Bilboko Udalak aste honetan hasiko ditu udal-igogailu publiko berri bat eraikitzeko lanak. Horren bidez, Santutxu auzoko (4. barrutia) Iturribide eta Fika kaleak lotuko dira.
Proiektuak 972.477,23 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne) eta zazpi hilabeteko egikaritze-epea du.
Irisgarritasun unibertsalarekiko konpromisoa betetzeko asmoz egingo ditu lan horiek udalak; hala, ibilbide irisgarri bat sortuko du Santutxu auzoko zonalde horren goiko eta beheko aldeen artean. Horiek horrela, elementu mekaniko bat jarriko da, zehazki, Iturribide kaleko 121. atariaren eta Fika kaleko 61. zenbakiaren arteko plazan. Gaur egun eskailera-sorta batekin ebatzitako desnibel handiko lekua da.
Elementu mekaniko berriak 9,81 metroko desnibela libratuko du, bi geraleku izango ditu eta egitura metalikozko nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, beira laminatuarekin estalia. Hamahiru pertsonentzako edukiera izango du.
Beheko eremua erabat berriztatuko da, gaur egun dagoen maila bikoitza ezabatu eta plataforma bakarra sortuko da. Ingurune horretan bi parterre berri jarriko dira, sasoiko loreekin. Halaber, bi banku zirkular eta frakzio desberdinetarako paperontziak jarriko dira.
Goiko lehorreratzea 13,74 metroko luzera duen metalezko pasabide baten gainean egingo da.
MUGIKORTASUN BERTIKALA
Bilbon, gaur egun, 72 igogailu publiko daude martxan. Kopuru horri gehitu beharko zaizkio, datorren urtean, gaur egun egiten ari diren zazpi jasogailu berriak. Fika eta Iturribide kaleak lotzen dituen igogailuaz gain, honako hauek eraikitzen ari dira:
- Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua;
- bi igogailu Zurbaranbarri auzoan;
- beste bat Urretxindorra ikastolaren ondoan, Miribilla eta San Adrian artean;
- bat gehiago Moncada kalean (Errekalde);
- eta azkena San Frantziskoko Harrobi plazaren eta Kontzesio kalearen artean.
Era berean, beste bi proiektu daude onartuta eta gauzatze-fasean: Boluetan, San Joakim auzoan, eta Masustegin, Lezeaga inguruan.
Guztira, 14 milioi euro inguruko inbertsioa egin da irisgarritasun unibertsalaren arloan, martxan dauden proiektu guztiak kontuan hartuta