GAUR, ASTEARTEA, abenduak 10, Alberto Martínez Osasuneko sailburua ekitaldiaren buru izango da, Basauriko Social Antzokian (18:00), profesionalei egingo zaien aintzatespen jardunaldian
Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea 1984ko abenduaren 14an inauguratu zen «Galdakanoko Ospitalea» izenarekin, eta data horretan artatu zuten lehenengo pazientea. Duela lau hamarkada, bere jardunari ekin zionean, ospitaleak 500 profesional zeuzkan eta 100 ohe. Kopuru horiek asko hazi dira, izan ere, gaur egun, 4.000 profesional sanitario eta ez-sanitario inguru daude, eta 450 ohe baino gehiago Barrualdeko Eskualdeko biztanleei arreta emateko. Osakidetzaren asistentzia-sareko erakunde sendo bihurtu gara, egungo dimentsiora iritsi arteko 40 urteko ibilbidea eta gero; hala, etengabe berritu ditugu gure egiturak eta zerbitzuak biztanleriaren asistentzia-premietara egokitzeko: 308.000 biztanle Bizkaiko Barrualdeko Eskualdekoak eta Aiarako haranekoak.
Ospitalearen 40. urteurrenaz gain, duela 10 urte, 2014ko urtarrilean, hain justu, lehen mailako arretako Barrualdeko Eskualdea eta ospitalea bera —garai hartan Galdakao-Usansoloko Ospitalea— integratu egin ziren Barrualde-Galdakaoko ESI (Erakunde Sanitario Integratua) deritzona sortuz. Horrexegatik, bada, hamargarren urteurrena ere ospatzen dugu.
Gaur, arratsaldeko seietan, Basauriko Social Antzokian, bi urteurrenak ospatzeko ekitaldia egingo da. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua ekitaldiaren buru izango da, eta Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jon Guajardo ESIko zuzendari-gerenteak parte hartuko dute.
ESIko langile guztiei aitortza egin nahi zaie ekitaldi honetan eta, erakundea osatzen duten lanbide-kategoria guztiei omenaldia eginez hasiko gara. Jarraian, Eneko Atxa sukaldari entzutetsuaren —ESIko ohiko kolaboratzaile eta laguna ere badenaren— txanda izango da; eta, ondoren, paziente batek kontatuko dizkigu ESIarekin eta bertako langileekin, urte luzez, daukan esperientzia eta harreman pertsonala.
Egitura eta zerbitzu berriak Barrualdeko biztanleentzako
40 urte hauetan, pazienteen ospitaleko batez besteko pazienteen egonaldia murriztu egin da (12,11 egunetik 4ra); hazi egin da artatutako larrialdi-kasuen kopurua (10.020tik 116.318ra), eta ebakuntza kirurgikoak 1.040 izatetik 25.097 izatera igaro dira, Gernika-Lumoko Ospitalean egiten den jarduera ere gehituta (2012ko abenduaren 12an inauguratu zen). Osasun zentro horren jarduera mediko-kirurgikoa Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalearenari batzen zaio eta, hala, Busturialdeko, Gernikaldeako eta Lea-Artibaiko pazienteen irisgarritasuna hobetzen da.
Urte hauetan guztietan, ospitaleratzearekiko alternatibak hazi egin dira. Batetik, Eguneko Ospitalea jarri da abian, urtean 19.000 prozedura baino gehiago egiten dituena; bestetik, berriz, Etxeko Ospitalizazioko Zerbitzua, estaldura erreferentziako eskualde osora zabaldu duena.
Horrez gain, azken urteotan, teknologia gero eta gehiago erabiltzen da patologien diagnosirako eta tratamenduetarako, eta arlo berriak barne biltzen ari dira: Ospitale Birtuala, Urologiako robot kirurgikoa edo Elikadura Jokabidearen Nahasmenduen Unitatea, besteak beste.
10 urte asistentziaren jarraitutasuna bermatuz
Aurten 10 urte bete dira Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) sortu zenetik, 2014ko urtarrilean, eta horrek Barrualdeko Eskualdeko lehen mailako arreta eta ospitale-arreta integratzea ekarri du.
Horrela, lehen mailako arretako nahiz ospitale-arretako talde asistentzialek artatutako pazienteen asistentziaren jarraitutasuna hobetu egin da, denok baikara erakunde bakar batek kudeatzen duen zirkuituaren parte. Horri esker, asistentzia-mailen arteko interakzioa areagotu da, kontsulta ez-presentzialak eta lantaldeetako lankidetza areagotuz eta, nola ez, arreta soziosanitarioa ere. Nabarmentzekoa da, 10 urte hauetan, berritu egin direla osasun-zentro eta kontsultategi batzuk, hala nola Forua, Usansolo, Etxebarri, Amurrio, Murueta edo Amorebietakoa, pazienteei ahalik eta arretarik onena eskaintzeko.
Gertaera garrantzitsuak: pandemia eta euskara
Azken hamarkada honetako gertaera garrantzitsuenetako bat COVID-19aren pandemiarena izan da, eta erakunde honek ez du hori ahazten. Lehen mailako arretako unitateek eta ospitaleek beren onena eman zuten. Pazienteak eta profesionalak galdu genituen bidean. Gogora ekarri nahi dugu Pneumologia Zerbitzuko Encarni Vicente erizaina, zendu zen lehendabiziko profesionala. Pandemia hasi zenetik lau urte igaro dira, eta asistentzia-jarduera normalizatu egin da. Ikaskuntza horren ondorioz, integrazioa hobetzeko eta lehen mailako arreta indartzeko pausoak ematen jarraitzen dugu.
Gizarte-eremuan, azpimarratzea, zera: Bizkaiko zonalderik euskaldunenean kokatuta dagoen gure zerbitzu-erakundeak, 1. euskara plana 2006an abiatu zenetik hona, ibilbide oparoa egin duela herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta herritarrak, hala nahi duenean, osasun-arreta euskaraz ere emateko.
Nabarmentzekoak dira, besteak beste: profesional euskaldunen hazkundea, herritarren lehentasunezko hizkuntzaren erregistroaren lanketa; gaur gaurkoz, gurean, 82.814 erabiltzailek hautatu dute euskara osasun-arretan ahoz komunikatzeko. Eske horri aktiboki erantzuteko, ostera, talde asistentzial elebidunak antolatu dira lehen mailako arretan eta zirkuitu asistentzial elebidunak osatu arreta espezializatuko hainbat zerbitzutan…
Ibilbide zati esanguratsua falta zaigu ibiltzeko oraindik, euskaraz naturaltasunez lan egiteko, eta horixe erdiesteko asmoz ekinean jarraituko dugu aurrerantzean ere.