Imanol Pradales Lehendakariak, Víctor Lapuenterekin batera, «Euskadiko erronka demokratikoari buruzko elkarrizketa» jardunaldian parte hartu du gaur arratsaldean. Deustuko eta Göteborgeko Unibertsitateek antolatu duten ekitaldia, CRAI liburutegian izan da. Elkarrizketa Cristina Monje soziologo, politologo eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak moderatu du.
Lehendakaria, katedradunarekin batera, demokraziak Europan eta, zehazkiago, Euskadin dituen erronka nagusiei buruz solastu da. Imanol Pradalesek adierazi duenez, demokrazia indartzea legegintzaldiko erronka gisa ezarri du. Hala, lehendakariak azaldu du badirela mugimendu antidemokratikoak eta diskurtso xenofoboak eta populistak, Europa eraikitzeko balioak arriskuan jartzen dituztenak, hala nola bakea, tolerantzia edo berdintasuna «.
Lehendakariak gogoeta egin du azken hamarkadetako aldaketa sozioekonomikoek, hala nola klase ertainaren higadurak, digitalizazioak sozializazioan eta kontsumo-joeretan izan duen eraginak eta gero eta handiagoa den indibidualismoak, erakunde publikoei eragin dien konfiantza-krisiari buruz, «baina baita botere publikoen praxi txarrak eta arlo publikoaren kudeaketak, ustelkeriak, klientelismoak eta polarizazio eta krispazio politikoak ere», azaldu du Pradalesek. «Euskadi ez da uharte bat, baina oraindik elementu garrantzitsuak ditu gure zentzu komunitarioarekin zerikusia duen joera horri aurre egiteko, eta gizarteak ulertzen jarrai dezala guztiok dugula komunitatearekiko eskubideak eta betebeharrak. Eta horrek ahalbidetu digu publikoaren, pribatuaren, gizarte-ekimenaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren gainean eraikitzea «, azaldu du.
Pradalesek adierazi duenez, «Euskadin zaindu beharreko elementuak ditugu, gure tradizio historiko eta politikoarekin zerikusia dutenak, eta Eusko Jaurlaritzak arreta guztia jarriko du horietan, hala nola eredugarritasuna praktika politikoan, eztabaida, negoziazioa eta akordioa lehenesten jarraituko duen giroa, eta eraginkortasunean eta kudeaketa onean konfiantza itzuliko duena».