Espainiako Gazteriaren Kontseiluko Emantzipazioaren Behatokiaren 2024ko lehenengo seihilekoari buruzko balantze orokorrari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri diren datuen eta Gazteen Euskal Behatokiak hainbat esparrutan eguneratzen dituen datuen artean dauden alde nagusiak argitu ditu. Orokorrean, Gazteen Euskal Behatokiaren iturriak osoagoak direla esan daiteke.
Emantzipazio-tasari dagokionez, Gazteen Euskal Behatokiak % 17,8an kokatu du iazko hirugarren hiruhilekoan. Izan ere, hirugarren hiruhileko horretan hiru puntutik gora hobetu da emantzipazioaren egoera Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren txostenerako erreferentzia gisa baliatu den bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Gazteen Euskal Behatokiak, Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) Biztanleria Aktiboaren Inkestako (BAI) mikrodatuetan oinarrituta, kalkulatutakoaren arabera, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen 2024ko hiruhilekoko tasak izango lirateke % 16,1 lehenengo hiruhilekoan, % 14,3 bigarren hiruhilekoan, Espainiako Gazteriaren Kontseiluan txostenak jasotzen duen bezala, eta % 17,8 hirugarren hiruhilekoan. Oraindik ez dago laugarren hiruhilekoko daturik.
Hala ere, Gazteen Euskal Behatokiak argitaratzen duen emantzipazio-tasa iturri berarekin kalkulatzen da, baina 18 urtetik aurrera eta urtean behin. Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) hiruhilekoko datuak ematen ditu, baina hiruhilekoko aldakortasuna saihesteko, handia izaten baita, Behatokiaren ustez egokiagoa da urteko tasa kalkulatzea.
Langabezia-tasa kalkulatzeko orduan, iturriak desberdinak dira. Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren lanak Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI) hartzen du iturritzat, eta Euskal Behatokiak Eustaten, Euskal Estatistika Erakundearen, Biztanleria Jardueraren arabera sailkatzeko inkesta (BJA), eta bertan Euskadiko inkestatuen eremua zabalagoa da.
Aldea hain da handia, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren txostenak azpimarratzen du langabeziak gora egin duela 2023ko bigarren hiruhilekotik 2024ko bigarren hiruhilekora, eta BAJren datuek puntu bateko jaitsiera erakusten du, % 12,7tik % 11,7ra.
Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren iturri bera erabilita ere, hurrengo hiruhilekoko hobekuntza nabarmendu behar da. Biztanleria Aktiboaren Inkestako (BAI) mikrodatuetan oinarrituta, 2024ko hirugarren hiruhilekoari dagokion langabezia-tasa, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, eskuragarri dagoen azkena izanik, % 16,3koa litzateke, eta horrek erakusten du 1,6 puntuko hobekuntza izan dela bigarren hiruhilekoko datuekin alderatuta.
Soldatei dagokienez, Gazteen Euskal Behatokiak batez besteko soldatak aztertzen ditu eta Espainiako Gazteriaren Kontseiluak, aldiz, soldata ertainak, eta datu desberdinak ematen dituzte, beraz. Gainera, kalkulu horrek hainbat datu-base konbinatzea eskatzen du, eta metodologia desberdinekin egin daiteke. Eta iturriak antzekoak diren arren, Gazteen Euskal Behatokiak Eustaten Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistika ere sartu du.
Era berean, Espainiako Gazteriaren Kontseiluak soldatei buruz 16 urtetik aurrerako datuak ematen ditu, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren mende dagoen Behatokiak 18 urtetik aurrerako datuak ematen ditu, etxebizitza eskuratzeko kostuari edo etxebizitza-premiari buruzko gainerako datuen kasuan bezala. Inguruabar horien guztien ondorioz, Gazteen Euskal Behatokiak jasotzen dituen soldatak handiagoak dira.
Azkenik, Espainiako Gazteriaren Kontseiluak etxebizitza eskuratzeko kostu handiagoak aurkezten ditu Euskadiren kasuan. Alde batetik, soldata txikiagoetatik abiatzen dira eta, bestetik, etxebizitzen prezio handiagoetatik.
Jabetzako etxebizitzaren kasuan, Espainiako Gazteriaren Kontseiluak 100 metro koadro eraikiko etxebizitzari aplikatutako batez besteko tasazio-balioa erabiltzen du prezioaren iturri gisa (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak argitaratutako datuetan oinarrituta), eta Gazteen Euskal Behatokiak erreferentziako aldian erositako etxebizitzen eskritura-prezioa erabiltzen du, Notarioen Elkargo Nagusiak argitaratutako datuetan oinarrituta.
Alokairuaren kasuan, Espainiako Gazteriaren Kontseiluak higiezinen web batek argitaratzen duen 80 metro koadro eraikiko alokairuko etxebizitzen eskaintzen batez besteko prezioa hartzen du kontuan. Gazteen Euskal Behatokiak, bestalde, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Alokairu Merkatuaren Estatistika (AME) erabiltzen du. Estatistika horrek Eusko Jaurlaritzan erregistratuta dauden eta alokairu-kontratuei dagozkien fidantzen zenbatekoei buruzko datuak jasotzen ditu. Estatistika horrek balio baxuak ematen ditu, baina iturri ofiziala eta egonkorra da web atari batean agertzen diren prezioen aldean.
Ondorio gisa, Gazteen Euskal Behatokiak, ahal den neurrian, Eustaten datuak erabiltzen ditu: BJA enplegu-adierazleetarako iturri gisa, eta Errenta Pertsonal eta Familiarraren Estatistika soldatetarako (beste iturri batzuen artean) eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko EMAL, alokairua eskuratzeko kostua kalkulatzeko. Iturri horiek guztiak egokiagoak dira Euskadiko errealitatea aztertzeko.
Gainera, Euskal Behatokiak enplegurako edo emantzipaziorako urteko datuak erabiltzea erabaki du, hiruhilekoko aldakortasun oso handia saihesteko.