Eusko Jaurlaritzak 77 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Enplegu Zentro Berezietan lanpostuak mantendu eta sortzeko

0

Mikel Torres Lehendakariordeak adierazi du zentro horiek lan egonkortasuna eta segurtasun emozionala eskaintzen dietela desgaitasuna duten 11.000 langileri

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 77 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu aurten Euskadiko Enplegu Zentro Berezietan lanpostuak mantendu eta sortzeko. Laguntza horien helburua da desgaitasuna duten eta zentro horietan kontratatuta dauden 11.000 pertsonaren soldata kostuak finantzatzea.

Hala iragarri du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Santurtziko Ranzari tailerrera egindako bisitan. Torresek zentro horien garrantzia azpimarratu du, «behar duten pertsona askori lan egonkortasuna eskaintzen dietelako eta askotan beste lan ingurune batzuetan aurkituko ez luketen segurtasun emozionala ematen dietelako».

Gaur egun, 91 zentro daude inskribatuta, Lanbideren dirulaguntza jasotzen dutenak eta desgaitasuna duten 11.000 pertsona kontratatzen dituztenak. Era berean, Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen ditu Jarduerari Laguntzeko 45 Unitate, Laguntza Unitate horien erabiltzaile diren urritasun handiko 5.100 pertsona eta enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzak jasotzen dituzten 15 Enplegu Zentro Berezi.

Ildo horretan, hiru laguntza lerro daude: enplegu egonkorra sortzen duten inbertsioetarako dirulaguntza, milioi bat eurokoa; lanbide-jarduerari laguntzeko unitateetarako laguntza, 5,5 milioikoa; eta 71,7 milioi euroko dirulaguntza, lanpostuak mantentzeko.

Ranzari lantegia

Ranzarira egindako bisitan, Marijose Blanco Portugaleteko alkate eta Ranzari Udal Mankomunitateko presidentea, Karmele Tubilla Santurtziko alkatea eta Naiara Zamalloa bi udalerriek osatutako mankomunitateko gerentea izan dira.

Ranzarik 213.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza jaso zuen iaz Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren partetik, lanbide jarduerari laguntzeko unitatea izateagatik, eta 49.200 euro enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzengatik.

Torres Lehendakariordea pozik agertu da 1987an abian jarritako Ranzarik «bere printzipioei leial» jarraitzen diela eta «desgaitasun psikikoa duten pertsonen gizarteratzearen eta laneratzearen alde lanean» jarraitzen duela egiaztatu ondoren. Gaur egun, lantegi honek 196 langile ditu, eta aurten ia 1,3 milioi euroko dirulaguntza jasoko du enplegua mantentzeko. «Laguntza horri esker, zentroak bere jarduera ekonomikoarekin jarraitu ahal izango du», gaineratu du.

Ranzari tailerrak arte grafikoen, papera eta kartoia manipulatzeko jardueren, diseinuaren, lorezaintzaren kontserbazioaren eta mantentze-lanen, garbitegiaren, garbiketa industrialaren eta dokumentuen digitalizazioaren sektorean ematen ditu zerbitzuak.