Bizkaiko Foru Aldundiak 700.000 euro inguru bideratuko ditu 2025ean zahartze aktiboa bultzatzeko, adinekoen elkarteen dinamismoa babesteko eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) metodologian oinarritutako hiri eta komunitate lagunkoiak sustatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak foru dekretuak onetsi ditu zenbait dirulaguntza arautzeko: batetik, erretiratuen etxeek, klubek eta elkarteen programak egiteko eta mantentzeko laguntzak; bestetik, udalek, mankomunitateek eta udal partzuergoek Bizkaiko lurraldean OMEren metodologian oinarritutako hiri lagunkoien proiektua bultzatzeko eta Bizkaia zahartzeko egokia den adineko guztientzako lurraldea izateko proiektuak egiteko diru-partidak.
Asoziazionismoaren bidez, zahartze aktiboa bultzatzea
Foru Gobernu Kontseiluak adinekoen elkarteentzako deialdia onartu du, eta horretarako, 498.150 euroko partida bat bideratu du, zahartze aktiboa sustatuko duten eta isolamenduari aurre egiten dioten programak garatzearren, arlo anitzekoak: kulturakoak, jostatzekoak, kirolekoak, elkartasunekoak eta belaunaldien artekoak.
Kalkulatzen da 150 elkarte inguruk eskatuko dituztela laguntza horiek 2025ean, interakzio komunitarioa sustatuko duten eta adinekoen ohiko ingurunean gizarte-harremanak indartuko dituzten ekimenen bidez. Gainera, komunitatearen premiei erantzungo dieten belaunaldien arteko jarduera solidarioak bultzatuko dira.
Bizkaian, 60.000 adinduk baino gehiagok hartzen dute parte horrelako elkarteetan, eta Europan bakarra den dinamismo-eredu paregabea osatzen dute. Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira 2025eko urtarrilaren 20tik martxoaren 31ra.
Adinekoekin lagunkoiak diren lurraldeetarako udal-proiektuak
Bigarren laguntza-lerroa, 200.000 eurokoa, adinekoekin lagunkoiak diren hirien proiektua bultzatzen duten udal, mankomunitate eta udal-partzuergoei zuzenduta dago. Proiektu hori 2013ko Dublingo Adierazpenarekin eta OMEren metodologiarekin bat dator.
Dirulaguntza horien helburua da adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten tokiko ekimenak sustatzea, gizartean parte-hartze aktiboa izango duten espazio eta ingurune inklusiboak sortzearren. Toki-entitateek 2025eko urtarrilaren 20tik apirilaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak.
Deialdi horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du zahartze aktiboarekin, belaunaldien arteko ongizatearekin eta lurralde bat sortzearekin duen konpromisoa, pertsona guztiek, adina edozein dela ere, kalitatez eta duintasunez bizitzeko beharrezko baldintzak aurki ditzaten.