Errolda-ziurtagiria Nafarroako 32 udaletan eska daiteke, modu automatizatuan

0

Nafarroako 32 udaletako bizilagunek dagoeneko eska dezakete udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria modu automatizatuan, edozein unetan, joan-etorririk, itxaronaldirik, aurretiko hitzordurik eta dokumentazio-entregarik gabe. Aurrerapen hori ahalbidetzen duen soluzioak ahots-robotak erabiltzen ditu kudeaketa horri erantzuteko, eta herritarrek modu erosoagoan, azkarragoan eta eraginkorragoan jaso dezakete ziurtagiria etxean.

Aurrerapen hori urrats garrantzitsua da udal zerbitzuetarako sarbidea digitalizatzeko eta modernizatzeko, Nafarroako Gobernuak Toki Entitateentzako Digitalizazio Plan Estrategikoaren esparruan abian jarritako «Omnikanalitatea, automatizazioa eta mugikorretik irisgarritasuna» proiektuari esker. Plan honek Nafarroako Gobernuak toki entitateei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko konpromisoari erantzuten dio, digitalizazioa eta modernizazioa sustatzeko, herritarren zerbitzura.

Hona hemen telefono dei soil baten bidez kudeaketa horretaz baliatzen diren Nafarroako 32 udalak: Altsasu, Antsoain, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Zendea, Corella, Ezkabarte, Galar, Gesalatz, Uharte, Lerin, Milagro, Noain (Elorztzibar), Olazti/Olazagutia, Erriberri, Salinas de Tafalla, Aranguren, Egues, Valtierra, Viana, Villafranca, Atarrabia, Atarrabia

Tracasa Instrumental sozietate publikoak ezarritako soluzio teknologiko horri esker, errolda-ziurtagiria eskatzeko, erabiltzaileak 012 zerbitzura dei telefoniko bat baino ez du egin behar, eta ahots automatizatu batek bideratuko du izapidearen eskatzailea. Kudeaketan zehar arazoren bat balego, 012 lantaldeko profesionalek, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara, deia harrapatu eta gorabehera konponduko lukete.

Aipatzekoa da errolda-eskaera telefonoz egitea 012 telefono bidezko arreta-zerbitzuak udal-eremuan eskaintzen duen zerbitzuetako bat dela. Hori da Nafarroako Administrazio Publikoen herritarren arretarako telefonoa, Nasertic enpresa publikoaren bitartez Nafarroako Gobernuari eta 41 udal eta 122 kontzejuri zerbitzu-karta zabala eskaintzen diena.

Laster katastroa ere bai

Proiektuaren helburu nagusia da tokiko erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzea, hainbat kanal integratu erabiliz (omnikanalitatea); erantzunen automatizazioa ‘bots’ en bidez (zeregin programatuak eta errepikakorrak egiten dituzten aplikazio informatikoak), ohiko kontsultei erantzuteko gai direnak; eta mugikorretik irisgarritasuna. Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioaren 1,1 milioi euro inguruko aurrekontua du, toki-erakundeen administrazioak digitalki eraldatzeko eta modernizatzeko, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funtsen esparruan.

Orain arte, omnikanalitate-plataforma berria (Genesys Cloud) ezartzea ahalbidetu du, Nafarroako 41 udaletan eta 122 kontzejutan dauden ahots-kanalak eta telefonoguneak migratuz eta udal-telefonoguneetan erantzun automatizatuen menu gidatua duen ‘voicebots’ -a txertatuz. ‘Voicebot’ zerbitzu berri honekin, 31 udalek jasoko dute teknologia berri hau. Aurreikuspenen arabera, ‘voicebots’ bidezko arretaren hedapenari esker, katastroko eskaerei ere erantzun ahal izango zaie.

Gainera, Hizkuntza Naturala Prozesatzeko Teknologia (NLP) integratzeko proiektu pilotu bat jarriko da abian, hizkuntza naturala ulertu eta interpretatzeko eta kontsultei modu arin eta osatuagoan erantzuteko; kanal digital berriak integratuko dira (WhatsApp, RRSS…); ahots-kanpaina masiboak eta digitalak sortuko dira, eta aurretiko hitzorduak eta beste eskaera batzuk automatizatu eta integratuko dira, hala nola JEZren bolanteak eta ziurtagiriak, PFEZrako JEZa, ordainagirien kopiak, udaletako eta ondasunetako zorrik eza.

Toki Erakundeentzako Digitalizazio Plan Estrategikoa

Proiektu hau Toki Erakundeentzako Digitalizazio Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan horren helburua da digitalizazioan eta modernizazioan aurrera egitea, modu kohesionatuan eta lurraldea egituratzeko ikuspegiarekin, herritarrei zerbitzu publikoak hurbilduz eta eskuragarriago eginez.

Plan honen ardatz nagusiak hauek dira: gaikuntza eta kontzientziazioa; azpiegitura teknologikoen modernizazioa; zibersegurtasuna eta informazioaren babesa; herritarrengan oinarritutako eraldaketa digitala; eta berrikuntza digitalizazioaren katalizatzaile gisa.

Epe laburreko ekintza gisa, aipatutako ekintzez gain, honako hauek nabarmentzen dira: toki-erakundeetako herritarren eta langileen gaitasun digitaletan trebatzea; 20.000 biztanletik beherako udalerrietako azpiegitura informatikoak Datuak Prozesatzeko Zentro (DPZ) batean zentralizatzea; kirol- eta kultura-instalazioetan presentzia eta edukiera kontrolatzeko sistemak ezartzea; zibersegurtasuneko gutxieneko politika argi eta komunen oinarrizko lerro bat ezartzea toki-erakunde guztientzat; 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeetan administrazio elektronikoko plataformak eta irtenbideak ezartzea eta hobetzea; toki-entitateen udal-errolda kudeatzeko sistemak modernizatzea Nafarroako Foru Erkidegoan; udalen web-orriak optimizatzea tresna interaktiboekin; edo herritarren parte-hartze digitalerako plataformak bultzatzea, besteak beste.

Era berean, gogoratu behar da azken urteotan Nafarroako Gobernuak Nafarroako udalerrien digitalizazioa aktiboki bultzatzeko ekintzak inplementatu dituela, azpiegitura teknologikoak hobetuz, konektagarritasuna erraztuz zuntz optikoa landaguneetan hedatuz (Nafarroako Banda Zabalaren Plan Zuzentzailea II 2021-2024); prozesu administratiboak automatizatuz eta herritarrei arreta telematikoa emanez, e-administrazioa edo administrazio elektronikoa deiturikoa.