Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, Mikel Jauregik, azaldu duenez zerrendan txertatutako teknologia eta materialak erosten dituzten enpresek Sozietateen gaineko Zergatik egindako inbertsio-kostuaren %30 kendu ahal izango dute.
Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratzeko eta onartzeko agindua Ihobe, Spri eta EEE erakunde publikoen artean garatu da, euskal ogasun eta Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoarekin elkarlanean.
Finantza-erakundeak, teknologia-hornitzaileak, zerga-aholkularitzak, enpresa-elkarteak eta enpresak barnebiltzen ditu aginduak. Erakundeen arteko lankidetzak helburu du trantsizio berderako bidea bizkortzea, ahalik eta modurik eraginkorrenean enpresentzat.
Teknologia garbien zerrenda berriak industria berria sortzeko palanka izan nahi du, gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen, deskarbonizazioaren aldeko apustuan, 2050erako klima-neutraltasuna helburu gisa ezarrita.
Eguneratu den zerrendan teknologia berriak txertatu dira, bereziki hidrogeno berdea bultzatzeko bost teknologia, guztira 64.Horien artean daude energia berriztagarrien 11 teknologia, ekonomia zirkularraren 19 eta zero kutsaduraren 29.
Presidenteen Konferentzia eta bilera Kanarietako presidentearekin
Imanol Pradales Lehendakariak Presidenteen Konferentzian parte hartuko du ostiral honetan, Maria Ubarretxena bozeramailearekin batera. Gobernu Kontseiluan bilera horretara eramango dituen gaien berri eman du.
Zentzu horretan, bozeramaileak jakinarazi du bihar arratsaldean Lehendakariak Ajuria Enean jasoko duela Kanarietako Gobernuko presidente Fernando Clavijo jauna, presidenteen konferentziara migrazioaren kudeaketarako proposamen bateratua eramateko helburuarekin. Ubarretxenak adierazi duenez, Euskadi “Iparraldeko Muga” gisa izendatua izan dadila eskatuko du Lehendakariak, Kanariar Uharteak, Ceuta eta Melilla “Hegoaldeko Muga” diren moduan.
Lehendakariak, halaber, Presidenteen Konferentzian eskatuko du erreferenterik gabeko adingabe atzerritarren banaketa ekitatibo, orekatu, solidario eta bidezkoa egitea eta defendatuko du Europako funtsen kudeaketa egokiagoa eta eraginkorragoa izango dela Euskaditik. “Euskal erakundeak gure produkzio-saretik hurbilago gaude eta zuzenean ezagutzen ditugu haien erronkak eta beharrak” gaineratu du bozeramaileak.
586 milioi, gastu farmazeutikorako
Gobernu Kontseiluak, halaber, 586 milioi euroko partida bat onartu du, 2025ean Euskadin errezeta-mediko bidezko farmazia-prestazioaren gastua ordaintzeko. Aurreko urtearekin alderatuta, %3,37ko igoera izan du aurrekontuak, 19 milioi euroko igoera, alegia.
Aurrekontu hori Osasun Sailak Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialekin urtero sinatzen duen itunari dagokio eta itun horrekin, Sailak sendagaiak, formula magistralak eta mediku-preskripzioari lotutako beste produktu mota batzuk ordaintzen ditu.
Lurraldeka, Arabak 83 milioi euro jasoko ditu. Gipuzkoak 173 milioi euro eta Bizkaiak 330 milioi euro.
Eusko Jaurlaritzaren, UGTren eta CCOOren arteko akordioa
Akordio horri esker, EAEko administrazioko lan-kontratudun langile finkoek erretiro partziala har dezakete. Horrela, langile horien lan-bizitza amaitzeko bidea hobetu eta erraztu nahi da. Aukera hori urtero negoziatzen da sindikatuekin, aurten, baina, azaroaren 27ko mahai orokorrean planteatu eta adostu zen aukera hori urtero negoziatu beharrean, egonkor bilakatzea, langileei, urtez urteko negoziazioak sor diezaieken ziurgabetasuna saihesteko.