Javier Hurtado sailburua: “Turismoaren eta merkataritzaren industriek duten garrantziaren inguruan herritarrak sentsibilizatzen jarraitzeko unea da, Euskadiko enpleguaren % 24 baitira”

0

Sailburuak azaldu duenez, legegintzaldi honetan turismoaren sektorearen kanpo-eragin positiboak bultzatuko dira, eta negatiboak arindu, eta gizartea kontzientziatu behar da turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreek duten garrantziaren inguruan

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok 2024ko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariak inauguratu ditu. Sari hauek 3 arloetako profesionalei ematen zaizkie, beren negozioetan edo ibilbidean izandako jardunbide egokiengatik, baita berrikuntza eta ekintzailetzagatik eta kontsumo arduratsuaren balioak bultzatzeagatik ere.

Sailburuak azaldu duenez, sari hauek legegintzaldi berri batean eta pandemiak markatuta aurrekoaren oso bestelako egoera batean ematen dira.

 “Krisi pandemikoa gainditu dugu zuen ahaleginari eta konpromisoari esker. Turismoan, horrek ekarri du 2024ra iristea Euskadiko turismo-industriaren unerik onenean, hazkunde moderatuarekin eta, batez ere, orekatuarekin: % 5,2koa udatik kanpo eta % 1,2koa bakarrik udan. Eta merkataritzan, eraldaketa-une batean bizi gara, trantsizio hirukoitzari (ingurumenekoari, soziodemografikoari eta digitalari) heltzen dio une batean, Merkataritza 2030 Merkataritzaren Euskal Estrategiaren ibilbide-orriarekin eta merkataritzaren arloko gure profesionalen ahaleginarekin”.

Gainera, kontsumoari dagokionez, behar berriei aurre egiteko tresnarik onenetakoa dugu dagoeneko, sailburuaren hitzetan. “Kontsumitzaile eta erabiltzaileen estatutuari esker (urtebete baino gehiago daramagu hura hedatzen), kontsumitzaileen babesa indartzen dugu, kontsumo-ohitura berrietara eta aldatzen ari den gizarte batean horiek dituzten inplikazioetara egokituta”.

Ildo horretatik, sailburuak eskatu du elkarrekin aurrera egiten jarraitzea eta edozein erronka berriri modu koordinatuan aurre egitea. “Turismoan, adibidez, Euskadiko turismo-industriarentzat urterik onenak izaten ari diren arren, erabat jakitun gara, baita ere, bizitzen ari garen paradigma-aldaketaz, herritarrek turismo-industriaren inguruan duten pertzepzioari dagokionez. Pertzepzio hori fenomeno globala da, eta bereziki eragiten die Euskadikoez oso bestelako eredu eta karga turistikoak dituzten helmuga batzuei, baina fenomeno horrek ere eragiten digu, eta ez dugu beste aldera begiratuko. Urteak daramatzagu turismo-eredu jasangarri eta orekatu bat lantzen, desestazionalizazioa, fluxuen lurralde osoko mugimendua eta Erkidego osoaren arteko banaketa ekonomikoa sustatzeko. Eta finkatutako eredu hori sendotzen jarraituko dugu. Horregatik, ardatz hartuko dugu herritarrak sentsibilizatzea eta, industria guztiek bezala, kanpo-eragin positiboak eta negatiboak dituen industria baten beharra haiei erakustea.

Ildo horretatik, sailburuak profesional guztien lana aintzatetsi nahi izan du; kontsumoko profesionalena, kontsumitzaileen eskubideak defendatzeagatik, eta turismoaren sektoreko, merkataritzako, profesionalena. “Euskadiko 4 pertsonatik 1i eta 250.000 euskal familiari enplegua ematen dieten industrien lana. Sailetik zuen lana babestu dugu eta babesten jarraitzen dugu, laguntzekin, proiektu estrategikoekin eta lege berriekin, hala nola aurki aterako den Turismoaren Legearekin edo legealdi honetan garatuko dugun Merkataritza Jardueraren Legearekin. Eta orain aparteko ahalegina egingo dugu herritarrak sentsibilizatzen jarraitzeko gure kaleetara bizia ekartzen duten industrien inguruan, beste sektore askok jarduera izan dezaten sustatzen dutelako eta gure ekonomiari, kulturari eta balioei ekarpen handia egin dietelako”.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sariak 2024

Turismoa

  • Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria 10 langile arteko enpresentzat: Go Local Tours San Sebastian.
  • Turismo-berrikuntzaren Euskadi Saria 10 langile baino gehiagoko enpresentzat: Bodegas Herederos del Marqués de Riscal.
  • Helmuga arduratsu eta jasangarriaren Euskadi Saria: Albaola Itsas Kultur Faktoria.
  • Ibilbide profesionalaren Euskadi Saria: José Antonio Ramos, Bilbao Berria jatetxeko jangela-zuzendaria.
  • Aipamen berezia: Santiago Rivera, Donostiako La Viña tabernaren jabea.

Merkataritza

  • Ibilbide profesionalaren Euskadi Saria: Minimil.
  • 10 langile arteko euskal merkataritza-enpresaren Euskadi Saria: Choc Arte Coop.
  • 10 langile baino gehiagoko euskal merkataritza-enpresaren Euskadi Saria: Elvira harategia.
  • Ekintzailetzaren Euskadi Saria: Arantza loradenda.
  • Merkataritza-eremuak dinamizatzearen Euskadi Saria: ABK Asociación Barakaldo.

Kontsumoa     

  • Euskadi Saria, kontsumitzaileen babes handiagoa lortzearen aldeko jarduketengatik: Euskadiko Kontsumitzaileen Batasuna – EKB.
  • Euskadi Saria, kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiengatik: Goiener S. Coop.
  • Euskadi Saria, kontsumitzaileen eskubideen aldeko informazio- eta/edo dibulgazio-ekintzengatik: Radio Nervión, ¡Vaya domingo!