700 gaztek parte hartuko dute jardunaldietan eta topaketan hilaren 11tik 13ra
Gaur egungo donostiar gazte gehienek euskara dakiten arren, eduki digitalen kontsumo gehiena gaztelaniaz edo ingelesez egiten dute. Horri aurre egiten laguntzeko antolatzen ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak Xare Euskarazko Kultura Digitalen jardunaldiak Donostiako Batxilergoko lehen mailako ikasleentzat.
Xarek helburu bikoitza du: batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan euskararen erabilera sustatzea, eta bestetik, euskarazko kultura digitala ezagutaraztea.
Batxlergoko 1.mailako ia 600 ikaslek parte hartuko dute, eta goiz osoa emango dute EH Uren Gipuzkoako Campusean , 3 gune nagusitan banatuta: Ikas gunea, ERA gunea eta JOLAS gunea. Bertan, egitarau praktiko, dinamiko eta erakargarriaz gozatzeko aukera izango dute.
Euskara Batzordeak
Gaur egungo donostiar gazte gehienek euskara erabiltzeko gaitasuna duten arren, joera handia dute gaztelaniaz hitz egiteko. Egoera honi aurre egin eta euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz ikasleez osaturiko euskara batzordeak eratzen dituzte zenbait ikastetxetan.
Gazte horiek ikasturtean zehar hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta euskararekiko sentiberatasuna sustatzeko hainbat ekintza egiten dituzte eskolaren eremuan. 14-17 urte bitarteko gazte horiei abenduaren 13an antolatuko den topaketak motibazio bera duten beste zenbait gazte ezagutzeko eta ekimen bateratuak antolatzeko aukera emango die.
Topaketan honako ikastetxe hauetako ia 100 ikaslek parte hartuko dute: Altza BHI, Antigua-Luberri BHI, Arantzazuko Ama BHI, Axular, Ekintza, Elizaran, Lauaizeta BHI, Nazaret, Zubiri-Manteo BHI.