Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Val «Etxebizitza, ongizate-estatuaren bosgarren zutabea» foroan parte hartu dute gaur. Foro hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak antolatu du Madrilgo Tren Museoan. Ekitaldiak Isabel Rodríguez ministroa buru izan du eta Gobernuko presidente Pedro Sanchezek itxi du. Ekitaldi hori etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatzeko erronkei eta estrategiei buruzko hausnarketarako gune izan da.
Bizitegi-alokairuaren erregulazioari eta mobilizazioari buruzko mahai-inguru batean egindako hitzaldian, Valek, Alokabide euskal sozietate publikoaren buru gisa izan duen esperientzia partekatu du. Hala Euskal Autonomia Erkidegoan Bizigune («programa aurrerakoia») bezalako programa berritzaileei esker lortutako aurrerapenak azpimarratu ditu eta egungo testuinguru sozioekonomikoak planteatzen dituen erronkak nabarmendu ditu. “Etxebizitza duinerako eskubidea bermatzeko, bizitegi-alokairuaren erregulazioak etxebizitza hutsen mobilizazioaren eskutik joan behar du», adierazi du.
«Guztiaren erdian pertsonak daude»
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako etxebizitza-politiken ikuspegi sozialari balioa emanez ireki du bere hitzaldia Valek. «Alokabiden uste dugu, etxebizitza izateko eskubidea ezinbesteko beharra dela gizakiarentzat, funtsezko beste eskubide batzuez gozatzea baldintzatzen duelako, hala nola enplegua izatea, zerbitzu publikoak eskuratzea, gure seme-alabak eskolatzea edo kulturaz gozatzea», adierazi du.
Ildo horretan, 2015eko EAEko Etxebizitzaren Legea nabarmendu du, lege-esparru aitzindari gisa, inspirazio-iturri izan baita 2023ko Estatuko legerako. “Alokairuko etxebizitza babestuaren eredu baten aldeko apustu irmoa egin dugu, justizia sozialaren ikuspegitik horrek baitu benetan zentzua. Politika horrek Denis Itxaso buru duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak alokairu seguru eta bermedunarekiko duen konpromisoa islatzen du», azaldu du Alokabideko zuzendari nagusiak.
Bizigune: etxebizitza hutsak mobilizatzeko eredu berritzailea
Era berean, Valek bere hitzaldiaren zati handi bat Bizigune programak Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu sozialeko politikan funtsezko tresna gisa duen zeregina nabarmentzera bideratu du. «Biziguneren helburua oso sinplea da: alokairu sozialerako ahalik eta etxebizitza huts gehien erakartzea eta, horrela, merkatu librean alokatzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei etxebizitza duina eskuratzea bermatzea», adierazi du.
Gaur egun, programak 7.375 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu, eta jabeei bermeak eskaintzen dizkie, hala nola errenten ordainketa puntuala, arrisku anitzeko aseguruak eta etxeak eraberritzeko eta egokitzeko laguntza. Hori guztia Alokabidek kudeatzen du oso-osorik. «Formula hori sozialki errentagarria da, baliabide ez-aktibo bat merkatuarena baino kostu txikiagoan mobilizatzen duelako, eta ingurumenaren aldetik jasangarria da, lurzoruaren kontsumoa —Euskal Autonomia Erkidegoan baliabide urria— saihesten duelako», gaineratu du.
Lankidetza eta estrategia berriak etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Valek Udalekin batera lan egitearen garrantzia azpimarratu du, etxebizitzen erakarpena handitzeko eta alokairu eskuragarriaren eskaera gero eta handiagoari erantzungo dioten formula berritzaileak aztertzeko. «Udalerriekin lankidetza funtsezkoa da, herritarrengandik gertu egoteak etxebizitza huts gehiago identifikatzea eta mobilizatzea ahalbidetzen duelako», adierazi du. Gainera, «eskura dauden neurriak eta baliabideak dibertsifikatzen jarraitu behar dugu, birgaitzearen, etxebizitza babestuaren sustapenaren eta sektoreko eragile guztiak inplikatzen dituzten baterako partaidetzarako moduen alde eginez».
Aurrekontuei dagokienez, Valek nabarmendu du 2025ean 41 milioi euro bideratuko direla Bizigunera, eta programa horrek, bizitegi-beharrei erantzuteaz gain, eragin positiboa duela ekonomia suspertzeko. «Bizigunek egoera txarrean dauden etxebizitzak berreskuratzeko aukera ematen du, eraikuntza eta zerbitzuak bezalako sektoreak suspertuz, eta pertsona ahulenentzat gutxieneko erosotasuna eta bizi-kalitatea bermatzen laguntzen du», aitortu du Alokabideko zuzendari nagusiak.
Konpromiso eraldatzailea
Hitzaldiari amaiera emanez, Valek etxebizitzaren sektoreak dituen erronkei eta bere kudeaketan lanean ari direnek duten erantzukizunari buruzko hausnarketa egin du. «Badakigu aurrean ditugun zereginak eta bidean topatuko ditugun zailtasunak handiak direla, baina gure konpromisoa irmoa da. Pertsona askoren bizi-baldintzak egiten dugunaren edo egiten ez dugunaren araberakoak dira. Horregatik, Alokabiden uste dugu konpromisoa ez dela hitz bat soilik, ekintza, aldaketa eta ikaskuntza sortzen dituen ekintza bat baizik «.
Adierazpen horiekin, Valek berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak eta Alokabidek justizia sozialean, jasangarritasunean eta ekitatean oinarritutako etxebizitza-sistema bat eraikitzeko duten konpromisoa, Estatuko alokairu-politika publikoaren erreferente gisa sendotuz.