez, zirkular bateratu bat bidali da EAEko udal guztietara, atxiki gabeko udalerriek bat egin dezaten zerbitzuarekin.

NIK Patrika Digitala APPa erabili nahi duten pertsonek informazio guztia eskuragarri dute nik.euskadi.eus webgunean, eta aplikazioa Apple store-n eta Play store-n deskarga daiteke. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa; BakQ-a online edo aurrez aurre eskuratu edo berritu daiteke.