Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta Abanto Zierbenako alkate Iñaki Urrutia Gallartako hirigunean kokatutako Peñucas auzoan egiten ari diren birgaitze integraleko lanak eta hiri-berroneratzekoak bisitatu dituzte gaur. Proiektu horretan 15 ataritako 150 etxebizitzek hartzen dute parte; bertan, 13,2 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, eta auzoa eraldatzea du helburu, biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. Jarduketa aurtengo udazkenean amaitzea aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko 25 auzotan ari da lanean gaur egun, eta horietako bat da Peñucas.
Ekitaldian Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren sailburuorde Juan Carlos Abascal, Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendarako zuzendari berri Ana Telleria eta udal-ordezkariak ere izan dira. Bertan, Itxaso sailburuak jarduketa horrek Bizkaiko udalerrian duen garrantzia azpimarratu du. «Erakundeek pertsonen bizitza nola hobetu dezakegun erakusten duen adibide argia da proiektu hau», adierazi du. Izan ere, sailburuaren iritziz, «Peñucas birgaitzeak eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, hiri-ingurunea eraldatzen du, bizigarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin». Sailburuaren hitzetan, «gure konpromisoa da tokiko komunitateetan benetako inpaktua izango duen hiri-berroneratzearen aldeko apustua egiten jarraitzea».
Bestalde, Abanto Zierbenako alkate Iñaki Urrutia del Curak adierazi duenez, «proiektu hau aukera paregabea da ez bakarrik Peñucas auzoa hobetzeko, baita Abanto Zierbenako gainerako guneak ere». Halaber, aitortu duenez, «jarduketa honen bidez udalerriari kohesio sozial handiagoa emango diogu eraikitako etxebizitza eta gure auzoen egoera hobetzeko». Azken finean, bere iritziz «abantarren bizi-kalitatea hobetzeko beste urrats bat da».
Proiektuak 15 ataritan banatutako 150 etxebizitza birgaitzea aurreikusten du, inguratzaile termikoa eta irisgarritasuna nabarmen hobetuz. Eraikinen fatxadak Kanpoko Isolamendu Termikoko Sistema (SATE) batez estaltzen ari dira, jatorrizko estetika errespetatuz. Gainera, eraikinetan igogailuak jartzen ari dira, sarbide inklusiboagoak bermatzeko.
Aldi berean, hiri-berroneratze lanak egiten ari dira auzo barruan. Lan horien artean daude barruko espazioak oinezkoentzat prestatzea, haurrentzako jolas-guneak sortzea eta arrapala irisgarriak eraikitzea, auzoa beste eremu batzuekin lotzeko, hala nola Cotarrorekin. «Irisgarritasuna hobetzea eta espazio publikoak eraldatzea funtsezkoak dira komunitate kohesionatuagoak eta bizi-kalitate handiagokoak eraikitzeko», azaldu du Itxasok.
Peñucasen proiektuak ere gizarte-kohesioa sustatu nahi du, auzoarentzako enplegu-plan espezifikoen bidez eta bertan bizi diren adinekoak lekualdatzea saihesteko beste ekimen batzuen bidez.
Opengela eredua eta eragileen arteko lankidetza
Ekitaldian zehar, agintariek Hurbileko Bulegoa (Opengela) ere bisitatu dute. Bulego hori Meatzari etorbideko 9. zenbakian dago, eta funtsezko eginkizuna du ekintza horien koordinazioan eta bizilagunei birgaitze-prozesuan laguntzea. Ildo horretan, sailburuak azpimarratu du administrazioen eta bizilagunen arteko lankidetzak garrantzi handia duela horrelako esku-hartzeek arrakasta izan dezaten. «Peñucasen berroneratzeak erakusten du inplikatutako eragile guztien arteko lankidetzak nola bihur dezakeen proiektu bat pertsonei zuzenean mesede egingo dien errealitate», ziurtatu du Itxasok.
Lanek 13.283.803,00 euroko aurrekontua dute, guztira, hainbat iturriren bidez finantzatuta: Eusko Jaurlaritzak (6.277.803,00 euro), NextGenerationEU funtsak (4.367.953,61 euro), Abanto Zierbenako Udalak (630.000,00 euro) eta auzo-erkidegoek (2.008.000,00 euro) jarritako dirua. «Horrelako esku-hartzeak erakundeen eta erakunde horiek lanean ari garen 25 auzoetako bizilagunen arteko hitzarmenetik eta lankidetzatik abiatuta baino ez dira posible», azpimarratu du sailburuak.
Beste 3 jarduketa Ezkerraldean eta beste 9 Bizkaiko gainerako lekuetan
Peñucasez gain, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Ezkerraldeko eta Meatzaldeko beste hiru auzo eta Bizkaia osoko beste bederatzi auzo birgaitzen ari da. Guztira, 2.613 etxebizitza, 334 ataritan banatuta. Lehenengo multzoaren barruan daude Santurtziko Aurora Vildosolakoak (104 etxebizitza 13 ataritan), Sestaoko Grupo Vista Alegrekoak (93 etxebizitza 11 atarietan) eta Trapagarango San Andreskoak (70 etxebizitza 6 atarietan).
Bestalde, Bizkaiko gainerako lurraldean, Eusko Jaurlaritza honako auzo hauetan ari da lanean: Bilboko Otxarkoaga, Santutxu, Urizar dorrea eta Betolaza Uretamendi auzoetan (1.846 etxebizitza 255 ataritan), Bermeoko Txibitxiaga eta Iparragirre auzoetan (90 etxebizitza 8 ataritan), Durangoko Aramotz auzoan (130 etxebizitza 16 ataritan) eta Urduñako Landatas eta Maria Dolores Madarias auzoetan (130 etxebizitza 10 ataritan).
Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren Hiri Agendaren politika Euskal Autonomia Erkidegoko hirien eta udalerrien garapen jasangarri eta orekatua sustatzean oinarritzen dela, auzo degradatuen birgaitzean eta berroneratzean arreta berezia jarriz. Ikuspegi horren helburua bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea da, etxebizitzak berrituz, hiri-azpiegiturak hobetuz eta espazio publiko irisgarriagoak eta jasangarriagoak sortuz. Gainera, kohesio soziala eta inklusioa lehenesten dira, herritarren parte-hartzea eta integrazio komunitarioa sustatzen dituzten programak bultzatuz, eta, aldi berean, energia-efizientzia eta klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzen dira hirigintzako esku-hartzeetan.