Euskadiko 597 enpresak eta haien 759 proiektuk jaso dituzte SPRI Enpresa Garapenerako Agentziak, laguntzen hiru programaren bidez, 2024an Euskadiko ETEak berritzeko eman dituen 12,5 milioi euroak, Hala, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak beste 23 milioi euro mobilizatu ahal izan ditu inbertsio pribatuan.
9 milioi euroko amaierako aurrekontuarekin, Fast Track Innobideak programaren lehen deialdian berrikuntzako 137 proiektu eta berrikuntzan laguntzeko 13 ekintza osagarri finantzatu dira. Hala, 23 milioi euro bideratu dira berrikuntza-jardueretara, industriako eta industriarekin lotutako zerbitzuetako 136 ETE-ei zuzenduta.
Fast Track Innobideak da ETE-en berrikuntza bizkortzeko finantza-laguntza emateko programa eta berrikuntza-proiektuen garapena azeleratzeko sortu da, Euskadiko industriako eta industriarekin lotutako zerbitzuetako ETE-en lehiakortasuna, espezializazioa eta dibertsifikazioa sustatzeko. Horren helburua da Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin lerrokatuta dauden berrikuntza-proiektuak babestea eta berrikuntza modu sistematikoan bultzatzeko ekintza osagarriak sustatzea.
Hazinnovak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera, 499 proiektu babestu ditu 2,173 milioi eurorekin. Hazinnova Euskadiko ETE-ei doako aholkularitza eskaintzen dien programa da, produktu eta prozesuetan berrikuntza-mikroproiektuak bultza ditzaten.
Hazinnova dirulaguntzen programaren helburua da enpresei berrikuntza ez teknologikoko proiektu txikiak martxan jartzen laguntzea enpresa barruan, lehiakortasuna hobetzeko. Horretarako, Hazinnovaren hurbileko eragile bat jartzen du enpresa onuradunen esku, prozesu osoan zehar laguntzeko, bai eta berrikuntzako adituen aholkularitza-zerbitzu bat ere, 50 orduko aholkularitza pertsonalizatua eta aurrez aurrekoa eskaintzeko.
Azkenik, BDIH Konexio programaren bidez, 97 enpresaren 124 programa finantzatu dira, berrikuntza-prozesuak bermeekin bizkortzeko. Hala, enpresa horiek Basque Digital Innovation Huben (BDIH) edo Europako DIH jakin batzuen aditu-laguntza izango dute eta haien ezagutza, azpiegiturak eta teknologiak jarriko dituzte enpresen esku, proiektu digital eta jasangarriak esperimentatzeko eta probatzeko.
Basque Digital Innovation Hub (BDIH) probak egiteko eta baliozkotzeko azpiegituren, instalazio pilotuen eta know-howaren sarea da eta Fabrikazio Aditiboan, Adimen Artifizialean, Robotika Malgu eta Kolaboratiboan, Zibersegurtasunean, Makina Adimendun eta Konektatuetan eta Material Aurreratuetan, Data Driven Solutionsetan, Sare Elektriko Digitaletan eta Gailu Medikoetan eta Osasun Digitalekoetan espezializatuta dago. Horiek guztiak industria digital eta jasangarrirako teknologia garrantzitsuak dira