MOVES III-ren laguntzak 2025eko ekainera arte luzatuko dira Euskadin

0

MOVES III laguntza-programaren deialdia, ibilgailu elektrikoak erostea eta kargatze-puntuak instalatzea sustatzekoa, sei hilabetez luzatu da, eta, beraz, 2025eko ekainaren 30era arte egongo da indarrean.

Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpena bihar, asteartea, 2024ko abenduaren 31ko EHAAn argitaratuko da. Hala, Euskadik garaiz eta behar bezala lortu du mugikortasun elektrikorako laguntza nagusiek indarrean jarraitzea 2025eko lehen seihilekoan, eta, hala, mugikortasun iraunkorra sustatzen jarraitzea.

EEEk ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-printzipioetan oinarritutako mugikortasun-eredurantz aurrera egiteko konpromisoari eusten dio. Gero eta nabariagoa da energia berriztagarrietan oinarritutako ibilgailuen joera, ibilgailu “alternatiboak” (hibridoak, elektrikoak eta gasa) saltzeak gero eta lur gehiago hartzen baitu. Era berean, mugikortasun elektrikoaren euskal estrategia berriak eragin handia du balio erantsian, enpleguan, enpresen lehiakortasunean eta berrikuntzan.

MOVES III laguntzak

MOVES III diru-laguntzen programa Europako Batasunak finantzatutako eta EEEk Euskadin kudeatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da. Programaren diru-zuzkidura, guztira, 65 milioi eurokoa da. Horietatik 35 milioi euro ibilgailu elektrikoak erosteko dira, eta 30 milioi euro kargatzeko azpiegiturak ezartzeko. Orain arte, 17.400 laguntza-eskaera jaso dira, eta horietatik% 91 ebatzi dira.