Amaia Barredoren ustez, “positiboa EBk NPBren erreforma eta landa-garapenaren sustapena seihilekoko lehentasunen artean kokatzea”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “positiboa da Europar Batasunak, orain Polonia buru duenak, NPB erreformatzea, Itun Berdea arrazionalizatzea eta landa-garapena sustatzea seihilekoko lehentasunen artean kokatzea”.

“Joan den urtean Europa osoan geratu zen agerian Europar Batasuneko eta estatuetako nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren kudeaketa askoz hobea izan daitekeela. Gertutik jarraitu behar ditugu Europako Batzordearen eta Mercosurren arteko akordioak ematen dituen urratsak. Euskaditik belaunaldien arteko errelebo egoki eta ondo planifikatua egiteko helburua ezarri dugu bereziki”, adierazi du Barredok.

Egungo seihilekorako, Europar Batasunaren legegintzaldi berriko lehenengo seihileko osoa, Poloniako presidentetzak nekazaritza eta elikadura sartu ditu “segurtasuna” indartzeko ezinbesteko zazpi “dimentsioen” artean. Europar Batasunaren presidentetzaren ustez, garrantzitsua da lehentasunen artean “nekazariek balio-katean duten posizioa indartzea”, diru-sarrera egonkorrak eta ekoizpen “lehiakor eta erresilientea” izan ditzaten, europarrei elikagaien segurtasuna emateko”.

Amaia Barredok azpimarratu du beharrezkoa dela Arabako Errioxa bezalako eskualdeak eta txakolina eta sagardoa ekoizten duten zonaldeak garatzeko lan planifikatua, ikusten ari garen merkatu eta ohitura sozialen bilakaeraren aurrean”.

Seihileko honetan, Europar Batasuneko Kontseiluak eztabaida politikoari ekingo dio, 2028tik aurrera NPBren etorkizunari buruzko lehenengo proposamenak egiten laguntzeko, baina udara arte, behintzat, ez da testu irmorik izango; era berean, aurten hasiko dira 2028-2034 finantza-esparruari buruz hitz egiten ere. Espainiako estatua da NPBren hirugarren onuraduna, Frantziaren eta Alemaniaren atzetik.

Europako Batzordeak (EB) otsailean aurkeztuko du nekazaritzari eta elikadurari buruzko bere ikuspegia jasoko duen txosten bat, ekoizleekin, adituekin eta elikagai-kateko eragileekin egindako “Elkarrizketa Estrategikoan” oinarrituta. Presidentetzaren lehentasunen artean, aipatzekoa da, halaber, Europako Itun Berdearen helburuak eta exijentziak “arrazionalizatzeko” ideia -landa-eremuko azken protestak eragin zituena- eta NPBren arkitektura berdea, “ekoizleentzat onargarria”.

Landa-garapenaren arloan, Poloniako presidentetzak “landako lentea” deiturikoa, edo beste politika batzuek eremu horietan duten eragina egiaztatzeko mekanismoa, proposatzen du, finantza-esparru berriari begira gomendioak lortzeko eta demografiaren erronkaren aurrean hainbat laguntza emateko.

Elikadura-katea

Poloniako presidentetzak nekazarien negoziazio-boterea handitzeko proposamenak bultzatzen ditu, beste elikadura-katebegien aurrean; besteak beste, merkatuen antolaketa erkidea arautzea eta mugez gaindiko jardunbideak erregulatzea.  Seihileko honetan herrialdeen esperientziei buruzko eztabaida sustatuko du, elikadura-katean jardunbide desleialak ezabatzeko eta arlo horretako zuzentaraua berrikusteko.

Egutegiak barne hartzen du animalien ongizateari buruzko legedia berrikustea, bai abereen garraioan, bai txakurrena eta katuena arautzeko proposamen bati buruzko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren arteko negoziazioan. Alde horretatik, Poloniak aurrerapen zientifikoa eta teknologikoak kontuan hartzearen alde egin du, baina “EB barruan eta kanpoan lehia desitxuratu gabe”.