Amaia Barredok Bruselako arrantza-akordioari buruz: “Balorazio orokorra ezin da positiboa izan; urte zaila izango da”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “Bruselan baxurako euskal ontzientzat –tamaina txikienekoak eta kostaldetik gertuen arrantzatzen dutenak– iragarritako akordioarekin, legatza, zapoa eta oilarra bezalako espezieak bere horretan mantentzen dira baimendutako bolumenari dagokionez, edo apur bat igo dira, txitxarroaren kuota bezala”. Sailburuak adierazi du “berdelaren kuotaren jaitsiera esanguratsua” dela, eta balorazio orokorra ezin dela positiboa izan.

“Basea Ondarroan duten eta Frantziako kostaldean eta Irlanda hegoaldean zehar arrantzatzen duten alturako itsasontzien kasuan, kuota-jaitsierek ia espezie guztiei eragiten diete”, erantsi du Amaia Barredok. “Legatzarena % 20 jaitsi da, eta oilarrarena, zapoena eta bakaladarena ere bai. Ontzien azpisegmentu horrek urte zaila izango du”.

Ehunekoetan aurreikusitako aldaketei dagokienez, antxoaren kasuan (33.000) oraindik ez dago erabakirik, Kontseiluaren proposamenik ez dagoelako; Kantauriko zapoa (8c eremua) 4.650etik (EBren 2024ko TACean) 5.432ra pasatuko da 2025ean; Kantauriko oilarra (8c eremua) 3.622tik 4.448ra; Kantauriko legatza (8c eremua) ez da aldatu, 17.445etik 17.445era; berdela (8c eremua) 33.770etik 26.340ra; Kantauriko txitxarroa (8c eremua) 2.097tik 8.220ra; Frantziako kostaldeko oilarra 2.175etik 1.980ra; Frantziako kostaldeko zapoa (8abd eremua) 12.906tik 12.775era; Frantziako kostaldeko legatza (8abd eremua) 27.532tik 22.025era; Europako bakalada 1.529.574tik 1.447.054ra; hegaluzea 35.815etik 35.815era; eta atun gorriaren kuota ere berdin geratu da, 21.503an zegoen eta datorren urtean ere 21.503an egongo da.