Euskotrenek CAFi hiru tranbia estraluze egiteko agindu dio, Gasteizen izan den eskariaren gorakadari erantzuteko

0

Euskotrenek eta CAFek gaur sinatu dute Gasteizko ontzidiari gehituko zaizkion hiru tranbia estraluze egiteko kontratua, Arabako hiriburuko tranbia-zerbitzuan izan den eskaera-hazkundeari erantzuteko helburuarekin. Unitate berriek 19.990.987 euroko inbertsioa ekarriko dute, eta 2027ko bigarren seihilekoan entregatuko dira, ondoren zirkulazioan jartzeko.

Tranbia Gasteizko hiri-garraioaren ardatz egituratzaile gisa sendotzeak eta gero eta eskari handiagoa izateak —bereziki esanguratsua Salburuarako luzapena martxan jarri zenetik eta bidaietan % 50eko deskontuak aplikatu zirenetik—, beharrezkoa egiten zuten ibilgailu berriak erostea zerbitzu egokia emateko, batez ere puntako orduetan eta jendetza handiko egun seinalatuetan, hala nola kirol-, kultura- edo ospakizun-ekitaldietan. Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskotreneko presidente Susana García Chuecak nabarmendu duenez, «hiru tranbia horien erosketa aurreratu dugu herritarrei zerbitzu hobea emateko, tranbiaren aldeko apustu masiboa egiten ari baita mugikortasun jasangarriarekin bat egiteko, gero eta eskari handiagoarekin». Hiru tranbia horiek erostea «flota handitzeko lehenengo urratsa da, eta prozesu hori 2025ean osatuko dugu, beste bederatzi tranbiaren lizitazioarekin —guztiak ere edukiera handikoak—, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta Gasteizko tranbia etorkizunean Zabalganara luzatzeko beharrei erantzuteko».

Gasteizko tranbiaren material mugikorraren egungo flota 16 unitatek osatzen dute: 7 estraluzek eta bost moduluko 9k.

Haien luzerari eta ezaugarri orokorrei dagokienez, hiru tranbia berriak Gasteizko kaleetan barrena gaur egun zirkulatzen duten S600 tranbia estraluzeen antzekoak izango dira. Horiek ere 7 modulu eta 44 metroko luzera izango dute, 400 erabiltzailerentzako edukierarekin.

IRISGARRITASUN UNIBERTSALERANTZ

Zirkulazioan dauden unitate guztiak % 100ean altuera txikikoak badira ere, eta irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen badute ere, hiru tranbia berrien diseinuan eta fabrikazioan berrikuntzak sartu dira, pertsona guztiek garraio publiko egokitu eta inklusiboaz gozatzeko aukera-berdintasuna izango dutela bermatzeko. Sailburuak nabarmendu du «Euskotren lan handia egiten ari dela dibertsitate funtzionaleko eta entzute aktiboko kolektiboen parte-hartzea sustatzeko, pertsona horien beharrak gertutik ezagutzeko», eta nabarmendu du pertsona horiek egindako planteamenduak kontuan hartu direla Euskotrenen Irisgarritasuna Hobetzeko 2024-2030 Plan Estrategikoan.

Tranbia berriek gaur egun zerbitzua ematen duten unitateetan gauzatzen ari diren aldaketak barne hartuko dituzte. Besteak beste, seinaletika aldatuko da irisgarritasun unibertsalaren parametroei jarraituz, eserleku eraisgarriak kenduko dira eta bereizketa kromatikoa erabiliko da lehentasunez erabiltzeko eserlekuetarako, hauek hobeto identifikatzeko. Mugikortasun urriko kolektiboek (adinekoak, haurdunak, haur txikiak dituztenak, etab.) lehentasunez erabiltzeko dituzten zortzi eserlekuak laranja-kolorekoak izango dira. Unitate berriek, oraingoek bezala, bi espazio espezifiko izango dituzte gurpil-aulkietako pertsonek eroso eta segurtasunez bidaiatu ahal izateko.

Tranbia estraluzeek ekipamendu teknologiko aurreratuenak dituzte, mugitzeko, entzuteko eta ikusteko desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna errazteko. Tranbiaren unitateek ate berezi bat dute, mugikortasun urriko pertsonak eta haurren kotxetxoak sartzeko eta irteteko. Unitatearen barruan, gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonek espazio espezifiko bat dute eskura; espazio horretan, ateak desblokeatzeko gailu bat eta geldialdiak eskatzeko sakagailu espezifiko bat, ateak irekitzeko gailu bat eta gidatze-kabinarekin alarma-komunikagailu bat dituzte.

Tranbia berriek TFT teknologiako informazio-pantailak ere izango dituzte, bi tamainakoak; batzuk unitate osoan zehar banatuta linearen helmuga zein den eta hurrengo geldialdia zein den iragartzeko, eta beste batzuk formatu luzatuan ateen gainean, linearen mapa dinamiko gisa.

Gasteizko tranbiak T Moduko megafonia- eta interfonia-sistema bat du, bozgorailuko seinale elektrikoa eremu magnetiko bihurtzen duena, entzumen-desgaitasuna duen pertsonaren audifonoarekin zuzenean elkarreragiteko. Horrela, tranbiaren barruan emandako mezuak argiago entzun daitezke. Seinalizazio-sistema estroboskopiko bat ere badute tranbian: barrualdean —ateak ireki eta ixteko eragiketaren berri ematen du—, eta kanpoaldean —larrialdietan automatikoki aktibatzen da—, tranbia testatzean.

Tranbiaren sarrerako ateek kontraste kromatikoa dute unitatearen gainerakoarekin alderatuta, eta horrek erraz bereizten ditu. Era berean, ateak irekitzeko sakagailuak edo aginteak argi eta garbi bereizten dira beren koloreengatik ateetatik. Gainera, unitateen barruko euste-barrek edo eskudelek hori koloreko zerrenda bat dute, erraz aurkitzen laguntzeko. Gasteizko tranbiak seinaleztapen akustikoko sistema bat du ateetara begira –urrutiko agintearen bidez aktibatzen da—, ateak ireki eta itxiko direla abisatzeko. Halaber, txartelak saltzeko makinek Braille teklatua dute.

Segurtasunari dagokionez, Euskotreneko unitate bakoitzak bideozaintza-sistema bat du, barruan eta kanpoan hainbat kamerarekin, eta irudi-erregistratzaile batekin. Era berean, tranbiak soinuzko seinalizazio-sistema bat du, unitateen joan-etorriaren berri emateko. Bi intentsitate-maila ditu: bata ohiko egoeretarako, eta bestea, biziagoa, zirkulazioan gerta daitezkeen larrialdietarako.

Tranbia bakoitzak argi bidezko seinalizazio-sistema bat du, argi estroboskopikoz osatua, arrisku-egoera posible bat modu bisualean adierazteko. Euskotreneko unitateek abiadura kontrolatzeko sistema bat dute, ibilbide osoan ezarritako gehieneko mugak gainditzea eragozteko, eta kontrol-sistema bat, gidatzeaz arduratzen den pertsonaren zorabioa edo ondoeza gertatuz gero unitatea geldiarazteko.