Euskal ekonomia %2 haziko da 2025ean

0

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, Maria Ubarretxena, urteko lehen Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan izan da bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarekin, Mikel Torreseki,n batera.

Ubarretxenak azaldu duenez, Lehendakariak gaurko Gobernu Kontseiluan hurrengo hilabeteetan Gobernuak garatu behar dituen lehentasun eta konpromisoak jakinarazi dizkie sailburuei: zerbitzu publikoak indartzea eta eraldaketa estrategikoak eta Euskadiren instituzionalizazio helburu dituzten proiektuak eta ekimenak lehenestea.

Lehendakariak, lehenengo kontseilu horretan, hurrengo sei hilabeteetan Gobernu Programan jasotako ekimenen eta konpromisoen %50, gutxienez, abian jartzeko konpromisoa hartu du.

Zerbitzu publikoen eremuan, bozeramaileak azpimarratu du Jaurlaritzak erabateko konpromisoa duela elkarrizketa eta elkar ulertzea bultzatzeko lankidetza esparruetan, hala nola Osasun Mahaian edo Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean.

Etxebizitza Foroa, urtarrilaren 22an bilduko da lehen aldiz eta Lehendakariak parte hartuko du bertan. Astebete geroago, hilaren 29an, Osasun Mahaia batzartuko da berriz.

Bozeramaileak azaldu du, beste helburuetako bat dela Euskadi Berria irudikatuko duten eraldaketak sustatzeko etorkizuna diseinatu eta etorkizunean inbertitzea. Gure herriaren eraldaketa digital, berde eta sozialari erantzuteko.

Ubarretxenak adierazi du, Lehendakariak lehentasunezko erronkatzat jo duela gazteen bizi-baldintzak hobetzea. «Gazteak dira gure etorkizuna, eta ahalegin hori zor diegu; euskal gazteei merezi dituzten aukerak bermatzea lehentasunezko helburu partekatua da» adierazi du bozeramaileak.

Lehendakariak zehaztutako beste erronketako bat da bozeramailearen esanetan, Gernikako Estatutua osorik betetzea.

«Konpromisoa dugu – adierazi du bozeramaileak – Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta lanean jarraitzen dugu buru belarri Bitariko Batzordean proposamen zehatzak aurkezteko «. Jaurlaritza, besteak beste, atzerritarrentzako lan-baimenen transferentzia ixten ari da eta lanean jarraitzen du Meteorologiako, Itsas Salbamenduko eta Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroari (CNVM) buruzko transferentzien gainean.

Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu du, halaber, Eusko Jaurlaritzak lan-bilera guztietan mahai gainean jarri duela eta jarriko duela Gizarte Segurantzari dagokion transferentzia. «Gure betebeharra da konpromisoak betetzea eta akordioetara iristea. Uste dugu posible dela eta, gainera, onuragarria izango dela bi aldeentzat «, gaineratu du prentsaurrekoan.

Azkenik, bozeramaileak adierazi duenez, Lehendakariak kezka azaldu du migrazio-gaiarekiko desadostasun eta konpromiso faltagatik.

Joan den urtarrilaren 2an, Kanarietako presidenteak eta lehendakariak gutun bateratu bat bidali zieten autonomia-erkidegoetako presidente guztiei, inoren kargura ez dauden adingabeei buruzko proposamen batekin.

Maria Ubarretxenak azaldu du Ceutak eta Amnistia International erakundeak proposamenarekiko interesa agertu dutela. «Gure asmoa  da– azaldu du – babesak gehitzen jarraitzea eta Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei akordioa zabaltzeko lan egitea, haren edukia ezagutarazteko eta laguntza gehiago lortzeko «.

 

Euskal ekonomiaren hazkundea eurogunearen gainetik

 

Torresek Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurreikuspen ekonomikoen berri eman du. Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomia %2 haziko dela aurreikusten du, eurogunearen gainetik, %1,3 baino ez baita haziko.

Hazkundea hiru ekoizpen-sektore nagusienen hazkundean oinarrituko da: zerbitzuen sektorea %2,1 haziko da, industria %1,4 eta eraikuntza %2,2. Zentzu horretan, Euskadin enpleguak %1,4 egingo du gora, eta langabezia-tasaren urteko batez bestekoak behera egitea eta %6,9an kokatzea aurreikusten da.

 

Larrialdi erradiologikoei buruzko akordioa

 

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako akordioen artean nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak larrialdi erradiologikoen arloan datozen lau urteetarako sinatutako lankidetza-hitzarmenaren luzapena.

Bozeramaileak jakinarazi duenez, hitzarmen honek «Larrialdi Erradiologikoko Euskal Plana» planifikatzeko, ezartzeko eta mantentzeko lankidetza azpimarratzen du, izan ere, bi erakundeen arteko elkarlana lehenesten du baliabideen eta esperientzia operatiboaren arloan.

Hitzarmenak aurreikusten duenez, larrialdi erradiologikoen kasuan, horien zuzendaritza eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada, «Larrialdi Erradiologikoko Euskal Plana» aktibatuko da, biztanleria babesteko egokitzat jotzen diren erantzun-neurriak hartuz. Ubarretxena bozeramaileak jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartuko dituela herritarrak babesteko neurriei buruz Kontseiluak egindako gomendioak; etengabe egongo dela harremanetan erakunde horrekin larrialdiak irauten duen bitartean eta jarduketak koordinatzeko behar den informazio guztia trukatuko dutela.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, berriz, arrisku erradiologikoa izan dezakeen edozein istripuren berri emango dio berehala Eusko Jaurlaritzari eta aholkuak emango dizkio salgai arriskutsuen Euskadiko Errepide eta Trenbide bidezko Garraioan gerta daitezkeen istripuetarako Larrialdi-Planaren zuzendariari edo Larrialdi Erradiologikoko Plan Autonomikoaren zuzendariari, larrialdiaren ondorioak arintzeko hartu beharko liratekeen babes-neurriei buruz.

Azkenik, eta Jaurlaritzaren bozeramaileak argitu duen moduan, Jarraipen Batzorde batek izango du hitzarmena garatu eta betetzeko ardura eta batzordea erakunde bakoitzeko hiru pertsonez osatuta egongo da. Euskadiren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak, zuzendaritza horretako plangintza-arduradunak eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzako Instalazio Erradioaktiboen Zerbitzuko arduradunak parte hartuko dute.