eLankidetzak gatazketan eta indarkeria egoeretan 12 milioi eurorekin 43 ekimen humanitario babestu ditu

0

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, 12 milioi  euro baino gehiago bideratu ditu, aurten, mundu osoko gatazka edo indarkeria testuinguruetan krisi humanitarioak jotako pertsonak babesteko 43 ekimenetara −29 proiektu, sei estrategia eta zortzi dirulaguntza zuzen edo nominatiboak−. Artatutako krisien artean, % 50 baino gehiago Europar Batasuneko 2023ko krisi ahaztuen azken zerrendan daude, hala nola Libano, Mexiko eta Erdialdeko Amerika, Kamerun, Sahara edo Hego Sudan.

Egun, 122,6 milioi pertsona baino gehiagok etxetik alde egin behar izan dute gerraren, gatazken, jazarpenen, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen ondorioz. Kopuru horretatik, 37,9 milioi inguru errefuxiatuak dira, eta % 40 inguruk 18 urte baino gutxiago dituzte Iheslarientzako NBEaren Agentziaren (ACNUR-en) arabera. Nazioarteko babesa behar duten pertsonen % 71 baliabide urriak dituzten inguruko herrialdeek hartzen dituzte.

Euskal zein tokiko erakundeek egiten duten lanari esker, eLankidetzak ekintza humanitarioko 29 proiektu lagundu ditu eta guztira, 5,6 milioi euro izango dira. Babestutako 15 proiektu Afrikan gauzatuko dira, eta emakida horren % 50 baino gehiago izango dira. Proiektuek kalitatezko osasun-zerbitzuak eskainiko dizkiete Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Etiopian indarkeria jasan duten emakumeei, edo hezkuntza Txaden, Malin edo Kamerunen dauden haurrei. Era berean, laguntzak emango dira Aljeriako saharar errefuxiatuen osasun oftalmologikoa babesteko edo Hego Sudanen edo Nigerren gatazketan dauden herriei laguntza humanitarioa emateko.

Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan gauzatuko diren ekimenetako batzuk honako hauekin lotuta daude: Libanoko hegoaldean edo Gazan errefuxiatuta dauden emakume palestinarrentzako arreta mediko eta psikosoziala; Venezuelako krisi-testuinguruan herritarrei hezkuntza ematea; Kolonbian lekualdatutako komunitate indigenei arreta ematea edo Mexikoko hegoaldeko eta iparraldeko mugan, Guatemalan eta Hondurasen, haur, nerabe eta emakumeei babes humanitarioa ematea.

Larrialdietarako nazioarteko funtsa

Urtero bezala, Unai Telleria Euskadik Estatu Batuetan eta Kanadan duen ordezkariak CERF High-Level Pledging Event: A Fund for all by all ekitaldian parte hartu zuen asteartean, New Yorken, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA) antolatuta. Bere hitzaldian, Telleriak iragarri zuen, 2025ean, Eusko Jaurlaritzak, eLankidetzaren bidez, 250.000 euro emango dizkiola Nazio Batuen Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Zentralari (CERF).

Testuinguruen konplexutasuna eta krisi humanitarioek sortutako behar anitzak kontuan hartuta, eLankidetzak ekintza humanitarioan egiten duen apustuetako bat larrialdiei berehalako erantzun koordinatua ematea da. Horregatik, urtero ekarpen ekonomikoak egiten ditu nazioarteko deietara edo funts globaletara, hala nola CERFera. 2019tik, eLankidetzak milioi bat euro baino gehiagoko ekarpena egin dio funtsari.