Abenduaren 1ean, igandean, Gaztemundu 2024 martxan jarri da. Aurten dantza klaseei buruzkoa da. 20 eta 35 urte bitarteko 15 gaztek parte hartzen dute. Argentina, Uruguai eta Estatu Batuetako euskal etxeetatik datoz. 11 neska eta 4 mutil dira. Argentinakoak dira gehienak. Euskal Herriko lurralde guztietako dantzetan trebatzen ari dira. Lehen aste horretan, abenduaren 1etik 8ra, goizean dantza egin dute eta arratsaldean lurralde horietako hiriburuak bisitatu dituzte.
Lehengo astean jomugak hauek izan dira: Gasteiz, Donostialdea, Bilbo eta Arabako Errioxa.
Fandango eta arin-arin Gasteizen
Euskal dantzak euskal kulturaren elementu nabarmena dira. Musika eta dantza mendeetan zehar presente egon dira herrietako ekitaldietan eta ospakizun berezi guztietan. Euskal Diasporako gazteek euskal kultura herrikoiaren adierazpen honekiko erakarpen berezia sentitzen dute, eta horretan sakondu nahi dute. Lehen eskola egunean, abenduaren 1ean, astelehena, Gasteizen, Euskal Herrian oso zabalduta dauden bi dantza molde landu dituzte: fandangoa eta ari-arina. Arratsaldean, erromanikoaren harribitxi bat bisitatu dute, Armentiako basilika, eta hiriko alde zaharrean barrena ere ibili dira.
Gipuzkoako pausoak Donostialdean
Errenteriako herrian, batez ere agurra eta zortzikoak bezalako pausoak landu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantza Gunea bisitatu dute eta Oiartzungo “Usategieta” jatetxean —euskal baserriaren adibide garbia— bazkaldu dute. Ikasketa handiko bi egun izan dira. Abenduaren 3ko arratsaldea Donostian pasa dute, eta hurrengo egunekoa Errenteriako Jantziaren Zentroan, non euskal baserri eta itsas munduko jantziez ikasi duten, bi eremu horiek baitira euskal dantzen jatorria.
Dantzari dantza eta ezpata dantza Bilbon eta Arabako jai-pausoak Gasteizen
Bizkaiko dantzarien egoitzako oholtza zapalduz eta horko ispiluen aurrean, Bilbon bertan, Gaztemundu 2024ko 15 gazteek dantzari dantzari ekin diote, eta, horren barne, agian, bere espezialitate zailenetako bati ere, gorputzari eta dantzaldia gauzatzeko talde koordinazioari dagokienez asko eskatzen dietena: Markina-Xemeingo Ezpata Dantza. Gasteizera itzulita ostera ere, Araban oso ezagunak diren dantzak egin dituzte, hala nola, makilakadak eta zinta dantza. Abenduaren 5etik 8rako arratsaldeetan —hau da, ostegun, ostiral, larunbat eta igandekoak— Gernikan, Durangoko Euskal Azokan eta Arabako Errioxan izan dira.
Atzo astelehena, abenduak 9, Zuberoako pausoak lantzen hasi ziren eta Bilboko Alde Zaharra eta Euskal Diasporaren Artxiboa bisitatu zituzten.
Aste honetan Iparraldeko eta Nafarroako dantzak landuko dituzte. Datorren larunbata, abenduak 14, Gaztemundu 2024 bukatuko da.