Eusko Jaurlaritzak, bigarren urtez, “CIBERGABONAK – Argi ibili eta burua erabili” sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian, Internet bidez erosteko ohitura seguruak bultzatzeko eta herritarrak merkataritza elektronikoaren atzealdeko arriskuez kontzientziatzeko, batez ere erosketak ugaritzen ari diren une honetan. Horretarako, gaurtik urtarrilaren 5era, “CIBERGABONAK – Argi ibili eta burua erabili» kanpaina aktibatuko da euskarri digitaletan.
Gabonetan herritarrek erosketa asko online egiten dituzte, horregatik, garai honetan zibermaulak ohikoagoak izaten dira. Arruntenak ezaugarri hauetako baten ondorio izaten dira: neurriz kanpoko eskaintzak, klik eginez lortu daitezkeen doako produktuak, beste web baten itxura duten webgune faltsuak, phishing mezu elektronikoak eta aplikazio edo luzapen bat deskargatzera behartzen gaituzten mezuak.
Online erosketa bat egin aurretik kontutan izan behar da lehenik eta behin, zuhurtasunez aritu behar dela onegiak iruditzen diren eskaintzekin. Erosketa egiteko orria fidagarria eta ezaguna dela ziurtatzea garrantzitsua da. Horretarako, lehenik nabigazio-barrako https erreferentzia egiaztatu daiteke, beste kontsumitzaile batzuen balorazioak ere aztertu daitezke, haien kontaktu-informazioa, etab. Gainera, ez da komeni orri horretara emailetan edo promozioetan iritsi diren esteken bidez iristea, orri ofizialen oso antzekoak diren orri faltsuetara desbideratzeko arriskua dagoelako. Horregatik, nahi den webgunearen helbidea idatzi behar da beti nabigatzailean.
Herritarrak erosketa egingo duen lekua segurua eta fidagarria dela egiaztatu ondoren, erosketa egiteko egin beharreko lehenengo gauza edozein wifi publikotik deskonektatzea da. Hobe da mugikorrean daturik gabe geratzea, bankuko datuak lapurtzea baino. Gainera, txartel birtual bat erabiltzea gomendatzen da, autetifikazio bikoitzaren segurtasunarekin. Azkenik, edozein unetan aplikatu badaiteke ere zure bankuko gakoak beste inorekin inoiz ez partekatzea gomendatzen da.
Gainera, susmoren bat izanez gero edo iruzur batean eroriz gero, Ertzaintzan salaketa bat jartzea komeni da.