Nafarroako Lehendakaria María Chivite Navascuesek Industriaren Legea aipatu du, Enplegu Plan berria gisa eta errenta ertain eta baxuen zerga-kargaren murrizketa 2025erako gobernuaren helburuen artean. Enpleguaren eta industria-hazkundearen adierazle onak oinarri sendoa dira ongizateko helburu kolektiboak lortzeko.
Foru Gobernuko arduradunak agerraldia egin du parlamentuaren Kontroleko urteko lehen Osoko Bilkuran, eta bere esku-hartzean gogorarazi du 2024aren amaieran aurreko urtean baino 4.600 pertsona gehiagok egin zutela lan Nafarroan; horietatik 85.000 industria sektorean, hau da, kopuru errekorra. Halaber, industria-produkzioa % 10,5 hazi da urtebetean. Bere kontakizuna datu gehiagotan oinarritu da: Nafarroa da zorpetze-maila txikiena duen erkidegoa eta hirugarrena eskualdeko lehiakortasunean; 2024an 900 enpresa inguru sortu ziren eta 100 desegin ziren.
Datuak eta kontakizuna
“Badira gobernu honi Lurreko gaitz guztiak leporatu nahi dizkiotenak, baina enpresa batzuetan bizi diren egoera korapilatsuak saihestu gabe, zintzoak izan behar dugu gertaeren azterketan” adierazi du Lehendakariak. Honekin batera, Gobernuak BSH edo Sunsundegui bezalako enpresen zailtasunak konpontzeko abian arritako ardura eta zeregina azpimarratu ditu.
Lehendakariak berretsi du Exekutiboak konpromisoa duela “konponbideetan lan egiteko, gure gaitasun guztiak hedatzeko, ez bakarrik egoera horiei erantzuteko, dagoeneko badauden proiektuak finkatzeko eta beste batzuk erakartzeko”, esan du. Azken horrekin lotuta, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroarekin bezperan izandako bilera ekarri du gogora. Bertan, lehendakariak Nafarroak betetzen dituen baldintzak azaldu zituen, teknologia-sektoreko gure enpresa-proiektuak kokatzeko lekurik onena dela esanez.
Chivite Lehendakariak, bere hitzaldian, Foru Gobernuak dituen berehalako erronkak aipatu ditu. Besteak beste, honako hauek onartzea: industriaren legea, sektorearen eraldaketa digitala eta berdea laguntzeko; berrikuntza babestea, 2025erako zerga-neurrien ondorio gisa; errenta ertain eta baxuetarako zerga-karga jaistea hurrengo ekitaldietan, “egungo testuingurura egokituz”; eta enpresen fiskalitatea aztertzea; Enplegu Plan berri bat sinatzea eta azpiegituretan aurrera egitea, esaterako Nafarroako Ubidean edo abiadura handian.
Dinamismoaren eta ekoizpen eraldaketaren zerbitzura, Chivitek Gobernuak dituen tresnak gogorarazi ditu, besteak beste, Inbertsio Institutua (INI) eta Sodena.