Torres Lehendakariordeak eskatu du emakumea iraultza ekonomikoaren motorra izan dadila, «justizia sozialean eta lehiakortasunean irabazteko»

0

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskatu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna “justizia sozialean eta lehiakortasunean irabazteko motorra” izan dadila. Gasteizen egiten ari diren Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko III. Biltzarraren inaugurazioan adierazi duenez, berdintasuna “garapen sozial eta ekonomikoaren kontua da”.

“Dimentsio globaleko prozesu iraultzaile, geldiezin eta eraldatzaile baten erdian gaude”, azaldu du Torresek, eta “emakumeak babeslekuan egoteari utzi, eta bizitzen ari garen iraultza ekonomikoaren motorra izatea nahi dugu”.

Ildo horretan, Soldata Arrakalaren Plan Operatibo berri bat eguneratzeko konpromisoa hartu du, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian “diseinatu, negoziatu eta, ahal bada, adostu behar dena”, Euskadi 2030ean soldata desberdintasuneko tasa txikiena duten Europako bost herrialdeen artean egon dadin.

“Emakumeek ekonomian, hezkuntzan eta lidergoan parte hartzeak eragin positiboa du, bai banaka, bai taldean. Genero berdintasunaren alde egitea, beraz, gizarte oparoago eta kohesionatuago baterako urratsa da, justizia sozialaren helburua ere badena”, azpimarratu du Torres Lehendakariordeak.

Eta uste du “demokrazia kontua” dela: “Ezin da gizarte erabat demokratikorik egon, emakumeek eta gizonek ez badugu askatasun bera gure bizitza eta lanari buruzko erabakiak hartzeko”. Horregatik, Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko Kongresuaren garrantzia nabarmendu du, emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasuna murrizteko enplegu politika publikoak bultzatzeko adibide gisa.

INEren 2022ko datuen arabera, desberdinak dira gizonen eta emakumeen urteko batez besteko errentak: Euskadiko gizonek 30.095 euroko errenta dute, eta emakumeek 29.314 eurokoa. Beraz, % 17,8ko soldata arrakala dago.

Hori dela eta, soldata arrakalari dagokionez, Lehendakariordeak dei egin du negazionismoari “errotik aurre egiteko”: “Belaunaldi berriei buruzko datuak ez dira itxaropentsuak. Ikuspegi politiko eta sozialean, negazionistak eta arrakala ukatzen dutenak ageri dira. Baina munduan soldata arrakala existitzen da, baita hemen, Espainian eta Euskadin ere”.

III. Kongresua

Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko III. Kongresuak interes handia piztu du, eta 200 pertsona inguru bildu ditu Europa Biltzar Jauregian; horien artean, nazioarteko adituak. Hamabi hizlarik hartuko dute parte. “Emakumeek fakturatu egiten dute” izenburupean, Yolanda Domínguez berdintasun aholkulariak eta dibulgatzaileak egin du hitzaldi nagusia.

Inplementatutako enplegu politika publikoak eta soldata arrakalari aurre egiteko negoziazio kolektiboak duen garrantzia ere jorratuko dira Marie Béatrice Levaux Familiaren Enpleguen Europako Federazioko presidentearen eskutik, edo Julie L ‘Hotel Delhoume Frantziako Enplegatzaile Pribatuen Federazioko estatutuen eta elkarrizketa sozialaren presidentearen eskutik.