Taldeak identitate faltsuak erabiltzen zituen iruzurrak egiteko eta gailu elektronikoak saltzeko. Ertzaintzak eta Guardia Zibilak 12 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian eta Burgosen, eta 3 miaketa egin dituzte Barakaldon, Bilbon eta Miranda de Ebron.
ANITZ-CYGANSKY operazioa elkarrekin garatu dute Bilboko Ertzain-etxeak eta Arabako Polizia Judizialaren Unitate Organikoak. Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) koordinatu duen operazio horren esparruan, kapitalak zuritzen, dokumentuak faltsutzen, iruzur egiten eta egoera zibila usurpatzen aritzen zen talde kriminal bat desegin dute.
Ikerketen zati bat 2024ko martxoan hasi zuten Bilboko Ertzain-etxean, Bilboko salerosketa-establezimendu batean pertsona batzuek egin behar zuten eta agenteen susmoak piztu zituen salmenta baten ondorioz. Ikertu ondoren, jakin ahal izan zuten, pertsona horiek produktu teknologikoak eskuratzen zituztela Interneten bigarren eskuko salerosketa-aplikazioen bidez, legez kanpo eta ordaindu gabe edo, engainuen bidez, sinestaraziz produktu horiek, oker baten ondorioz, adostutakoa baino gehiago ordaindu zituztela eta ustez gehiago ordaindutakoaren balioko transferentziak jasoz. Gero salerosketa establezimendu fisikoetan saltzen zituzten produktu horiek.
Martxoan bertan, Arabako Guardia Zibilaren Komandantziako Fiskaltza eta Mugetako Patruilak (PAFIF) ohiko ikuskapenak egin zituen, eta pakete-bidalketa susmagarriak antzeman zituen Miranda de Ebroko helbide batera, haien artean itxuraz harremanik ez zuten hainbat pertsonaren izenean. Ikerketan zehar, hasiera batean egiaztatu zuten talde kriminal bat zegoela eta identitate usurpatuak erabiltzen ari zela telefonia mugikorreko kontratuak iruzurrez formalizatzeko, gama altuko gailuak lortuz (telefonoak, tabletak, telebistak…).
Ikerketan zehar, CITCOk hauteman zuen Ertzaintzaren ANITZ operazioa eta Guardia Zibilaren CIGANSKY operazioa bat zetozela. Bi ikerketetan, bat zetozen bai ustezko egileak, bai ikertutako legez kontrako egintzak egiteko erabilitako helbideak, bai eta ustezko biktimen identitateak usurpatzeko erabilitako dokumentazio batzuk ere.
Identitate-usurpazio horiek kalte larria eragiten zieten biktimei, konpainiekin zorpetuta geratzen baitziren eurek jakin gabe, eta berankorren fitxategietan alta ematen baitzitzaien. Egoera horrek erabateko babesgabetasun-egoeran jarri zituen biktima horiek, eta epaiketetarako ere deitu zituzten, eta kasuren batean haietako batzuen aurkako bilaketa-seinalamenduak ere eman zituzten.
Hori dela eta, erabaki zen ikerketak elkarrekin egitea bi polizia-kidegoetako unitate operatiboen artean elkarlanean jarduteko ANITZ-CIGANSKY izeneko baterako operazioaren barruan.
Operazioan zehar 12 pertsona atxilotu dituzte guztira: 5 Burgosko probintzian eta 7 Bizkaian, eta 3 sarrera eta miaketa egin dituzte Miranda de Ebroko, Bilboko eta Barakaldoko higiezinetan. Etxeetako miaketetan eta atxiloketetan parte hartu dute, Ertzaintzaren aldetik, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek eta Esku Hartzeko Unitateko, Brigada Mugikorreko eta Txakur Unitateko agenteek, eta, Guardia Zibilaren aldetik, Arabako Polizia Judizialaren Unitate Organikoak, Arabako PAFIFek, Arabako Erreserba Nukleoak, Arabako Pegaso Taldeak eta Kantabriako Talde Zinologikoak.
Miaketetan, ikertutako delitu-egitateak egiaztatzen dituzten dokumentuak eta objektuak atzeman dituzte: usurpatutako identitateen jatorrizko dokumentazioak eta fotokopiatuak, diru-bidalketen egiaztagiriak, iruzurragatik salatuta zeuden gailu elektronikoak, kriptomoneten zorro bat eta auziarekin zerikusia duen eta aztertuko den dokumentazio ugari.
Ikerketa horren bidez, orain arte lurralde nazional osoan jarritako 50 salaketa baino gehiago argitzea lortu da, honako egitate hauekin lotutakoak:
200en bat telefono-linearen iruzurrezko kontratuak.
Legez kontra lortutako produktuen salerosketa, 192.000 euro ingurukoa.
Taldeko kideen arteko transakzio ekonomikoak 254.000 euro ingurukoak.
Atzerrira egindako transakzioak eta diru-bidalketak, 20.000 euro ingurukoak.
Operazio hori iruzur antolatuaren, ezkutuko ekonomiaren eta delituak egiteko identitateak usurpatzearen aurkako kolpe handia izan da. Epailearen esku utzi ondoren, Miranda de Ebron atxilotutako bi pertsona espetxeratu egin dituzte kautelaz. Ertzaintzak eta Arabako Guardia Zibileko Komandantziako Polizia Judizialaren Unitate Organikoak instruitu dituzte Miranda de Ebroko 1. Instrukzio Epaitegiak zuzendutako eginbideak.