Euskalmeten arabera, abendua bustia eta beroa izan da

0
  • Urteko azken hilabetean pilatutako prezipitazioa ohikoa dena baino % 50 handiagoa izan da, kostaldeko eskualdeetan izan ezik.
  • Tenperaturari dagokionez, Arabako Lautadan batezbesteko tenperatura 6 ºC-koa izan da eta lurralde osoan ohikoa dena baino 0,8 ºC altuagoa.  

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 2024ko abendua bustia eta beroa izan da. Hilabetean zehar egin duen prezipitazioa ohikoa dena baino % 50 handiagoa izan da lurraldearen zati handi batean, kostaldeko eskualdeetan izan ezik. Arabako Lautadako batezbesteko tenperatura 6 ºC-koa izan da eta lurralde osoan ohikoa dena baino 0.8 ºC altuagoa.

Euskalmeten arabera, Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroarekin mugan, egin du euri gehien eta zenbait lekutan 400 l/m² baino gehiago pilatu dira (Eskas 438.4 l/m², Berastegi 390.2 l/m², Ameraun 381.9 l/m², Añarbe 387.8 l/m²  eta Bidania 372.7 l/m²). Hortik kanpo, isurialdeen arteko banalerroan (Otxandio 288.6 l/m², Gorbea 288 l/m², eta Zegama 258.2 l/m²) eta Kantauri bailaretako beste zenbait lekutan (Derio 299.4 l/m², Mallabia 282.9 l/m², Ibai Eder 280.6 l/m², Balmaseda 271.6 l/m² eta Arrasate 264 l/m²) egin du euri gehien.

Ohikoa den moduan, Ebro ondoko ardatzean egin du euri gutxien (Zambrana 57 l/m² eta Moreda 61.7 l/m²), baita Añanako eta Arabako Lautadako toki batzuetan ere (Espejo 86.7, Alegria 99.1 eta Arkauti 110.6). Kalifikazioarekin bat etorriz, prezipitazio-egunen kopurua batezbesteko klimatologikoaren gainetik ibili da.

Abenduko batezbesteko tenperaturari dagokionez, kostaldekoak 10-11 ºC inguruan ibili dira, Kantauri bailaretan 8-9 ºC inguruan eta Arabako Lautadan 6 ºC-ren bueltan. Lurralde osoan 0,8 ºC-ko anomalia positiboa izan da. Mende honi dagokionez, balio horiek tarteko posizioan daude,  2015eko eta 2022ko abendu beroetako balioak baino 2 ºC baxuago.

Tenperatura altuagorekin batera, intsolazioa batezbesteko klimatologikoa baino zertxobait handiagoa izan da, ekialdeko kostaldean izan ezik, bertan eguzki-orduen kopurua ohikoa dena baino txikiagoa izan baita. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 82 eguzki-ordu izan dira, Donostian 86 eta Gasteizen 84. Zerua garbi izan duten egunak hilaren 27tik aurrerakoak dira, eta ez lurralde osoan, itsas lanbroa eta behe-lainoa sortu izanaren ondorioz.

Muturreko egoerei dagokienez, abenduan Eusko Jaurlaritzak 4 alerta laranja igorri zituen (2 prezipitazio iraunkorragatik eta 2 olatuen altueragatik nabigaziorako), bai eta 28 abisu hori ere (3 prezipitazio iraunkorragatik, 5 elurragatik, 6 haizeagatik haizeguneetan, 2 haizeagatik haizeguneak ez diren tokietan, 5 olatuaren altueragatik nabigaziorako, 5 izotzagatik eta 2 ur-kolpe eta zipriztinengatik).