Inicio albisteak UGP-ak ilusioz, atrakzioz, jarduera ugariz eta sorpresaz beteko du BEC berriz ere

UGP-ak ilusioz, atrakzioz, jarduera ugariz eta sorpresaz beteko du BEC berriz ere

0

Baloreekin jolastea bultzatuko du edizio berri honek, abenduaren 14tik urtarrilaren 5era

Umeen Gabonetako Parkeak abenduaren 14 eta urtarrilaren 5aren artean irekiko ditu entretenimenduz eta dibertsioz betetako mundu baterako ate magikoak, Bilbao Exhibition Centren. Urteroko hitzorduak 58. edizioa egingo du, eta haur, gazte eta helduak gozaraziko dituzten jarduera original, atrakzio berri eta sorpresa ugari izango ditu.

Helburua balioekin ondo pasatzea izango da eta, beste urte batez, PIN/UGParen erakunde laguntzaileek familia osoa harrituko duten proposamen berritzaileak ekarriko dituzte. Oinarrizko sei printzipiotan oinarrituko dira jarduera, jolas eta txapelketok: Elkartasuna, Gizalegea, Jasangarritasuna, Berdintasuna, Familia eta Bizitza Osasungarria. Jarduera horien artean, lehenbizikoz, pickleball-a ere izango da.

Azoka-eremuaren 1, 3 eta 5 pabiloiek hartuko dituzte proposamen horiek guztiak. 33 atrakzio izango dira bertan, lasaienetatik hasita, pendulua bezalako esperientzia hunkigarrietaraino. Eta ahalik eta jende gehienak gozatu dezan, zenbait instalazio ospetsuk bi unitate izango dituzte. Horien artean, piraten barkua, autotxokeak, kangurua eta ninja-dortokak. Halaber, aurtengo edizioak puzgarrien eremu handiagoa izango du.

Hitzorduan ez dira faltako Gabonetako klasikoak: izotz-pista, kart elektrikoak, zezen mekanikoak, ohe elastikoak eta familientzako lehiaketa eta ikuskizunak, besteak beste. Eta aurreko edizioko iritzi positiboei jaramon eginez, jende gehien erakartzen duten bederatzi atrakzioetan ekintza bereziak egingo dira, parte-hartzaileen fluxua arintzeko.

Parkearen lehen egunetan iritsiko da aurtengo berrikuntzetako bat: Olentzero eta Mari Domingiren bisita, abenduaren 14 eta 15ean. Bikote mitologikoak BEC bisitatuko du etxeko txikienek beren desira eta ilusioak zuzen-zuzenean parteka ditzaten.

Bestalde, abenduaren 14, 15 eta 16an, Parkeak neurri bereziak izango ditu askotariko behar funtzionalei erantzuteko. Batetik, argiak eta soinuak doituko dira inguru lasaiagoa sortzeko; eta bestetik, Desgaitasunaren Txartela aurkeztuz gero, sarbidea erosoagoa eta malguagoa izan dadin, sarrera eta irteera libreko eskumuturreko bat eta bi sarrera eskuratu ahal izango dira, prezio murriztuan.

PIN/UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du eta hurrengoak ditu babesleak: BBK, Bilbaoport, Bizkaibus, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, Energiaren Euskal Erakundea, Bilbao Basket Fundazioa, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, Interbiak eta Telepizza.